Mikel Irizar.

Perpinyà eta Cornellà

2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun

Perpinyà. Ikusgarria izan zen president exiliatuari egin zitzaion harrera: errepidea lepo, hiria eta ekitaldiaren gunea bezala. Lagun katalanekin hurbildu ginen bertara, independentzia zale aktiboak denak ere. Haiek, eta uste dut bertaratutako gehienak, ez zeuden han sigla baten alde, baizik eta indarrez erbesteratutako agintari gorenari aitortza eta upada egiteko.

Nabarmena izan zen Ponsatiren salaketa gobernu arteko negoziazio mahaiari buruz; eta Puigdemonten isiltasuna, esanguratsua. Hala ere, puztu egin da Junquerasi jotako txistuena. Agerikoa da, bai, independentziazale asko haserre dagoela ERCren pragmatismo erradikalarekin, eta ekitaldian batzuek hori adierazi nahi izan zuten; baina protesta ez zen nagusitu, jende gehienak ez zuen zatiketa azaleratzeko gogorik. Independentzia nahi dute, eta prest daude lanerako. Horregatik izan zen oso egokia Puigdemonten mezua: «Gogorra izango da, prestatu beharrean gaude!».

Cornellà. ERC eta CUP saiatu ziren Perpinyàkoari balioa kentzen, argudiatuz soilik Junts Per Catalunya espazioaren ekitaldi bat izan zela, hauteskundeei begirakoa. Errepublikanoek ordezkaritza ez gorena bidali zuten, eta cupaireen aldetik Poble Lliureko kritikoak egon ziren, hauek eroso.

ERCk eskura du politika katalanean hegemonia lortzea; baina, hain zuzen, Puigdemont dute gainditu beharreko oztopoa eta, alderdi ikuspegitik, ez zaie komeni president-ak protagonismoa hartzea, are gutxiago irudi instituzional indartsuarekin. Horregatik, Rufian errepublikanoak bota zuen Perpinyàn baino Cornellàn lortu behar dela jendearen txaloa, ohikoa duen estilo harroarekin. Eta saiatu dira Torra estutzen, galdetuz ea berarentzat ere negoziazio mahaia iruzurra den ala ez, Ponsatík esan bezala. Bitxia izan da geroztik Marta Rovira alderdiburu exiliatuak nola aitortu duen berarentzat ere mahaia iruzurra izan daitekeela.

Eta CUPek une delikatua bizi du. Oso erradikala izan da barne gobernantzaren ereduan, bere bozeramaile eta hautetsiei oso epe motzeko agintaldiak jarrita, eta horrek deskapitalizatu egin du taldea, estrategia sendo eta jarraitua oztopatuz. Berrikusten ari dira puntu hau, beste askoren artean, eta seguruenik oso ona litzaieke David Fernandez edota Anna Gabrielen moduko lider ausartak berriro gidari jartzea. Hori zioten nire lagunen arteko CUP zaleenek.

Terradelles. Gure taldearen epizentroa ez zen ez Perpinyà eta ez Cornellà, baizik eta Terradelles, Pla de l'Estany eskualde gironarreko herri txikitxoa, Vilademuls udalerri subiranistaren parte. Hala ere, taldearen parte bat bizi da Castellar del Vallès herrian, zeinetan unionistak nagusitzen baitira, alde handiz ez bada ere. Guztiak dira independentziazaleak, noski; horregatik joan ginen Perpinyàra. Handik bueltan, afalorduan, luze hitz egin genuen bizi izandakoaz, eta orduko oihartzunekin ari naiz idazten analisi hau.

Uste dut independentismo katalana ez dagoela alderdietan, baizik eta gizartearen zati handi batean. Independentzia nahi dutenek alderdiak behar dituzte, noski, prozesuaren alde formalenak gauzatzeko; baina gero eta gutxiago dago jendea alderdien zain aurrera egiteko; gurdiaren aurrean jartzen ari dira berriro. Eta posizio horretatik ikusten da prozesuak biak behar dituela, bai Perpinyà eta bai Cornellà.

Behar dute Generalitatea lurraldea kontrolatzeko eta eguneroko kudeaketari erantzuteko, jakinda horrek suposatzen duela Espainiako legediaren eta epaileen menpe jokatzea. Gainera, Espainian estatuaren bestelako formulazio bat posible den antzemateko aspaldiko egokierarik onena dago: bere burua progresistatzat duen gobernua, eta boto independentistaren konplizitatea behar duena gobernatzeko. Hori da, hain zuzen, Esquerra baliatzen ari den aukera gobernuen arteko negoziazio mahaiarekin, estatuaren mugak non dauden antzemateko. Eta, kritika ozenak egiten zaizkion arren, hauteskundeetan babes handia jasotzen duen estrategia da.

Horrekin batera, ordea, Kataluniak behar du errepublika eraikitzen joateko lanketa: alderdien eta gizarte eragileen estrategia bateratua lantzeko foroak, nazioarteko harremanak, esparrukako lanketa teknikoak, borroka juridikoa gidatzeko eta indar metaketa pentsatzeko guneak... Eta hori soilik Espainiako marko juridikotik kanpo garatu daiteke. Horretarako sortu zen Consell per la República delakoa, independentzia aldarrikatzen duten guztien zeharkako erakunde gisa, Puigdemont president-a gidari duela. Susmo artean sortu zen, baina uste dut Perpinyàkoaren ondoren argiago dagoela kontseilu horren eginkizuna eta premia.

Kontua da, beraz, negoziazioa eta konfrontazioa, biak behar dituela Kataluniako prozesuak, aurrera egingo badu. Tentsioa dago estrategia bakoitzaren sustatzaileek prozesuaren gidaritza nahi dutelako; baina hori laster argituko da, hauteskundeak medio. Behin indar erlazioa ezarrita, herri dinamikak eraikiko ditu zubiak eta zeharkako esparruak, bi erreietan lan egin dadin helburu beraren alde, berdin Perpinyàn, Cornellàn zein Terradellesen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.