Pedagogia berritzaileak eta beste

2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Orain gutxi BERRIAn agertu iritzi artikulu batean honako hau irakurtzen nuen: «Irakasle interino gehienek beren burua eguneratu eta birgaitu egin dute pedagogia berritzaileetan, konpetentzia digitalean, eta beste hainbat alorretan». Zertaz ari den artikulua? Langileen eskubideez, sufritu duten injustiziaz eta horrelakoez ari da: irakasle oposizioez, langile funtzionarioez, behin-behinekotasuna urte luzez sufritu duten langileez... Beren egitekoa bete eta hartu duten tratua ez da oso bidezkoa izan, hala du azaltzen artikuluak, argi eta garbi!

Ongi, oso ongi, baina horretaz ez dut deus aipatu nahi, hona ekarri dudan aurreko esaldi horri iruzkintxo batzuk egitea dut xede: «pedagogia berritzailean, konpetentzia digitalean, eta beste hainbat alorretan» jakitun eta iaioak omen.

«Pedagogia berritzaileak». Berritzaileak? Berriak direla-eta, hobeak al dira bada? Eragingarriagoak? Herri minorizatu eta kolonizatu honek hala beharko lituzke. Zeren D eredua ere ez da izan espero genuen pagotxa. Eta gero eta porrot handiagoa izaten ari da, gero eta euskalkaitz gehiago sortzen baitizkigu. Baina, azken urte hauetan, inportatu ditugun pedagogia berri horiek askoz okerragoak suertatu dira. Zenbat eta laxoagoak, permisiboagoak, orduan eta okerrago; esate baterako, Montessori pedagogia. Pedagogia hori eta antzekoak euskararendako hil kutxaren estalkiak besterik ez dira. Lehen ongi ez, larri esanen nuke, eta orain? Lurpera garamatzate zuzen-zuzenean. Gaztelerari utzi diote bide guzia, hau da, haurraren nahikeriari.

Bai, lehen genuena baino hoberik beharko genuke, baina hor aipatzen diren «pedagogia berritzaile» horiek ez digute plazara ekarriko euskara, kanposantura ez bada. Egunero ikusten ari garen euskararen endekapenak hala erakusten digu. Eta euskararen erabilera murritzagoak ere bai. Haurrek ez dute euskaraz ikasten, edo ikasten duten pittin horrek ez die hizketarako balio. Hain gaizki eta oker mintzatuz, ezinezkoa da erabilpenean gora egitea. Gora? Behera. Ezagutza behera, erabilpena bide berean. Eta motibazioa?

Eta zer esan «konpetentzia digitalean» esaldiaren atzean dagoen horretan? Silycon Valley-ko gidari eta morroi guziak beren seme-alabei «konpetentzia digitala» eragozten dietenean? 13 urteak artio ez diete seme-alabei sakelakorik izatea ere uzten! Beren etxeetan pantailak debekatuak, eta hemen eskoletako soluziorik hoberena balitz bezala. Gure haurrek konpetentzia digital ederra omen dute. Hobe eginen lukete idazten eta solasean irakatsiko baliete. Tamalez, idazketan motelak eta hizketan mutuak sortzen ari gara eskoletan. Telebistek elkarrizketatzen dituzten haurren %95 monosilabikoak dira. Edo esaldi motz eta baldarretan erantzuten dutenak. Haur erdaldunen etorria eta zuzentasuna miresten dut, gureak entzun ondoren.

Norvegian eta Finlandian konpetentzia digital hori baztertzeko asmotan, izan den porrota beren baitan ezagutu dutenean, eta gu horren aldarria eginez?

Gurean ere, orain gutxi irakurtzen nuen, Tolosan, sakelako telefono kontu lotsagarri horri erremedioa jartzekotan bildu direla gurasoak kezkaturik. Hainbat erabaki hartu dituztela izurri horri oztopoak jartzeko, eta irakasle gazteak konpetentzia digitalaz harrotzen?

Baina zer pasatzen da herri honetan edozein izkinatan agertzen zaizkigun mago, prestidigitadore, belar saltzaile eta sasi-jakintsu guzietan sinesteko? Ameriketako Estatu Batuetatik badatoz eta hobe! Gora Inperioa!

Esaldi horretako azken puntuaz ez dut deus aipatu: «birgaitu... hainbat alorretan». Jakin nahi nuke «birgaitu hainbat alorretan» dioen esaldian zer azaldu nahi duen. Zehazten ez duen bitartean, esperoan egonen naiz.

Birgaitu, birgaitu, hizkuntzaren transmisioa nola egin, horretan beharko genuke birgaitu. Edo ahozkoa nola txertatu, edo idatzizkoa nola bermatu. Eta zergatik atzendu behar dugu euskal azentuaz, hain-hain inportantea denaz? Hiru alor horietan ere birgaitu ote dira irakasle gazteak? Hala beharko luke, baina hala da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.