Pentsiodunen mugimendua eta belaunaldien arteko konpromisoa

2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Gure sistema ekonomikoaren jabeak, gizartean eta nazioen artean sekulako desberdintasuna eta ekitaterik eza eragin ondoren, kontzeptu artifizialekin etorri zitzaizkigun, belaunaldien arteko ekitateaz, eta pentsio publikoen jasangarritasunik ezaz eta defizitaz. Iradokitzen dute «langileek beren bizkar» hartuak dituztela koste batzuk, «pentsio oso eskuzabalak» ordaintzeko. Planteamendu horiek belaunaldien arteko gatazka faltsu bat bultzatzea dute helburu, ustezko interes kontrajarrietan oinarrituta, eta ezkutatu egiten dute beren diru eta finantza-espekulazioa eta kudeaketa ekonomikoaren ezintasuna, ekonomia errealari kalte larria egiten baitio.

Jarri dezagun argia belaunaldi ezberdinen arteko harremanetan. Langileak gure seme-alabak dira, gazteak gure bilobak, jaioberriak gure birbilobak. 90 urte bete arte bizi garen honetan, ia lau belaunaldi bizi gara elkarrekin. Ondorengo belaunaldiak aurrekoen zordunak dira (giza zentzuan, ez ekonomikoan). Gauza onak eta txarrak heredatzen dituzte. Desberdintasun eta ekitate-ez sakon baten erdian bizi gara. Finantzariek eta enpresaburu handiek ez dute hori ikusi nahi. Arlo ekonomikoan aldaketa sakona egin beharra argi dago jadanik. Lanaren Zuzenbidea ere paper busti bihurtu da. Beren erantzuna: soldata handiak omen, pentsiodun gehiegi omen, murrizketa eta prekaritate gehiago behar dela esan digute, egoera honek ekonomiaren martxa kaltetzen duela. Beren errezeta, Pentsio Plan Pribatuak: «Langile, zu zeureaz arduratu; ez fidatu, Gizarte Segurantzak eta Pentsio Publikoek ez dute etorkizunik». A zer nolako konpromiso soziala. Gizarte Segurantza lehertu nahian, bost belaunaldiren ahaleginekin eta ehun urteko langile-borrokekin eraikia.

Pentsiodunak ia adin guztietatik igaro gara. Zerbait esan dezakegu. Urteak egitea kontzienteki onartzeak bizitzaren bilakaera ona ahalbidetzen du. Hori ulertzea ezinbestekoa da belaunaldien arteko harreman natural eta errespetuzkoa izateko. Erretiroaren ondoren, hirugarren adina, zahartasuna, mendekotasun-egoerak datoz. Horretaz jabetuta, urrats zuzenak emango ditugu arazoa eta konponbidea definitzeko.

Historiak gizabanakoa hainbat bidetatik ukitzen du. Drama eta gertakarien bidez ere bai: masa-hilketak, II. Mundu Gerra, krisi ekonomikoak, pandemiak… Historia elkarrekin garatzen ditugun iritziekin pausatzen da; sortzen eta mantentzen ditugun ohiturekin. Gizarteak beti aurkitzen du arauak eta balioak transmititzeko era. Belaunaldi arteko transmisioa izango da, ziurrenik, bakoitzak historiari aurre egiteko modurik oinarrizkoena. Belaunaldien arteko diferentziak, dagozkion gertaera historikoekin batera, arreta berezia merezi du. Ondorengo belaunaldiek aurreko belaunaldiek sortutako arazoak konpondu behar dituzte, edo hurrengo belaunaldiei ere transmitituko dizkiete arazo horiek.

Gertaera horren guztiaren erdian gizarte-egiturak eta erakundeak daude, eta horiek berebiziko garrantziarekin jokatu behar dute. Kemen falta nabarmena ikusten dugu: etorkizunerako ikuspegi motza duten politikari eta goi kargudun publiko gehiegi ikusten da, konbentzimendu sozial eta politiko oso ahulak dituztenak. Hori dela eta, etorkizunerako dituzten aurreikuspenak eta helburuak ekonomizistak dira esklusiboki edo nagusiki. Morrontza jarrera hartzen da, askotan balio moral garrantzitsuak zalantzan jarrita. Bere politiken homologazioa justifikatzeko, errealitate globalean gaudela argudiatzen dute.

Egungo pentsiodun nagusien belaunaldia, 500.000 Hego Euskal Herrian, ikuspegi historikotik, belaunaldi langilea da, bere erantzukizunaz jabetzen dena. 1936ko kolpe militarrak eragindako gerraren ondoren, existentzia eraiki dute, beldurrak, sufrimenduak eta gabeziak gaindituz. Materialki dena eman diete beren seme-alabei. Hurrengo belaunaldiak diskurtso ofizial nagusiak bereganatu ditu, eta ez dute behar adinako kemenaz eragin egiturazko erreformetan: lan-merkatua, genero-berdintasuna, eskubide sozioekonomikoak…

Estatuak gero eta esku hartze gehiago dauka; kontakizun manipulatuekin eta amen-aiten eragin-rol gutxituarekin. Hala, indar sozial gutxiagoko belaunaldiekin, gizarteak indar bateratzaile eta orekatzailea galtzen du sortzen diren tentsioen aurrean. Bakoitzak bere burua gero eta gehiago behartzen du biziraupenaren aldeko borroka indibidualera.

Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua 33 hilabetez jarraian egiten ari den borrokarekin eta jarduerarekin garatzen ari dena belaunaldien arteko erantzukizunaren eta konpromisoaren benetako adibidea da. Egun, inoiz baino beharrezkoagoak dira borroka eta irtenbide kolektiboak, baita ekonomia berri bat eraikitzea ere. Gure belaunaldiari diktadura frankistaren aurka borrokatzea egokitu zitzaigun; orain, finantza-diktadurari aurre egin behar zaio. Soluzioak, sozialki adierazi beharko den belaunaldien arteko konpromisotik etorriko dira. Zalantzarik gabe, gure seme-alabek eta bilobek etorkizun duina lortuko dute. Ondoan izango gaituzte, belaunaldien arteko gure konpromisoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.