Patxi Ezkiaga nire irakaslea izan zen Bilbo erdian La Sallek izan zuen ikastetxean (Santiago Apóstol, Alondegi ondoan) 70eko hamarkadan. Honetan zein Deustukoan (nire koinatuen kasuan) irakasle bezala izan genuenok antzeko ikuspegia dugu. Oso irakasle ona zen eta haren jarrera eta jarduera ez zen amaitzen gelan eta irakaskuntza arautuan, kanpoan jarraitzen baitzuen. Eta guretzat garrantzi handiko arlo batean, euskara, euskal kultura eta Historia irakasten aritzen baitzen, gelako ingelesaz gain. Eskolaz kanpoko ekintzetan, mendiko ibilbideetan ere, aritzen zen ikasleekin (mutilekin) harreman garbien bidez. Gaztea ikusten genuen, gugandik hurbil, atsegina, irekia eta euskaldun petoa. Oraindik gogora dezaket nirekin izan zuen portaera hurbila eta atsegina ondoeza izan nuen egun batean. Euskal irakasle bezala eredutzat hartzen genuen, eta pozik izan ginen esperientzia hori bizi izanaz. Kategoria handiko gizakitzat hartu genuen, eta, geroago, haren argitalpenak eta idazkiak ikusi genituenean, harrotasun apur bat izan genuen haren ikasle ohiak izateagatik.
Horregatik, sexu-abusuen afera entzutean harridura sentitu genuen, eta berriarekin batera geroxeago sentsazio askoren arteko nahasketa bat. Lehenik eta behin pena emakume batzuk (umeak zirenak) ekintza barkaezinetan izugarri kaltetu izateagatik. Gero, sinesgaitza gaindituta, haserrea, portaera justifikaezinaren egilea izateagatik. Eta tristezia ere bai, jarraibidea galdu izateagatik, hain dira gutxi pertsona interesgarriak gure gizartean, edo agian ugari besteak. Eta hauekin batera, etsipena, gizaki batengan ezagutzen ez genuen alde ezin ilunagoa eta nazkagarriagoa ezagutzeagatik.
Gizakiekin maiz gertatzen da argitasuna arlo batean islatzen dela, baina arrakasta partziala dela. Beraz, beste alde batetik idazle (eta goi mailako akademiko eta kargudun) batzuen kasuan bizitza pertsonalean gabeziak ikusten ditugu, portaera negargarriak: adibidez, ondoko pertsonak txarto hartzea, laneko edo arloko pertsonak modu desegokian erabiltzea edo tratatzea, besteen lanez aprobetxatzea, beste ikerlarien ekarpenak ezkutatzea, pertsonak baztertzen dituen eskumako ideologia bultzatzea. Giza arrakastak den-dena estaltzen du eta geruza distiratsu faltsu baten bidez errealitatea mozorrotzen du. Are gehiago administrazio publikoek goi mailakoak omen diren horiek saritzen dituzten garaian. Horra hor zenbat jeneral dauden gure kaleetan, pertsona errugabe askoren erailketan ezinbestez nahastu zirenak. Zeren ereduak dira horiek?
Guk ordea, etsipena gaindituta, pertsona horien onena gordeko dugu, baina beste pertsona jator batzuengan aurkitzeko eta jarraitzeko asmoz. Aldi berean, nazka ematen diguna ez diegu barkatuko, eta, horregatik, errekonozimendu publikoarekin zer ikusirik duen guztia desagerraraztea gutxieneko ekintzatzat hartzen dugu.
Modu berean, gaurko ekintza hori, normalizatuta dagoena, ekintza bortitz batzuen bidez gizakien kontra arduratu direnak espazio publikotik kentzea, ezinbestekoa ikusten dugu. Horregatik, ez da zilegi Historian zehar izan diren hiltzaileak, batez ere estatuburuak eta goi kargudunak, gogoratzea behin eta berriz, kaleen izenetan, monumentuetan, Historia liburu aseptikoetan eta abarretan. Gure memoria kolektiboak muzin egin behar dio horrelakoari.
Guk, bestela, duda zipriztinik gabe gure heroiaren portaera arbuiatu behar dugu, eta, horren logikan, desagerrarazi ere bai haren oroimena leku publikoetatik. Bakoitzari berea. Eta besarkatu eta babestu biolentzia jasan duten pertsona guztiak eta, batez ere, emakumeak, zapalduak eta erasotuak soilik emakumeak izateagatik.