Momentu historiko bereziak bizi ditugu. Guztiok. Eta garai berri hauetan hitzetik hortzera biktimak aipagai bihurtu gara. Era abstraktu batean, esango genuke. Izan ere, zenbait alditan, badirudi, arin xamar hitz egiten ote den gutaz, biktima garen guztiotaz. Gainera, biktimen multzo honetan denetarik gaude.
Guk gure familiaz hitz egingo dugu, berezia delakoan baikaude. Bakoitzak bere berezitasuna izango duen ziurtasunean eta besteenganako begirune guztiarekin, gureak badu are bereziagoa egiten gaituena, tamalez, guretzat, bene-benetan tamalez.
Gure familia esaten dugunean, guraso eta zazpi anai-arrebaz ari gara. Senideok atxilotuak izan gara, erbesteratuak, torturatuak; mehatxu telefonikoak, jarraipen etengabeak jasan ditugu, han eta hemen, errepideetako kontroletan, oporretako hoteletan, etxean, lantokian… polizia indarrek bizitzen ez gaituzte utzi denbora luze, oso luzeetan.
Baina hori ez da ezer asko, asko bada ere, gure aitari gertatutakoarekin. Bi alditan izan zen biktima aipagarri.
Lehen-lehenengo oroimenetan zerbait baldin badugu gogoan gure aitarena, zera da, bere hizkuntza bakarra euskara zela (erdaraz hitz egiten ondo baldin bazekien ere) eta eskolatik, Geografia de Españako lezioa ikasita etortzen ginenean, nola esaten zigun gezurrak irakasten zizkigutela eskolan. Euskal Herria ez zela «Norte de España». Euskal Herriak bazuela bere Iparraldea eta Hegoaldea, Euskal Herria Nazio bat zela, menderatuta zegoena, borroka (bere iritziaz biolentzia gabeko borroka) bidez askatuko genuena. Francoren diktadurapean bizi ginen, baina hori ez zuen oztopo izan, Jose Antonio Agirre Lehendakaria hil zenean, tailerra itxi «por defunción» eta Donibane Lohizunera joateko; handik ekarrita, bere mahaitxoko kajoian ere bazuen jasoa ikurrin txiki bat, postaltxo bat. Bere tailerraren izenaren eta logoaren koloreak ikurrinarenak ziren. Abertzalea baitzen.
Baita ere, txiki-txikitatik irakatsi zigun gure aitak zein garrantzitsua zen sekretu profesionala, bera, taxilaria izanik, laneko kontuak ondo gordetzen zituen gizona zen, eta horretan irakatsi zigun. Baina nola diren kontuak, norbaitek edo norbaitzuek, salataria omen zela zabaldu, eta beste buru arin batek, lehergailua jarri.
1972an gertatu zen hori: ETAk autoa lehertu eta txikitu zion. Kalte ekonomikoa handia izan zen, auto erosi berria, ordaindu gabea eta bederatzi laguneko familia, alaba zaharrenak 16 urte eta zazpigarren semeak 8 urte. Baina kaltea ez zen ekonomikoa bakarrik izan, kalte ekonomikoa zen gutxienekoa, bere larritasunean, guk — berak eta bere familiak— jasan behar izan genuen bazterketa, mespretxu eta abar larriak eta gordinak izan baitziren.
Gertakizun horrek ez zuen gure aita bere abertzaletasunetik apartatu, eta tragedia horren gainetik, aurrera jarraitu zuen. EAJ zen bere alderdi politikoa, garaia haietan, artean, ez zen EArik.
Handik urteetara iritsi zitzaigun, isilpean, errua izan zenaren aitortza, baina kaltea, kalte ikaragarria, egina zegoen.
Baina hori gutxi balitz, 1982an, Triple A-k erail egin zuen. Berastegin.Urtarrilaren 1etik 2rako gauean, 60 urte bete zituen egunean.
