Patri Urkizuri omenaldia

Aizpea Goenaga Mendiola
2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun

Joan den martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Donostia Antzerki Saria emateko egiten den urteroko ekitaldian, Patri Urkizu idazle eta antzerki ikertzaileari omenaldia eskaini zitzaion. Omenaldia Jaime Otamendiren eskutik hasi zen, eta Patri agertokira igo zen momentua benetan ahaztezina izan zen. Antzerkizalez gainezka zegoen antzokia, eta denok txalo zaparrada luzea eskaini genion omenaldia hain merezia duen maisu honi.

Antzerkian gabiltzanontzat Patri erreferente ukaezina da. Bere artikuluak, eta batez ere euskal antzerkiaren inguruan egindako ikerketak eta euskal antzerkiaren historiari buruz egindako lanak, eskertzekoak dira. Bai, Patri Urkizuri esker gure antzerkiaren memoria bizirik dago. Berari esker garai bateko antzerki egileek bizirik diraute. Bera izan da antzerki tradizionala begirada modernoarekin erakutsi digun ikerlari eta antzerkizalea. Ezin baita antzerkia ikertu, eta are gutxiago euskaraz egindako antzerkia, berak izan duen grinarik eta zaletasunik gabe. Horretan ere maisu!

Ederra izan zen Antzerkiaren Nazioarteko Egunean eta euskal antzerkiaren festan Patri oholtza gainean ikustea, hori bai gauza bitxia, beti butakatan egoten den gizona baita. Baina berari esker euskal antzerkia nazioarteko ikerketetan txertatu da, berari esker euskal antzerkiaren historia gorde delako, berari esker antzerki tradizionalaren balioak gurean jarraitzen duelako, berarengan antzerkizale, ikerle eta egileok maisu bat dugulako.

Ederra izan zen Kamikaze kolektiboak Donostia Antzerki Saria jaso zuen egun berean Patri Urkizuk omenaldia jasotzea. Belaunaldi ezberdinak omentzen eta saritzen. Kostata bada ere... euskal antzerkia hor! Eskerrak! Eta eskerrik asko, Patriri, ereindako eta landutako guztiagatik.

Diskurtsoan esan zuen bezala, «50 urte zehazki hasi nintzela argitaratzen Iparraldeko teatro zaharra: xaribariak. Bi urte geroago, 1975ean, Euskal Teatroaren Historia Gabriel Arestiri, eta, hamar urte geroago, Euskal Antzertia Piarres Larzabal eta Antonio Labaieni, Ipar eta Hego Euskal Herriko bi zutabe nagusiei eskerrak egin lanagatik. Denborarekin lortu nuen biltzea Zuberoako Irri-teatroa eta plazaratu Baigorriko Izpegi argitaletxean. Geroago etorri ziren pastoralak eta hor daude bilduak UNEDeko Teatro popular vasco titulupean, eta hitzaurre hiru eledunarekin, euskara, gaztelania eta frantsesa, XVIII. mendeko obra zaharrenak».

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 80ko hamarkadan Antzerti martxan jarri zuen, eta bertako aldizkarian egindako lanak ere gogoratu zituen. Bertan ezagutu nuen Patri, beti irribarrea ahoan eta ezagutzen ez genituen antzerkigileak eta antzerki tradizionala erakusten beti.

Eta aipatu zituen bere bi ikasle, gaur egun doktore direnak eta bere ikerketaren bidetik jarraitu dutenak: Idoia Gereñu eta Arantzazu Fernandez.

Azkenik, irribarrea ekarri zigun esaera zahar batekin itxi zuen bere omenaldiaren esker hitza, alegia castigat ridendo mores, barre eginez zigortzen dira ohitura txarrak.

Butakan geundenok irribarrez egin genuen txalo. Txalo luzea eta beroa, bihotzez atera zena.

Duela egun batzuk, Patrik mezu bat bidali zidan, prestatzen ari den autobiografian argazki bat argitaratzeko baimen eske deitu zidan (horrek erakusten du bere maila), Santxa antzezlanarekin Euskaltzaindia Saria jaso nuenean ateratakoa; bertan gaude Patri, Jean Haritxelhar eta hirurok. Eta «baimena ez, Patri, niretzat ohore bat da argazki horretan agertzea», esan nion.

Euskal antzerkiak asko zor dio, eta euskal antzerki egileak oso eskertuta gaude; horregatik, Patri Urkizuri egin zitzaion omenaldia ondo merezitakoa izateaz gain, hori guztia azaltzeko aukera ezin hobea izan zen. Zorionak Patri, txalo beroa, esker mila, brabo eta biba zu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.