Terrorismo instituzionala» —hainbeste urtetan jendaurrean ukatua— sufritu izanak, hain zuzen, gobernatzen zaituen boterearen kontrako pentsamendu kritikoa duen pertsona gisa definitzen zaitu; ustez hark babestu beharko gintuzke denetik, baina, guri dagokigunez, eskubide hori ezinago nabarmen urratu zuten.
Denik eta bidegabeen eta ankerrentzat hartu behar da «estatu terrorismoa», zilegi baitzaio jokatzea egintzak gertatzen direnean indarrean dagoen legeria baliatuz, «estatu terrorista ustel» horren mendean baitaude jo beharreko erakunde guztiak.
Nork epaitu behar du delitua egin duen gobernu zapaltzaile hori?
Nork bermatu behar du zuzen betetzen direla Zuzenbide Estatu demokratiko batean indarrean dauden legeak, eta arauak eta artikuluak —Konstituziokoak zein Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalekoak—?
Ni ez naiz sekula izan pertsona politiko bat, motibazio politikoa izan delako neure bizitzan aurpegi eman beharreko traumarik larriena, eta sekula ez naizelako fidatu politikariez —ezta ni babesten eta, ustez, ulertzen ninduten haietaz ere, eta, beraz, are gutxiago zuzenean edo zeharka jardunbide legez kanpokoak aldezten zituztenez—.
Nik beti argudiatu eta salatu ohi dut ezin konta ahala sufritu dudala nik helburu izan ez dudan arazo politiko batengatik, baina bai naizen familiakoa izateagatik biziak ekarri didanarengatik.
Horregatik guztiagatik, sinetsita nago neuk eratu nuen gaizkiaren epidemiologia katean, gaur egun ere mozorrorik erantzi nahi ez zaion horretan, Espainiako Estatu ustel, anker eta terrorista dela katebegi nagusia eta indartsuena, nahiz eta, neurri txikiagoan, haren laguntzaile izan Frantziako Estatua ere. Eta gu, terrorismoren biktima ez-aitortuen senideok, kate horretako katebegirik ahulena gara. Erdian politikari asko daude, erantzule ez ezik erakunde ofizialetakoak ere badirenak, eta biktimen premiei behar bezalako arreta eta erantzuna ematen jakin ez dutenak. Zorionez, herritar onbera asko ere badaude, eta horiei esker arindu ahal izan dugu apur bat gure oinazea eta babesgabetasun gorena, hainbeste urtean isilean eraman behar izatea egokitu zaigun bidegabekeria gizagabea eramangarriagoa egitearren.
Bake prozesuak eta elkarbizitza hobea lortu nahi izateak lehentasuna behar dute izan, giza jokamoldeak ongiaren bidetik egin dezan aurrera. Esan gabe doa birritan huts egitea dela huts eginean tinko irautea, eta litekeena da bere hutsegiteak onartzen ez dituen gizarteak ere etengabe hutsegite berberak egitea. Ikasten ez duena, zentzatzen ez dena, edota giza eskubideak errespetatzen ez dituena, ez dabil bide egokitik gizarte demokratikoago, gardenago eta gutxiago zikoitz eta ustel izango den horretarako ibilian.
Ondorio larriak—hala nola hainbeste senide eta lagun kutunen galera konponezina— ekarri dizkien gatazka politiko batean bizi izan diren gizarteek lehentasuna eman behar diote «bakearen kulturan» inbertitzeko erabaki jakintsuari, hartara garaiz antzeman ahal izango baitute atzerakorik ez duen prozesu hau kolokan jar lezakeen edozein «arrisku faktore». Horrek berekin dakar, neurri handi batean, buruzagi politikoei parte harraraztea (etsenplu izan behar dute), herritarrek jokamolde eredu berriak ikas ditzaten. Azken batean, kontua da gizarte zibilizatu baten duineko giza jokabideak barneratzea, non ezberdinen arteko elkarrizketa batean proiektu zilegizko guztiak errespetatuko diren eta ez zaion inori birao egingo ez hitzez, ez keinuz eta ez ekintza iraingarriz ere.
Oraindik ere barneratuak ditugu hainbat beldur, errezelo, mesfidantza eta ezin ahaztuzko historia, guztiak ere norbanako gisa markatu izan gaituztenak eta oraindik ere markatzen gaituztenak. Aurreiritzi horiek desegin egin behar dira, eta, pixkanaka, herritar bakoitzak bizi izandako errealitatearekiko errespetuaz, bakoitzaren sentimenduak epaitu gabe, benetan bereizi gaituen huraxe aditu, geureaz bestelako errealitateak ere existitzen direla eta aldi berean existitu izan direla ulertzen ahalegindu gaitezen.
Inbertitu beharra dago hezkuntzan, kulturan, buru-espiritu osasunean, behar besteko oreka emozionala erdietsi eta hainbat gertakari traumatiko gainditzen laguntzeko eta bizialdi berri bati ekiteko begirunetik, aukera berdintasunetik, pentsamendu kritikotik, eta, oraindik oraingo gure iraganaren jakitun, berdin epai daitezen giza eskubideen zapaltze guztiak eta, batik bat, betidanik ezkutatu nahi izan direnak (asko dira).
Beraz, nori bere erantzukizun maila galdegin behar zaio gertakari historiko ilun hori betikotzeko. Ez du ezertarako balioko errealitatea desitxuratzea, alegia, batetik Espainiako Estatuari bere erantzukizun maila galdegitea GALen sorreran, halakorik beti ukatuagatik begien bistako ebidentzia aski frogatuak dituelako salatari. Sorlekuan ikusi, aurkitu eta antzeman behar da gaizkia, ezinago larria baita estatu legezko batek legez kontrako ekintzak egitea halakorik ukatuagatik. Sekula ez da aurrez halako bidegabekeriarik gertatu Europa osoan, XX. mendearen amaiera aldeko ezein demokraziatan.
Bestalde, ezker abertzaleak 2012ko otsailaren 28an argitara eman zuen bere autokritika, ETAren biktimen oinazearekiko urteetan sentiberatasunik ez agertzeagatik, eta haiei zintzoki barkamena eskatzeko. XXI. mendea bete-betean dela, ezinbesteko deritzot giza jakintzako hainbat diziplina baliatzeari egia argitzearen mesedetan.
Herritarrok ezin utzi diogu gobernu heldugabe eta ekonomikoki ustel bati bertan behera utz eta gutxiets dezan bakea lortzeko halako abagune historiko bat.
Estatuak «erabaki oker» bat hartzen baldin badu, modu baketsuan kontra egin behar diogu erabaki horri, eta bidezko neurri nazioartekoak hartu behar ditugu kanpoaldetik zuzentzera behartzeko. Berriro diot birritan huts egitea da huts eginean tinko irautea. Hauxe da, beraz, helburu nagusia: gizarte zibikoagoa eta jakintsuagoa, eta herritar guztien egiaren ezagutza zientifiko handiagoa izatea gizateriaren, apaltasunaren eta pentsamendu etiko-kritiko-onuragarriaren ikuspegitik, betiere ongiaren bidean aurrera egiten lagun diezaguten.
(Erredakzioan itzulia)
Pentsamendu kritiko-onuragarria eta bakearen kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu