Pertsonak eta enplegua oinarri, geroaren alde borrokan

2014ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Listo, sustoa pasatu da, krisia pasatu da, hazkundea heldu da, dio Eusko Jaurlaritzak. Eskerrak gobernuei, eskerrak erreformei, hemendik aurrera enplegua sortuko delako eta denon artean berreskuratuko dugulako krisi gaiztoak kendu digun bizi kalitatea. Hori da behin eta berriz gobernu ezberdinek eta medio nagusiek errepikatzen dutena. Konfiantza, lasaitasuna eta gobernu ekimenei babesa ematea eskatzen da.

Aurrekontuak ikusita, aurreko aurrekontuen logika errepikatzen dutela ikusita, ematen du ez dagoela emergentzia egoerarik, ez dagoela pobrezia neutralizatzeko erabaki politikorik hartu beharrik. Aurrekontuak ikusita edo dena konponduta edo dena konpontzear dago, baina ez dago arazorik.

Eusko Jaurlaritzaren ahotan arazo bakarra da ez dugula egoera berria ikusi nahi. Betiko lez, badirudi nahiago dugula pankarta baten atzean zarata egiten ibili. Pankarta baten atzean ez dugulako erantzukizunik bereganatu behar. Are gehiago, diote normaltasun eta hobekuntza hori irudikatzeko eta bultzatzeko markoak eratzen direnean, kanpoan geratzen garela erosoago gaudelako. Eskerrak, beraz, CCOO etaUGTri, eskerrak PNVri, eta bereziki eskerrak Confebaski herriari egiten dion ekarpenagatik.

Baina hau bukatu da? Noiz bukatu da? Non bukatu da? Negurin beharbada, baina gure herrian lanpostuen suntsiketa aurrera doa, eta lana dutenen artean lanpostua galtzeko beldurrak agintzen du. Gure herria lanpostu bila ditugun seme-alabek ere osatzen dute; beraz, hau guztia ez da normala. Eta horregatik ez gaude prest langileei gezurrak esateko. Ez da egia Elkarrizketa Sozial deritzon mahai baten inguruan langileok posizioa hobetzeko baldintzetan gaudenik Gobernu eta patronal horren jarrerekin. Kasualitatea ez da mahaia erreforma zikloa eta enplegu suntsiketa onartzen dutenek osatzea.

Beraz, guk, langileok, eta lanpostu bila gabiltzanok ez dugu hobekuntzaren argazki horren inongo argi izpirik ikusten. Gure inguruan enpresa handi eta txikiak ixten jarraitzen dute. Gobernuak, herria industriala izan behar dela badio ere, betiko industria ixten jarraitzen du, eta industriaren pisua ekonomian, azken 30 urteetan bezala, behera doa. Batzuetan deslokalizazioengatik, beste batzuetan energia kostuengatik edota finantzazioa lortzen ez dutelako, enpresak ixten jarraitzen dute. Denon aurrean. Baita Urkullu, Aburto eta Tapiaren aurrean ere.

Teknologian, inbertsioan oinarritutako industria behar dugula esan bai, baina ez da inbertsio eta balio erantsiari begirako inpultso politikorik ikusten. Dibidenduaren logikak agintzen du. Kapital handiak agintzen du. Gutxi batzuen epe motzeko irabazien espektatibek agintzen dute. Ez da enplegua sortuko enplegua suntsitzeko ate guztiak irekita dauden bitartean.

Gaur egun Euskal Erkidegoan eta estatuan egiten den apustu ekonomikoa berdina da. Bietan lan kostuen merkatze prozesu iraunkor batean oinarritutako eskaintza ekonomikoa egiten da. Bietan euskal langileriari bizkarra ematen dion apustua egiten da. Lan kostuak agintzen du.

Abenduaren 20an hainbat langilek urtea agurtuko dugu enpleguaren eta sare produktiboaren alde mobilizatzen. Bizi proiektu duin baten alde borrokatzen. Gasteizeko kaleetatik LAB, ELA eta ESK-k deituta, konfliktoan dauden hainbat enpresatako langile enplegua babesten eta sustatzen duen politika industrial erreal baten alde mobilizatuko gara. Asko dugulako esateko, asko dagoelako egiteko.

Candyko langileentzat negoziazio epea bukatzear dago, eta enpresak deslokalizatuko dela jarraitzen du esaten. Gasteizeko ECN Cables bezala, multinazional biek harro adierazten dute gehiago irabazi nahi dutela eta horretarako badoazela. TS Fundicioneseko langile asko langabezian daude, baina beraien enpresa berriro ere irekitzeko eta enplegua sortzeko borrokan jarraitzen dute. Laminaciones Arreguikoek epaitegietan irabazitako ebazpen bat dute enpresa behartzen duena espedientea bertan behera uztera eta langileak berrartzera. Hori da langileek bizi duten benetako errealitatea, eta horregatik irten nahi dute kalera. Berriro ere diogu: asko dago egiteko.

Abenduaren 20an enpresa horietako langileak gatazkan dauden beste askotakoekin batera mobilizatuko gara Gasteizen, bai multinazional basatiek eta bai gobernu neoliberalek inposatu nahi diguten enplegu suntsiketa egoerari aurre egiteko. Elkarrekin mobilizatzeko arrazoi bakarra behar dugu: kalerapenik ez eta alternatiban sinistea, alternatiba borrokatzeko hautua egitea.

LAB, ELA eta ESK-k osatzen dugu gehiengoa enpresa multzo horren komiteetan. Gure sail sindikal ezberdinek bermatzen dute ez zaiola enplegu suntsiketari babesa emango. Gure sail sindikalek bermatzen dute borrokan eta alternatiban sinisten duten langile guztientzako borroka eskaintza bat, kalerapenei aurre egiteko bide bat.

Tapia sailburuak esan du Candy bideragarria dela, ECNk ez duela deslokalizatzeko arrazoirik... Orduan, zergatik eskatzen die gobernuak langileei kalte-ordainak adosteko? Enplegua eta industria suntsitzen laguntzeko? Hori da agintari politikoen kategoria herriak bizi duen egoeraren aurrean, errealitatea estali kapitalak nahi duena egiteko.

Abenduaren 20an alternatiban sinisten duen langile, ikasle, langabe eta erretiratu guztiok Gasteizen zita bat daukagu. Emakume zein gizon, gazte eta zahar, enpleguaren alde, benetako politika industrial baten alde, herriaren alde zita bat daukagu Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.