Eguzkiko kideak

Pelletak, atzamarra eta Ilargia

Gorka Alberdi eta Martin Anso
2024ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Galiziako lagunekin batera nunca máis esatetik outra máis esatera pasatu gara. Prestige berri baten aurrean gaude? Ez. Horrek ez du esan nahi arazoari garrantzia kendu behar zaionik —horretarako Xunta bera dago eta—, baina Toconao-tik eroritako 26 tona pellet eta Prestige-ren 63.000 tona petrolio ezin dira alderatu. Kontuz, ordea, pelletak Ilargia seinalatzen duen atzamarra direlako; alegia, seinalatzen dute Prestige bezalako kasu bat berriz ere gerta daitekeela. Izan ere, estatistiken arabera, Galizian dagoen ontzi-mugimendua kontuan izanda, denbora kontua da, baina horri gehitu behar zaio pelletek agerian utzi dutela administrazioak orduan jokatu zuen bezalaxe jokatuko duela, hau da, orain jokatu duen bezalaxe: lehendabizi, arazoa existitzen dela ukatuko du, eta, ukazioan tematzea ezinezko bihurtzen denean, minimizatzen eta erantzukizuna beste etxeko amonari leporatzen saiatuko da. Gure iritziz, hori zigorgabetasunaren ondorioa da, Prestige-ren benetako erantzuleak akusatuen aulkian eseri ez izanaren ondorio.

Eta Euskal Herrian, zer? Bada, hemen adi egotea tokatzen da, eta pelletak orban edo lerro adierazgarritan iristen badira, garbitu, aukeran itsasoan, betiere talde profesionalekin. Boluntariotzara jotzeko arrazoirik ez dugu ikusten. Komenigarria denik ere ez dugu uste. Gainerakoan, EAEko herri-erakundeei koordinazioa eta gardentasuna eskatu behar zaizkie.

Pellet gehienak gurera iritsiko dira Bizkaiko golkoan dagoen plastiko-zoparen parte gisa. Eta hemen berriz ere atzamarraren eta Ilargiaren metafora erabiliko dugu. Izan ere, gure kasuan, pelleten atzamarrak seinalatzen duen ilargia plastikoen arazoa da, eta gaizki egingo genuke Ilargiari begiratu ordez atzamarrari begira geratuko bagina.

Zenbatekoa da plastikoen arazoa Bizkaiko golkoan? Ba, begira, gure itsasoan 50 milioi tona plastiko baino gehiago dagoela esaten da. Aztik 2022an gai honi buruz egin zuen ikerketaren ondorio batzuk hitzez hitz eta zenbakiz zenbaki kopiatzen ditugu: «Aurkitutako plastikoaren batez besteko ugaritasuna km2-ko 4.338 gramora ere hel daiteke». «Mikroplastikoak aztertutako laginetan dagoen plastiko kopuruaren %93 dira (%28 pisuan), mesoplastikoak %7 (%26) eta makroplastikoak %1 (%46)»; «Bizkaiko golkoko hego-ekialdeko kostaldeko urak plastikoak batzeko puntu beroa da, eta Mediterraneoko edo zaborra gehitzeko beste eremu batzuetako mailen antzekoak ditu».

Nondik dator plastiko hori guztia? Batez ere lehorretik. Itsasora botatako hondakinetako %80 plastikoak izan ohi dira.

Ados, lehorretik, baina lehorretik nondik? Izan ere, plastikoena «arazo globala da eta...». Bai, baina saihestu «globaltasuna» aitzakia gisa erabiltzeko tentazioa. Aztik berriro: «Bizkaiko golkoan aurkitzen dugun zaborra, funtsean, Bizkaiko golkoan bertan bizi diren herritarrek sortua da; ez dator Txinatik».

Nola iristen da plastiko hori guztia itsasora? Normalean estoldetatik eta ibaietatik. Ibaiak, errekak, errioak dira plastikoak itsasora iristeko benetako autopistak. Horregatik, askotan esan dugun bezala, itsasoa, plastikoari dagokionez, gure etxeetan bertan hasten da, hondartza gain-gainean bizi ez bagara ere.

Nola heldu arazoari? Oroz gain, mugak jarri behar zaizkio plastikoen ekoizpen neurrigabeari, batez ere behin erabili eta botatzekoei. EBk pauso batzuk eman ditu bide horretan, baina gutxi eta laburrak. Herritarrok, berriz, plastikoen erabilera arduratsuagoa egin behar dugu. Baina EBk har ditzakeen makro mailako erabakien eta norbanakook egin dezakegunaren artean, badira eskumenak dituzten erakunde asko. Horra hor Ura, baita aldundiak eta udalak ere.

Prebentzio-neurriak har daitezke, adibidez, ibaiertzetako barandetako beheko partean saretak jar daitezke. Ez dute miraririk egiten, baina funtzionatu, funtzionatzen dute. Gainera, udalek bitartekoak jar ditzakete aldian behin ibaiak eta errekak garbitzeko, herriko kaleak garbitzeko jartzen dituzten bezala. Eta talde profesional batek garbitzeko. Urtean behin, «kontzientziazioaren» aitzakian, herriko neska-mutilekin garbiketa bat antolatzea ez zaigu onargarria iruditzen. Eta, jakina, ibaia zaintzeko araudiak eta ordenantzak bete egin behar dira, zigorrak barne. Autoak gaizki aparkatuta daudela eta, zigorrak ezartzea oso arrunta da, eta zeresanik ez mozal legearekin edo Ogasunarekin zerikusia duten kontuetan. Ingurumen kontuetan, berriz, zigorrak ezartzeko erreparoak omen daude, dena «kontzientziazioaren» mantrarekin konponduko balitz bezala. Alabaina, gauza bat argi dago: ibaietan hondakin asko daude, eta ez dira hor deskuiduan erori direlako, edo istripuz. Hor daude batzuek espresuki bota dituztelako; batzuek ibaiak zabortegi pribatu gisa erabiltzen dituztelako. Urteetan horrela egin dute, ondoriorik gabe edo apenas ondoriorik gabe. Hori horrela den bitartean, ibaiek zabortegi izaten jarraituko dute.

Alegia, arazoari alde askotatik heldu behar zaio. Ea Galiziatik pellet-itxuran datorren atzamarrak balio duen erreparatzeko plastikozko itsasoko hemengo ilargiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.