Bere erailketa, politikoa izanik, lehen-lehenengo momentutik Batallón Vasco Español-ek eta Triple A talde terroristek errebindikatua izanik ere, ez zen bere auzia Audientzia Nazionalera joan. Garai haietan, auzi terrorista izan zitezkeenak, ETArenak ote ziren susmoa zuten guzti-guztiak Madrilgo Audientzia Nazionalera eramaten zituzten, baina, gure aitaren erailketa ez baitzen ETAk egina, Estatu Espainolaren kloaka-tatik eginikoa baizik.
Poliziak (MULAk) prentsa ohar bat kaleratu zuen, non argi utzi zuen atentatuaren ezaugarriengatik ez zutela uste ETArena izan zitekeenik.
Ez da hori guztia: Luis Blanquez Perez juez zorigaiztokoak, askorentzat tamalez ezagunak, «sobreseimiento provisional» agindu zuen, justu erailketatik hilabetera, otsailaren 2an, eta gaia gehiago ikertu gabe utzi. Egia esan behar da: ordurako Guardia Zibilak esana zionbere txostenean instrukzio epaile horri ziur zeudela Triple A izan zela gure aita erail zuen talde armatu terrorista.
Baina hainbat egunkari eta zurrumurruk beste era bateko kontuak aireratu nahi izan zituzten, 1972ko atentatuarekin lotu nahian, nahasmena sortuz.
Ondorengo denborak ez ziren xamurragoak izan gu senide guztiontzat. Telefono mehatxuak, atxiloketak han eta hemen, berdin zen oporretara joandako tokian, lantokian… berdin zen… eromenera eramateko jazarpena jasotzen jarraitu genuen. Eta bakardadean. Bakardade latz eta garratzean. Gertakizun hauek guztiek konpon ezinezko kalteak ekarri dituzte gure familiara.
Bolada honetan asko hitz egiten da errekonozimenduaz, barkamenaz, erreparazioaz. Asko. Askotxo.
Errekonozimenduaz hitz egiten da.
Gure aita, biktima batek behar duen errespetu eta begirunea jaso beharrean, bazirudien borreroa bera zela, eta askoren memorian nahasmen hori gelditu da. Horrek bere eta gure izen ona zikindu besterik ez zuen egin, eta behar da errekuperazioa, errekonozimendua eta begirunea, bai. Guri barkamena ez digute eskatu, baina gaineratu nahi dugu ez dugula barkatuko. Ezin baitugu barkatu, ez baitugu barkatu behar. Nola barkatuko dugu gure aita erail izana?
Erreparazioaz hitz egiten da.
Ba, dena ezin da erreparatu. Torturak, mehatxuak, jazarpenak, atxiloketak… ondorioak uzten dituzte, txarrak. Agian, denborarekin senda litezkeenak. Baina hildakoak… Bizitza horiek ezin dira itzuli; horrek ez du erreparaziorik. Min eta kalte ikaragarri eta neurtezin den hori, guk geuk, biktimok ere neurtu ezin dugun hori, agian, arindu egin liteke; erreparatu sekula santan ez. Eta Memoria izan behar da. Gorde behar da. Gertatutakoak ezagutu behar dira. Gizarteratu behar dira. Gehiago, inoiz, inon errepika ez daitezen. Eta pentsatzen dugu beste biktima askori ere antzeko zerbait gertatuko zaiela; hau da, herri honi bere Hitza eta Erabakia aitortu eta Bakea lortzen ez den bitartean ez dela arinduko hainbeste min eta hainbeste sufrimendu. Gertatu zaiguna ez dela erabat alferrik izan sentiaraziko digun eta zama eramaten lagunduko digun Bakea. Eta horretan egin behar dugu lana. Denok. Biktimak ere bai. Lan gogorra, etengabea, errespetu handiz, sentsibilitate handiz, umil.Eta ardurak dituenari ardurak exijitu behar zaizkio.
Erantzukizuna duenari erantzukizuna exijitu behar zaio.
Urratsak egin behar lituzketenei urratsak egitea exijitu behar zaie.
Bai, noski.
Paulo, aitortu gabeko biktima
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu