Pentsa dezagun gurea

Jokin Azpiazu Olatz Dañobeitia
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Azken garaiotan bolo-bolo dabil aldaketa garaian gaudela. Eta, ziur aski, horrela dela ukatzea astakeria irudituko zaigu gehienoi. Baina denok dakigu aldaketak ez direla inoiz berehalakoak ez eta, are gutxiago, erabatekoak. Xabier Letek idatzi eta Laboak ezagun egin zigun kantan aipatzen zen badakigula orainak ere geroan irauten duela.

Euskal Herriaren egoera sozial eta politikoari begirada azkar bat emateak ere aldaketen berri eman diezaguke, eta aldi berean, iraganetik orainean geratzen zaigunaren berri. Ez dugu guk ukatuko aldaketa ugari bultzatu eta finkatzeko tenore onean gaudenik, baina horretarako herri mugimenduok ezinbestekoa dugu azterketa sakona egitea testuinguruari, gure jardunari eta eragiteko gaitasunari. Ezer berririk ez, beti izan baitira hauek herri mugimenduarentzat gako garrantzitsuak.

Badirudi kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka areagotzen ari dela; kapitala etengabe metatu nahiak talka egiten du parez pare bizitza duina mantentzeko asmoarekin. Gero eta nabariagoa da bizi dugun gatazka ezin daitekeela lanaren eta kapitalaren esparrura mugatu, irudikapen hori labur geratuko bailitzaiguke. Planteamendu ideologiko eta tresna berriak baditugu berau hala ulertzeko, besteak beste pentsamendu feministak garatutakoak. Gaur egun kuestiona dezakegu ez bakarrik sistema ekonomiko edo politikoa, baizik eta zibilizazio modu osoa, bizitza ulertu eta munduan egoteko modu hau: patriarkatuan, naturaren suntsiketan eta jendartearen desartikulazioan oinarritzen den modernitate kapitalista.

Baina ez dezagun pentsatu hau kuestio abstraktua denik. Kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka honek ondorio zuzenak ditu gure bizitzetan: prekarizazioa, lan askoren ikusezintasuna, natura eta gure nekazaritzaren suntsiketa, bizitza bera mantendu ahal izateko beharrezkoak diren baldintza minimoak ere are gehiago murrizten ari dira. Horri gehitu behar dizkiogu gizarte antolakuntza honek sortarazten dizkigun frustrazio, ezinegon eta gaixotasunak. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, herriek beraien nahi eta asmo kolektiboak garatzeko dituzten ezintasun eta inposaketak, hizkuntza eta kultura gutxiagotuekiko indarkeria. Jarrai genezake... Esan bezala sistema honek indarkeria ugari sorrarazten ditu, gure esku dago bakoitzak izendatu eta konpontzeko bidean jartzea.

Inoiz baino gehiago beraz, ezinbestekoa da herri mugimendu indartsu eta eraginkorra izatea. Izan ere, herriak eta herritarrak beraien historiaren subjektu izatea nahi badugu, nahi eta nahiezeko baldintza dugu gure kabuz antolatuta egotea. Baina zeintzuk dira egun herritarrak gure kabuz antolatzeko beharrezkoak diren baldintzak, zeintzuk mahai gainean dauden proposamenak? Zeren inguruan dugu biltzerik? Eta nola?

Elkarbizitzaren dimentsio ezberdinak (afektiboak, kulturalak, ekonomikoak, politikoak...) elkar nahasirik agertzen zaizkigu, eta horrela bizi ditugu. Dimentsio guzti hauetan gatazka presente dago era eta maila ezberdinetan. Ez daukagu banatzerik gure bizitza konpartimentu itxitan, zeinetan erdietsi zer gertaera den zer kausarekin harremanetan: gure bizi-baldintzen zein aspektu da lanaren banaketa sexualaren ondorio, zein gure jatorri edo sexu joeraren ondorio, zein gure harreman aukeren edo hezkuntza ereduen ondorio? Gure esperientzia nahasia da berez, ondo mugatutako espazioen ordez etengabe gurutzatzen diren lerro jarraien itxura hartu dezakeena ziur aski.

Aldiz, herri mugimendua irudikatzerakoan muga garbiak marrazteko ohitura izan dugu. Politikoaren espazioa esparru jakin batzuetara konfinatzeko joera horrek, «atetik barrura» gertatzen den asko gure jendarte ereduaren kuestionatze horretatik kanpo uztea dakar. Pertsonala politikoa da leloa aintzat hartuz gure bizitzaren esparru guztiak problematizatzeko bidean pausoak eman ditzakegu, eta, apur bat haratago joanez, pertsonala politikoa izateaz gain kolektiboa ere badela irudikatu.

Horrek ezin gaitu, ordea, eraman azken hamarkadetan mendebaldeko jendarteak daraman indibidualizazio prozesuan sakontzera. Gure egunerokoen berrikuspena eta karakterizazio politikoa ezinbestekotzat jotzen badugu, ekinbide kolektiboa birpentsatzeko asmoaz da, herri mugimendua egunero asmatzeko, orain arte egin dugun bezala, baina beti ezberdin.

Aurrekoa aintzat hartuz, herrigintzaren logikak bizitzaren logiketara hurbildu beharkoliratekeela pentsatzen dugu: beharrezkoak ditu trukea, elkarlana, laguntza, irekitasuna, elkartasuna eta kidetasun zein batasun sentimenduak; funtzionamendu askotarikoak, horizontalak eta malguak; izaki eta gizakien dibertsitatea aintzat hartzea eta artikulatzea... Laburtuz, elkarren arteko dependentzia positiboki ulertzea, erabateko autosufizientziaren ideia baztertuz.

Aldaketak aldaketa, herri honen errealitatea askotarikoa eta korapilatsua da. Botere publikoen konfigurazioa edozein izanik ere, herri mugimendu indartsu, malgu, askotariko eta artikulatua eraikitzea klabe garrantzitsua da geroa pentsatzen hasiz gero.

Zer den proposatzen duguna? Kalabaza edo kuia itxura duen herri mugimendua landatzen jarraitzea. Kanpoko azala gogorra duena, izan ere ez dira edonor parean dauzkagun aurkariak, eta herri honi eta bere jendeei babesa ematea bada ere herri mugimenduaren helburu. Barruan, ordea, mamitsua, zaporetsua, parte-hartzea errazten duena, herria saretu, gure ehun soziala eta elkarren beharra modu positiboan garatzeko esparru. Eta haren bihotzean hazi ugari, gutariko bakoitza, elkarri loturik nolabait baina aske, gure nahi, asmo, sentimendu eta bizipenekin.

Herriz herri, auzoz auzo, ikastetxe eta erakundeetan, elkarte eta asanbladetan landatuz, bertako zein urruneko beste kalabazekin harremanetan, osa dezagun astiro-astiro nahi dugun baratzea. Pentsa dezagun geroa. Pentsa dezagun gurea. Inoiz ez dezatela har, ken, bil, ebatsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.