Pentsioak: eztabaida desegoki bat sistemaren etorkizunari buruz

2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Temaz ekiten diogu behin eta berriro pentsio sistemak behar duen orekaren inguruko eztabaida desegokiari, eta, nire ustez, oker gabiltza, eztabaida hori ez baitator bat ez egungo garaiarekin ez eta etorkizunarekin ere.

Nire iritziz, pentsioak finantzatzeko oinarritzat kotizazio sozialak baliatzen dituen sistema bat, zeinak denborak aurrera egin ahala oreka gorde behar baitu diru sarreren eta gastuen artean hau da, kotizazioen eta gastuen artean, zera da, finean: gauzarik oinarrizkoenari bide emateko balia daitezkeen hamaika formuletako bat, eskubide unibertsal bat XXI. mendeko gure gizarte honetan.

Beste ezer baino lehen, pentsioak adinekoen soldata dira egun, ezinduena, jada lan merkatura sartzeko eta soldata bat irabazteko aukerarik ez duten horiena. Eta soldata, berriz, pertsona normal batek duin bizitzeko behar duen hilabeteroko diru saria. Jada lanik egin ezin duen horren pentsioak nahikoa izan behar du harentzat, bere testuinguru pertsonal, sozial eta historikoan duin bizitzeko aukera izan dezan: oinarrizko diru sarrerak eman behar zaizkio, baina bizitzaren amaierara arte irauteko nahikoak.

Adinagatik edo gaixotasunen batengatik lanik egiteko gai ez den bat ezin da bizi laguntza sozial aldaberetatik, beti laguntza eta politika sozial xeheen mende. Pentsioak dira adinekoentzako politika sozial nagusia, diru sari horrek ematen baitie modua aski duin bizitzeko.

Konbentzio historikoaren arabera, kotizazio ez-aktuarialak izan dira sistemaren ardatz, eta ondo dago hori, modua ematen baitu ekarpen handiagoa egin dutenek pentsio hobea jasotzeko. Ondo dago, baina neurri batean. Izan ere, aurrerabidearen trenak jada ez dira pasatzen adin batetik aurrera, eta, hain zuzen, behin adin horretara iritsita, garrantzitsuena ez da zenbat kotizatu duen bakoitzak bere lan bizitzan, besteak beste norberaren ahaleginaren ondorio izango baita hori, baina baita sistemaren ondorio ere, eta, hain zuzen, sistemak batzuei erraztasunak eman izango dizkie bizitzan aurrera egiteko, eta besteei, aldiz, zailtasunak jarri.

Ez dut gutxiesten gehiago kotizatu duenak gehiago jaso behar duela dioen arauaren balioa. Baina mugatutzat jotzen dut. Ekonomikoki behintzat duin bizitzeko gutxieneko kopuru bat ezartzea, horixe baita garrantzitsuena. Erretiro sariei dagokienez, hori da funtsezko premisa. Eta lotura izan behar du jendearen ekonomia eta finantza egoerarekin, adinagatik lan egin ezinda gelditzen direnean gizarteak berma diezaien behar besteko diru sarrerak izango dituztela. Nahikoa zer ote den zehazteko debatea ere arantzatsua da, dudarik gabe, baina oraingoan ezin dut jorratu.

Pentsio sistema delakoa, zeinak egungo kotizazio sozialak baliatzen dituen egungo pentsioak ordaintzeko, ez da nahikoa, eta, are, baliteke luze gabe motz gelditzea. Garai batean, superabita izan zuen; orain, defizitarioa da. Eta, beraz, zer? Badakit martxan ia ehun urte daramatzan sistema bat ezin dela bat-batean aldatu. Baina utz diezaiogun soinekoak urratzeari. Gaur-gaurkoz, diru sarreretarako arrazoizko gutxienekoak ezartzea da garrantzitsuena, eta lan hori epe ertainean eta ahal bada laburrean egitea. Baita finantza arazoetarako finantzen arloko aterabideak bilatzea ere. Argi dago kotizazio sozialen bidez bildu behar direla diru sarrera gehienak. Itun horrek Ongizate Estatuari bide eman zion Mendebaldean, eta denak baliatu gara hartaz. Eta zenbait parametro aldatu behar badira, aldatuko dira. Eta erresistentziak baldin badaude, aurre egingo zaie. Boteretsuen beldur izatea ez da sekula bidaide ona ekitatea lortzeko bidean.

Errenta eta aberastasuna desberdinkeriaz banatzea da gure garaiko ezaugarri nagusia. Eta, beraz, aberatsei zerga eta kotizazio handiagoak ezartzea da gastu publikoan izaten diren finantza desorekei aurre egiteko modu bakarra. Baieztapen sendoa da hori, eta ez du ezkerreko ikuspegia abiapuntu, konbikzio soziala baizik. Badirudi gure herriko aberatsenek ez entzunarena egiten dutela halakoak esaten diren bakoitzean. Lotsagarria da ikustea garai honetarako zein desegokiak diren patronala eta eskuina. Beste gizarte batzuk, beste herrialde batzuk, non eskuineko eta zentroko gobernuak dauzkaten eta enpresariek herritar kontzientzia handiagoa daukaten, aurpegi ematen ari dira, eta aurre egiten ari zaizkio hemengoek aintzat hartzen ez duten errealitate bati.

Hori guztia aintzat harturik, eta nahiz eta oraindik ere ziurtzat jotzen dudan kotizazio sistemaren finantza oreka konbentzio batean datzala eta premisa hori lasai asko alda dezakegula estatuko aurrekontu orokorren bidez, Espainiako Gobernuak eta Europako Batzordeak egindako proposamenaren alde nago, sindikatuek babestu eta enpresariek gutxietsi duten proposamen horren alde. Izan ere, arrakalak sortzen hasi da egungo sistema zaharkituan. Oraingo sistemak arreta handiagoa jarri behar du ordaintzeko gaitasunean eta behar sozialean, eta gutxiago arduratu behar du batzuen esanez, ez baita egia kotizazioak handitzeak porrot eginaraziko diela Espainiako enpresei.

Oraindik ere, bide luzea dago egiteko, baina era honetako erabakiak ez dira ikaraz eta zalantzaz hartu behar, irmotasunez baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.