Pentsioen aldeko borroka kalean egiten da

2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Toledoko Ituna 1995ean hasi zen lanean, Espainiako Kongresuaren akordio baten ondorioz. Itunaren abiapuntua ustela da; alegia, esaten da pentsio-sistema ez dela jasangarria, eta horren ondorioz murrizteko hainbat neurri hartu beharra dagoela (pentsio berriak moztu, erretiratzeko adina atzeratu...). Izatez, Toledoko Ituna ezartzen diren murrizketei babesa emateko gune bat da, betiko indar politikoen adostasunarekin. ELAk Itun hori salatu egin izan du hasieratik, eta bertan behera geratzea aldarrikatu du.

Pentsiodunak egiten ari diren mobilizazio handiek jokoa aldatu egin dute, ordea. Agerian geratu da, berriro ere, mobilizazioa eta borroka dela eskubide sozialetan aurrera egiteko bidea. Haien eskarietako bat da pentsio duinagoak ez ezik —gutxieneko pentsioa 1.080 euro izatea—, pentsiodunen erosahalmena bermatzea.

Pentsiodunen deiadarra eztabaida politikoaren erdiraino iritsi da. Indar politiko batzuk, esaterako PP, Ciudadanos eta EAJ, eztabaidari amaiera faltsua ematen saiatu ziren arren, Espainiako Estatuko 2018ko aurrekontuak adostuz, hobekuntza kaskar batzuk eginez —Rajoyren proiektuaren aldean—. Baina kale egin zuten. Ez da nahikoa bi urtez erosahalmena bermatzea legea aldatzen ez bada.

Gauzak aldatzen ari diren itxura eman nahian, aspaldidanik missing zegoen Toledoko Ituna berpiztu zuten, pentsioen hobekuntzari buruz zer egin eztabaidatzeko. Hainbat filtrazio interesaturen bidez, pentsiodunen mobilizazioa geldiarazi egin nahi izan dute, esanez Toledoko Itunak bere esku hartu duela arazoa eta fede onez jokatuko dutela.

Baina ez da halakorik gertatuko. Benetan PP, PSOE, Ciudadanos eta PdeCAT ez daude onartzeko prest pentsioen igoeran KPI kontsumo prezioen indizea bermatu behar denik —hala eskatzen dute Podemosek, ERCk edota Itunean ez dagoen EH Bilduk ere—.

Gainera, Itunaren arauek aukera ematen diete gauzak ezkutuan egiteko edo desegiteko —mahai gainean jarritako proposamenik ez da ezagutarazten—, eta, horregatik, adi egon behar dugu. Ez da txarra Pedro Sanchezen tesiak ezagutzea, baina egokiagoa litzateke derrigor ezagutaraztea alderdi bakoitzak pentsioen inguruan duen jarrera.

Elkarrizketa soziala da Toledoko Itunaren beste aurpegia. Murrizketak saihestu ezinak direla ontzat emanda, eztabaidatzen dena da soilik eskua moztu behar ote den, edo besoa oso-osorik...

ELAk marko eta prozesu honi aurre egin izan dio, hainbat mobilizazioren bitartez. 2011ko urtarrilaren 27an greba orokorrera deitu genuen erretiro adina 67 urteraino atzeratzeko erabakia eta bestelako murrizketak salatzeko —adibidez, egonkortasun faktorea—, zeintzuk CCOOk eta UGTk Zapaterorekin hitzartu baitzituzten. 2012ko irailaren 26an greba orokorra egin genuen Rajoyren erreformaren aurka.

Pentsioen aldeko borrokak kalean jarraitu behar du. Horregatik, babesa emango diegu aurrerantzean ere pentsiodunen eskariei, zilegi direlako, eta mobilizatzen jarraitzeko erabakiari. Hori baita lehia hau irabazteko modu bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.