Gogoan dut Pello Sarasola Euskal Irrati Telebistan lanean hasi zenean,Iurretako egoitzan.Bere aurreneko egunetik bere nortasuna eta modus operandi berezia erakutsi zigun. Dena interesatzen zitzaion eta denari erantzun behar zion. EITBn laneanhasi,baina oraindik Tolosako Udalarentzako lan bat bukatu behar zuen. Bi hilabete bakarrik izan ziren, hanka bat Tolosan eta bestea Iurretan, autoarekin bueltaka, korrika eta presaka. Erotzeko moduko plana edozeinentzat, salbuespen bakarrarekin: hori zen gure Pello. Ez genuen inoiz ondo jakin nola lortu zuen, baina, hori bai, lan egokia eta ona egin zuen Tolosan eta baita Iurretan ere. Horretan bakarra zen, betizutik eta dotore bukatzen zuen ekilibrista.
Dena ematen zuen eta, horri esker, bazirudien denekin ahal zuela. Soziologo ona zen, gai guztietan erakusten zuen interesa, eta, Pelloren kasuan, irizpide egoki eta zuzenarekin. Politika mundua gertu-gertutik jarraitzen zuen, asko interesatzen zitzaion eta horregatik aukeratu zuen soziologia ikastea. Beti garatu zuen pasio hori, goi mailako nazioarteko begirale baten pare. Hernanin jaio, Donostian eta Deustuan ikasi, Bizkaian bizi; horrek ikuspegi zabala eta aberasgarria eman zion Euskadi sakonki ulertzeko eta maitatzeko. Politika eztabaida sutsuak gustuko zituen eta maixua zen ideia guztiei kontrapuntua bilatzen eta jartzen. Harentzat, real politik-en esanahia eztabaida sutsua egitea zen. Horrekin disfrutatzen zuen benetan, amaigabeko eztabaidetan.
Bizitzaren soziologoa zen, gai guztietan benetako aditua. Futbolean sasientrenatzailea, galdetu bestela haren semeari, Anderri. Gastronomian puntako sukaldaria, parrillan eta ardoetan aditua, galdetu bestela haren lagun guztiei. Literatura onaren zalea, zinean jakituna, ikasketa eta formazioa uztartzen dituen ereduarenaldekoa; horri buruz Leire alabak lezio ugari jaso ditu. Bidaiari amorratua, batzuetan lekuetara joaten, beste batzuetan Interneten bidez prestatzen, betiere bere abenturak eta ametsak kontatzen. Susana emaztea izan da beti haren bidelagun; Europa osoari buelta ematen hasi zen haien arteko abentura. Bide oparoa egin dute, elkarrekin azken momentura arte.
Hori dena eta gainera telebista, haren lanbidea baino gehiago haren bizipoza. Telebista «minutuz minutu» aztertzen aitzindaria izan zen. Luxu bat izan da guretzat telebista munduan hain errespetu sendoa eta zabala jaso duen norbaitekin lan egitea. Internet hasi baino lehen, hark lortzen zuen mundu osoko telebista eta programen informazioa jasotzea. Azterketa kualitatiboak egin aurretik, hark lortzen zuen programa bakoitzaren balorazio zehatza egitea. Telebistako audientzia informazioa erabiltzen maixua zen, baina audientzi informaziorik gabe ere bazekien telebista dinamizatzen eta hobetzen. Maixua horretan. Ilusioa eta anbizioa uztartu zituen beti Euskal Telebistaren alde, bere bihotzeko kutunaren alde.
«Ez adiorik» esan genion familia eta lagunen artean. Haren oroimena betirako gurekin izango da.
Pello Sarasola maixuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu