Baratzezaina

Patriarkatuaren itsasoan itoak

Miren Larronde Ajuriaguerra
2024ko urriaren 24a
05:00
Entzun

Ttipitatik irudikatu izan dut euskal gizartea ezberdina zela. Kanpoko jazarpen eta zuzengabekerien aurka egiten zekien jendarte bat, erresilientziaz josia, bakoitzari legitimoa zitzaizkion armen bitartez ezinbestekoak ziren kausak defenditzen dakiena, euskaldun bizitzeko baldintza injustizien aurkako borrokari lotzen duena. Sentimendu honekin loturik, injustua agertu zaidan egoera bat partekatzeko gogoarekin nator, honen aurrean zerbait egitearen ezinbesteko beharra etorri zaidalako.

Goiz honetan irratia piztua nuen eta ene belarriek zailtasunez integratu zuten azaldua zen informazioa. Jon Mirande idazlearen liburu baten aurkezpena proposatua zitzaigun. Haur besoetakoa. Liburu honen laburpena Wikipediaren eskutik: «Familia diruduneko gizon batek, Teresa bere iloba eta haur besoetakoa etxean hartuko du umezurtz gelditzen denean. Gizona, gorrotoa eta nazka besterik eragiten ez dion emakume batekin ezkontzekotan dagoela, hamaika urteko neskatoaz maiteminduko da, jende guztiak gaitzetsiko duen maitasun istorioa hasiz. Gizonak, bere etxaldean, Teresa hezteko ardura oso-osorik bere gain hartuko du. Jendartearen ustelkeriatik urruti, neskatoa ez du gehiago eskolara bidaliko, eta gai guztietan heziko duela erabakitzen du, baita sexu harremanetan ere. Bikoteak ezinen ditu bere asmoak aurrera atera eta istorioaren bukaera guztiz tragikoa da».

Zailtasunez liseritzen den gai bat.

Irratian istorioa aurkeztua zen «30 urteko mutil baten eta 11 urteko neska baten arteko maitasun istorio bat» bezala. Zer? Elkarrizketa denboran proposatua zitzaigun liburu honen irakurketa «jasangarriago» egiteko moldea: «erasotzailearen buruan sartzea». Nola?«Biziki ontsa idatzia [...] Liburua Interneten, urririk ere, eskuragarri dena. Klasiko bat». Ezin dut sinetsi.

Bat-batean ene mundua puskatu egin zen. Ez al ditugu gure inguruan patriarkalak diren eredu aski, gosari denboran perbertsoa den pertsona batetik urrikalmendutsu izatea proposamena egiteko? Euskarazko literaturaren klasiko eta hainbat interpretazioren aitzakiak hartuz ere, gizartearen parte baten bizipen tragikoak ukatzen ditu!

Aski da! Barne-suak ezin du ene amorrua baizik elikatu. Arazoa sakondu behar dut, ito gabe.

Traketsa izan den elkarrizketa hori abiapuntu gisa hartu nahi nuke, adibide honek irudikatzen baitu nola patriarkatuak gure burumuinak infiltratu dituen. Zehaztu nahi nuke nire gogoetak ez duela inori errua leporatzen, arazo sozial hutsa baita. Jendartean diren arazoak konpontzeko pretentsiorik gabe, korapilo txar honen hari bat tiratzen ari naizela baizik, idazketak ideiak eztitzen dizkidalako.

Denak gaude patriarkaz kutsatuta den itsaso zabalean galduta. Mendeak ari garela ur honetan igerika. Ongi integratua izan zaigu itsu egoteko flotagailua goxoagoa dela! Begiak ideki zituztenak itsasotik ur iturrira joan ziren, ibai eta erreken kutsaduraz ohartzeko. Ur korronteen aurka, arazoa hainbat zentzutatik tratatzen hasiz.

Guztiok luzaz ilundutako gizonen bortizkeriari buruz ari baita azalpena. Emazte eta haurren aurkako bortizkeriak ezin ditugu ohikotasunean utzi eta onartu. Biktimen traumatismoak ikusezinak badira, errealitate bat osatzen dute, gizarteak guttitan ulertu edo kontuan hartu nahi dituenak, berak baitu hainbat bizipen-errealitate propio. Bakoitzaren bizipenak ezezagunak gelditzen dira, tresna sozialak ez baitira ongi eraikiak biktimen entzuketa eta ulerpenerako. Lorpen sozial hori posible izango da, ingurumen seguru bat muntatzen hasten bagara baizik, fidantziazkoa. Oraindik sobera daude goraipatuak diren gizon bortitzak, menpekoek isilean sufritzen duten bitartean. Honek biktimen beste sufrikario bat osatzen du, segurtasun gabeko ingurumen batean berriro sartzen dituena. Zuzengabea eta jasan ezina dena.

Ongi agertzen zaigu gizonen bortizkeriek epaitegietan ez dutela konponbidea aurkitzen. Gizartetik etorri behar den indarra da, beldurrik gabe errealitatea begiratuz, menpekotasunak hausteko eta harreman sanoak lotzeko. Gure eguneroko harremanetan dugu lehenbiziko palanka, gure ikusmolde kutsatuak galderan jarriz, hitz eginez eta aldatuz. Menpekotasuna eta bortizkeriak ahalbideratzen dituzten mekanismoak desegiten hasteko baldintza hor baitugu. Elkar entzun, ulertu eta ikasteko espazioa sortzeko. Ezinbestekoa dugu, arloz arlo, proposatuak zaizkigun ereduak kritikatzea eta hautu argiz baztertzea, errealitate guztien artean bidegurutzea sortzeko. Hauta dezagun zer-nolako ereduak nahi ditugun euskal literaturan, beste arloetan bezala. Guztiok jakin dezagun zuzen gure haurrei zer irakatsi nahi diegun. Biharko jendartearen harremanak zein hariz josi nahi ditugun erabakiz. Has gaitezen euskaraz irudikatzen elkarren artean sortzen ahal ditugun harreman ederrak!

Euskal literatura munduan goraipatua izan den Jon Miranderi buruzko film-dokumentala atera da. Dakizuen bezala, pertsonalitate polemikoa da hainbat aspektutan. Ez dut oraindik argi zer izan zen Josu Martinezen helburua honekin, baina galderak altxatzen ditu! Ez dezagun Jon Miranderi buruzko auzi sozial batean gure indarra xahutu, ez baita gure gaia. Gizonen bortizkeria hutsari ohikotasuna ez ekartzea baita gure lana! Guztien indarra behar dugu gure ingurumen soziala eraikitzeko.

Esperantza dut filmegilearen salaketa modu bat dela, arazo sozial bortitz horrek euskal mundua, besteak bezala, jotzen duela argitara eramateko. Ohar gaitezen, gizonen bortizkeriari aurre egiteko garaia etorri zaigula. Intimoa politikoa baita.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.