Pazientzia eta iraunkortasuna, lortuko dugu

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Aurreko urtekolehen seihilekoan, ustekabeko pandemia ezezagun eta oldarkor baten lehen boladaren ondorioak bizi izan zituen mundu osoak, osasun publikoari kalte handia eta larria eraginez. Nire lehen oroitzapena biktimekin eta haien familiekin dago, Sempervirens, beti gure oroimenean.

Iazko martxoaren 13an, Eusko Jaurlaritzak Larrialdi Sanitarioko Adierazpena onartu zuen Larrialdiari Aurre egiteko Bidea, LABIren babespean, eta estrategia partekatu bat jarri genuen abian, birusen hedapena prebenitzeko eta osasun publikoa bermatzeko.

Hurrengo egunean, Espainiako Gobernuko presidenteak Alarma Estatua dekretatu zuen, konfinamendu orokor bati bide emanez. Prozesu horri «deseskalada plana» edo «normaltasun berrira itzultzea» deitu zitzaion eta, Euskadin, «Bizi Berri Plana» bezala ezagutu genuen. Eusko Jaurlaritzaren gida izan zen, elkarrizketatik eta akordioetatik abiatuta jarduteko, bai Espainiako Gobernuarekin, bai eragindako gainerako euskal erakundeekin eta gizarte-erakundeekin.

Urriaren 2an Bizi Berri II Plana aurkeztu genuen. Erantzun komunitario bat egituratu zuen pandemiak bigarren olatuan izan zuen goranzko bilakaerari aurre egiteko. Orain, Bizi Berri III Plan berria pandemiaren bilakaerara egokitu da eta ekainera arte jarduteko estrategia ezarri du.

Egunero eta orduero, nire lana eta kezka da, erabaki bakoitzean, orekarik handiena bilatzea Osasun Publikoaren lehentasunaren eta bizitza sozialean ahalik eta inpaktu txikiena izateko helburuaren artean. Zailtasunak, zurrunbiloak, gorabeherak, oztopoak, egoeraren konplexutasuna eta ziurgabetasuna gorabehera, nire lehentasuna da gure ontzia ur gainean mantenduko duten eta portu onera eramango duten erabakiak hartzea.

Nire ustez, oreka, pazientzia eta iraunkortasuna izango dira norberaren osasuna eta gizarte-ongizatea bermatzeko helburuan irauteko gakoak.

Helburu hori lortzeko, pertsona guzti-guztien laguntza behar da. Talde-lana da. «Auzolana» gizarte gisa ematen den erantzuna da, konfinamendua, osasun-kolapsoa, koma ekonomikoa edo gizarte-arrakalak areagotzea saihesteko. «Auzolana» osasun publikoa, hezkuntza, ekonomia, enplegua eta gizarte-kohesioa defendatzeko erantzuna da; lehen pertsonan zaintzeko eta ingurukoak zaintzeko.

2021eko lehen hilabete hauetako egoera ez da 2020an izandakoa baino okerragoa, baina neke handiagoa dugu. Errealitate horri «neke pandemikoa» esaten diogu. Mende honetan ez dugu inoiz horrelako egoerarik bizi izan. Denbora luzeko gabeziei aurre egiten ari gara. Mugikortasun-mugak ezarri behar ditugu, maite ditugun pertsonekin elkartzeak atzeratu behar ditugu. Hurbiletik ikusten dugu senideren bat galtzeak edo ospitaleratze luze eta mingarri batek eragindako sufrimendua. Gure ekonomia ahultzen ari da. Enpresek eta negozioek zailtasunak dituzte.

Sektore partikular bat ere ez da egoera horren erruduna, eta denek merezi dute gure babesa. Egoera horren aurrean elkartasuna beharrezkoa da. Elkartasunak esan nahi du premia handiena duten sektoreetara bideratu behar direla guztion aurrekontu-baliabideak. Higieneari, distantziari edo maskarari buruzko prebentzio-neurriak modu zibikoan eta erantzunkidean betetzea ere esan nahi du.

Erakundeak erabakiak hartzen ari gara pandemiaren inpaktu sozioekonomikoak arintzeko, gure ahal eta baliabideen arabera. 2020an, Covid funtsak artikulatu ditugu pertsona eta familia ahulenei laguntzeko, ostalaritza, merkataritza, turismoa, industria edo kultura bezalako sektoreen galerak konpentsatzeko. Espainiako Gobernuari dagozkion enplegu-erregulazio espedienteetarako laguntzak osatzeko baliabideak bideratu ditugu. Osasuneko, hezkuntzako eta gizarte-babeseko funtsezko zerbitzuetarako zuzkidurak handitu ditugu. Laguntza horiek guztiak 2020ko aurrekontu-birbideratzean eta 2021erako onartutako aurrekontuan islatu dira. Laguntza-lerro guztiek indarrean jarraitzen dute, eta 540 milioi euro gehiago dituen Covid Funts berri bat onartu dugu.

Pandemiaren eta haren ondorioen aurrean Eusko Jaurlaritzak duen estrategia globalak funtsezko hiru tresna ditu, eta mantendu egingo ditugu. Lehenik, osasun publikoa bermatzeko estrategia orokorra. Bigarrena, 2021eko Aurrekontuak eta Berpiztu Plana, suspertze sozioekonomikora eta enplegua berreskuratzera bideratua. Hirugarrena, Bizi Berri Plana, gizarte-ohiturak bizikidetza eta erantzunkidetasuna lehenetsiko dituen bizitza-kultura berri batera egokitzera bideratua.

Bizi Berri III ibilbide-orria da orekan oinarritutako erabakiak hartzeko, irmotasunez eta pazientziaz jokatzeko. Epe laburrerako helburua intzidentzia-tasen beheranzko joera finkatzea da, harik eta 100.000 biztanleko 60 eta 300 kasu artean kokatu arte. Erronka da tasa hori 60 kasutik behera murriztea.

Helburu hori lortze aldera, eta Estatuaren eremuan berme nahikoa duten tresnen beharra eta eskaria errepikatu ondoren, erabakiak hartzeko dauden tresna juridiko guztiak agortu ditugu. Nolanahi ere, lankidetzazko gobernantza bat lortze aldera, tresna berriak eskatzen jarraituko dugu, betiere berme juridiko guztiekin jarduteko, eta, hala badagokio, pandemiaren aurkako euskal lege bat onartzeko aukera aurreikusten dugu.

Herritar guztiekin partekatzen dut nire ustea: pazientzia eta iraunkortasunarekin gure helburua lortuko dugu. Auzolana da gure indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.