Pepe Rei

2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Zaila da bihotzez idaztea. Bat-batean, hainbat sentimendu, emozio, oroitzapen eta oroi-min jabetzen dira pentsamenduaz, guztiek aldi berean hitz egin nahirik, eta hori are zailagoa da Pepe Reiz idatzi behar izanez gero.

Arratsalde batez izan zen, 2002ko abuztuaren 19an; nire lurrean nengoen, Kanaria Handian, Rodriguez Galindoren aspaldiko ezagun baten atzetik joanda: gutxienez hura bezain ospetsua zen Luis Astiazaran Iraolaren atzetik, zeina ezagun egiten hasia baitzen uhartearen hegoaldean, ondotik arrastoa utzirik, bere zigilu bakar bezain nahasezin hori: Intxaurrondo jatorri izena. Sakelakoak jo zuen: Pepe zen; hura beti lan eta lan. Kale Gorria-ko hainbat gai izan genituen hizpide, eta uharteetan kontuak zer-nola zihoazen, beti baitzegoen beretarrei adi. Biharamun goizean, haren bikotekidearen dei bat izan nuen; kontatu zidan Pepek auto istripu bat izan zuela eta jakin nahi zuela bezperan arratsaldeko zer ordutan hitz egin nuen harekin. Oso kolpe gogorra izan zen.

Hamar urte igaro dira ordutik, eta, behartuta erretiraturik dagoen arren, gogoan daukat oraindik ere La Red Galindo (Galindo sarea), Garzón, la otra cara (Garzon, beste aldea), Intxaurrondo, la trama verde (Intxaurrondo, trama berdea) eta El Jesuita (Jesuita) liburuen aita. Haren lanak, ondareak, egitekoak lehen eta gero bat ezarri dute Euskal Herriaren oraindik oraingo historian eta ikerketa kazetaritzan. Egin Investigación, Ardi Beltza, Kale Gorria zituela bitarteko, gizon hark erronka jo zion Espainiako Estatuari, estutasunean jartzeraino, eta kontu asko erakutsi eta lezio ugari eman zizkigun. Esate baterako, eta ia garrantzitsuena, posible dela Estatu Terrorismoa desegitea ausardia, adimena, irmotasuna, teklatu bat eta zintzotasun ezinago handia baliatuta. Eta beste kontu bat, ez garrantzi txikiagokoa, aurrekoaren eskutik doana, eta ikerketa kazetari batek egin beharrekoa definitzen duten bi hitz magikori erreferentzia egiten diona: ikergaia detektatzea eta deskribatzea; ez gehiago eta ez gutxiago... Balorazioetarako, apaizak, igarleak, telebistako predikariak eta tertuliakideak daude. Erraza eta agerikoa dirudi, baina ez da hala. Pepiño-k beste inork baino hobeto egiten zuen hori.

Kazetari zitala bere lanbideko matematikaria zen. Informazio ugari erabili ohi zuen, filtratu eta haztatu egiten zuen, eta faktore askotarikoen arabera aztertzen, haren inguruko osagai eta dimentsio guztiekin ekuazio bat osatzeraino. Hartan kontu ezezagunen bat argitzeke geratzen baldin bazen, formula egoki bat aurkitzen zion... halako dohain natural bat zuen; hori bai, lan eta lan arituz landutako ofizio batek elikatua. Egunen batean algoritmo bat sortuko balitz ustelkeriari antzeman ahal izateko politikan eta polizien eta epaileen artean, haren izena izan beharko luke. Horrek guztiak eta are gehiagok ekarri zuen gizon hari beldurra izatea, gizon hura gorrotatzea, esestea, kartzelatzea eta kriminalizatzea boterearen maitale betierekoek—beren zaborraz elikatzen direnek—, eta, batik bat, hari inbidia izatea lanbideko kide zituenek, sekula ez baitizkiote barkatu bi kontu: sekula ez saldu izana bere burua eta sekula ez traizio egin izana egiari.

Absentzia batzuek hutsune arriskutsuak sortzen dituzte. Horiek dakarte, berriz, iturginak izatea Estatuan, sarraskijaleak elkarrekin bizi ahal izatea Gasteizko, Madrilgo zein Parisko fauna politikoan, soldatapeko torturatzaileak izatea Boterean, narkotrafikatzaile lizentziadunak eta halako beste espezie ugari izatea, azken urte hauetan Herrialde honetan barrena ibili izan direnak eta oraindik ere gure artean daudenak. Eskuarki, halako espezimenek are bizimodu errazagoa izan ohi dute, baldin eta ez badute inolako kontrolik sumatzen beren eguneroko zereginean, baldin eta ez bada inolako salaketa objektiborik eta sistematikorik egiten haien egintzak auzipetzeko, herritarrei haien berri jakinarazita, baldin eta ikusezin badiraute ateratako zalaparta gorabehera. Horrek are indartsuago egiten ditu, ezin hautemanezkoak... ezin zaurituzkoak ia. Hala gertatzea kezkagarria da, eta hala gertatu da, nahiz eta oharkabean pasatu ohi den sarriegi.

Hamar urteren ondoren, inoiz baino presenteago eta biziago dago Pepe Rei. Nahiz eta aldatu egin den bizi garen jokalekua, hark detektatu eta ageriko egin zituenetako eragile asko gure artean daude oraindik ere, baita hark salatu zituen hainbat historia ere: beste izen batzuk, beste aurpegi batzuk… baina kantua berbera da. La cloaca vasca (Euskal estolda) lanaren egile galiziarra lurralde honetaz maitemindu zen, bere egin zuen, suhartasunez eta pasioz babesteraino eta arnasteraino. Oraindik ere horretan ari da; hori ez dugu sekula ahaztu behar.

Euskal Herria zorretan dago Peperekin, eta beti egongo da.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.