Otsailaren 16an, pasa den urteko balantze oso larria argitaratu zuen Kontseiluak: euskararen normalizazio prozesuak atzera egin du hiru administrazioetan, okerrera. Ez da bat bera ere salbatu.
Euskal Autonomi Erkidegoan, estrategikoak diren eremuetan gertatu dira atzerapausoak, halaber, hezkuntzan eta esparru sozioekonomikoan. Nafarroan, euskararen eta euskalgintzaren kontrako bere estrategia orokor eta planifikatua sakondu du gobernuak. Iparraldean, berriz, Euskararen Erakunde Publikoak hitz politak bertzerik ez dituela eskaini salatu du Kontseiluak. Urratsak herritarrek egin dituztela nabarmendu zuen, bide hori sendotzeko beharra azpimarratuz batera, «administraziotik ez baita deus etorriko».
Egun berean Inazio Agirrek gaiari buruzko artikulu interesgarri bat plazaratu zuen egunkari honetan bertan. Diagnostiko zorrotza egiten zuen: «Espainiar eta frantses hizkuntz komunitateek euskal hizkuntz komunitatea barneratzen, zatikatzen eta irensten dute. (…) Espansionismo franko-espainiarrak euskara desagerrarazten du bere erabilerazko jardun-gune sozialetatik». Eta konponbidera daramaten lorratzak ere zehazten zituen: «Erabilera hazteko, egoera minorizatutik egoera normalizatura —Euskara Herria berrezartzera— igaro behar da». Erantzuten zion, baita ere, Vicente Reyes PSE-ko kideari, zeinak euskara behartzea haren erabileraren kontra doala adierazi duen: «Esango al dit jaun horrek non lortu den horrela ez bada nazio hizkuntza minorizaturen bat berrezartzea?».
Irakurketa hauek oroitarazi didate PNVk Jaurlaritza galdu berritan zabaldu zuen argudioa, esanez PSEk bi urtetan desegingo zuela eurak ia 30 urtetan lortutakoa. Berehala isiotu zen nire erraietan argudio peregrino horrek eragindako galdera: 30 urtetan egindakoa bi urtetan desegingo badizute, zein botere eskasa izan den zuk eduki duzun hori, ezta? Nola liteke, hori esan ondoren, berriro ere Jaurlaritza eskuratzeko asmo setatietan murgiltzea alderdi baten estrategia osoa?
Edo, agian, argudio horren ifrentzura jo behar genuke: 30 urtetan egindakoa bitan desegingo badizute, ez da ezer asko izan zuk egin duzun hori! Ez zen desegiten zaila! Bi aukerak hartuta ere, biak dira txarrak, bai ezer gutxi egitea, eta bai egindakoa bermatuko duen marko juridiko-politiko indartsu bat ez edukitzea.
Gure egoerak, 30 urte igaro ondoren, zerbait erakusten baldin badu, da zein ezgauza den estatutua bezalako azpi-sistema politiko bat gure herrian funtsezkoak diren alorrak berreskuratzeko, hedatzeko eta bermatzeko, gure beharrei tinkotasuna emateko.
Herri baten funtsezko osagarriak ez dira mugitzen boterean alderdi bat edo beste egon. Horrek adierazten du herri horretan badagoela gutxieneko kontsentsu bat, «continuum» bat belaunaldiz belaunaldi, mendez mende. Eta badagoela botere propio bat, egitura juridiko sendo bat, ukiezinak diren asmo eta norabide sozialak, kulturalak eta ekonomikoak hesitzen dituena. Nazioa desitxuratuko duen ezer ez du egingo estatu batek, eta horretan has litekeen alderdi politikoa blokeatzeko tresna juridikoak dauzka.
Gurea infra-botore bat da, ordea, ez datorrena gure herria salbatzera, baizik eta Espainiaren (berdin Frantziaren) itxura identitarioa gordetzera. Kosta ahala kosta.
Gure bizitza infra-politikoa da: nola da bestela posible urte askotako lorpen ttikiak berehala suntsitzea? Gurea boterea liliputiensea delako, kaso egiten jarraituz gero geu ere liliputar bihur gaitzakeena eta, ondorioz, baita gure ahalmen ideologikoak ere. Nik ez dut nahi horrelako botererik. Txikian bizitzeak murriztu egiten baitu irudimena bera ere, kamustu itxaropena eta konfiantza; bide berrien asmorik ez da loratzen ahal esparru laburretan hezitako garunetan.
Hasteko, horri ez zaio boterea deitu behar. Hori da frankizia merke eta txatxu bat, ez duena balio gure ahalmen guztiak garatzeko, gure nortasun politikoaren etorkizuna bermatzeko, ezta munduaren aurrean agertzeko ere. Estatutu batekin dabilen lurraldeari barre egiten zaio munduan.
Gu izan ginen planeta garai batean: bagenituen geure erakunde eta lege propioak, hizkuntza bat inork zalantzan jartzen ez zuena. Orain gu gauzkan sistema politikoaren ardatza Madrilen dago, han dago indarraren gunea, eta gure herria ez da Espainiaren biran dabilen asteroide bat baino, eta euskarak lur idorrak, lur mortuak aurkitzen ditu asteroide horretan.
Euskaldunak zerbait desorbitantea egin beharrean gaude: orbitan ibiltzeari utzi eta botere propio bat sortu, osatu eta inposatu, munduan diren estatu guztiek egin duten bezala. Pauso baten faltan gaude, eta pauso hori diseinatzen hasi behar dugu nahi eta nahi ez, gaurdanik eta gure kolektiboan dauden intelektorik distiratsuenak, zorrotzenak eta sakonenak inplikatuz. Une hori geroratzen dugun egun oro etsipenak espazioa irabazten duen egun bat gehiago bilakatzen da.
Gure arazoez gogoetan ari garenean, pauso baten falta sumatzen dut beti: ez dugu botere propioaren eskaerarik planteatzen, ez dugu zirkulazioan jartzen ideia hori, zer-nolako aurrerapena eta jauzia egingo genukeen, gure arazo guztietan, botere propio bat bageneuka! Gauzetan sakontzen ez bada, Gobernuz Kanpoko Erakundeen mailan mugituko da euskalgintza betioro; alegia, gobernuek egiten ez dutenari partxeak jartzera mugatuz. Ondorioen adarretan ibiliko gara beti arazoaren sustraietara jotzen ez badugu.
Mendekotasun politikoak mendekotasun psikologikoa ere badakar; Espainiaren ezetza barneraturik, gure pentsamenduak ere ezetza ematen die, sortu aurretik, plangintza handiei, helburu ausartei, gure jarrerak justu kontrakoa beharko lukeenean: diseinatu dezagun botere guztia guretzat, Espainiari beldurra eragingo dion desio, irmotasun eta seriotasunarekin.
Jakin nahi nuke botere autonomiko anorexiko bat baino dimentsio handiagoko boterea eskuratu nahi duten euskaldunak badirela gure herrian.
Pauso baten faltan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu