Ikasleek atsedenaldia bukatu berri dute eta ikasgeletara ari dira bueltatzen. Korridorea ikaslez gainezka dago, asko korrika eta oihuka. Zarata handia dago. Poliki-poliki desagertzen joango da, ikasleak geletan sartu ahala. Hezkuntza-berrikuntzaren aldeko arima ederrek esango lukete plazer handia dela nerabeen bizitasunaren espektakulu atseginaren lekuko izatea.
Saltoka dauden nerabe oihukarien uholdearen erdian irakasle batzuk doaz klasera, korronteak eramanda bezala, koadernoei eta eramangarriei bularraren kontra helduta, Le Radeau de la Méduse-ri helduko baliote bezala. Batzuetan ikusizko kontaktua dago norabide batean datorren eta kontrako norabidean doan beste irakasle baten artean, eta begietan edo ahoan keinu txiki bana sumatzen da, «ezin dugu ezer egin» bezalako zerbait begiradarekin elkarri esango baliote moduan, «hemen gaude», «ea portu segurura iristen garen behingoz», irribarre triste batekin.
Halako batean, lauzpabost ikasle pasatzen dira ziztuan, gainontzekoak bortizki bultzatzen, bat lurrera botatzen dute kasik, «azkena gay» oihukatuz. Zeuk, pasillotik doan irakasleak, zer egin erabaki behar duzu. Haiengana hurbildu, zarata eta iskanbilaren erdian eurekin hitz egiten saiatu, eurak saltoka, bultzaka eta oihuka dauden bitartean, pasilloetatik ez dela korrika egin behar esan, ikaskide bat bota dutela lurrera, eta hori ezin dutela egin, ezin dutela inor intsultatu. Hori eginez gero, oso litekeena da zentzurik gabeko eztabaida bukaezinean hastea, «ni ez naiz izan, nik ez dut korrika egin, nik ez dut oihukatu, qué dices tía, nik ez dut inor lurrera bota, gay ez da ele txarra, ezin didazu parte bat ipini, bost axola parte bat ipintzen badidazu». Ezagutzen duzu egoera: bat-batean, txirrina jotzean desagertuko dira guztiak korrika norabide batean bakoitza, nor bere ikasgelara. Zu, momentuz, garaiz zoaz zurera, eta Leninen galdera datorkizu burura: zer egin? Tokatzen zaizun ikasgelara hurbildu zaitezke, lanen bat ipini, oraintxe zatozela bueltan esan, egon daitezen formal; agian, zaintzako baten bila joan, eurekin geldi dadin zu bueltatu arte (baina baliteke inor ez egotea libre, badakizu, oso justu gaude); gero, istilua sortu duten ikasleen bila joan; hasi berri den eskola moztu momentu batez, eta pasillora aterarazi (orain baketsu dago). Haiek gelakideen aurrean ozenki harropuztu eta sumindu egingo dira jasotzen duten tratua dela eta, zein bidegabea den, ikasgelatik ateratzea errieta botatzeko. Harro, poz eta handiuste nabarmenez, disimulatzen ere saiatuko ez direnak.
Baina eszenako okerrena ez dago protagonistengan, foku eta arreta osoa bereganatzen baitute. Okerrena zera da: egoera honek, mila aldiz errepikatu denak, tantaz tanta estalagmita bat uzten duela, jalkin bat, gainontzekoen ariman. Batzuk dibertituta daude, inbidiaz jota (ze pena, ni ez naiz horietako bat, ez naiz ausartzen, edo ez nindukete onartuko haien artean), zuhurki zirikatuz, saioa girotzen dietelako eskertuta. Beste batzuk, aspertuta, disruptiboen etenaldiez nekatuta. Baten bat deseroso eta izutu samar (gay gisa iraindua edo seinalatua izan den hori; edo besteren bat, beldur dagoena bera izango ote den hurrengoa bere atzean antzeko zerbait entzungo duena pasilloan).
Pasako da eskolako ordu erdi gutxienez, zure taldea atenditu gabe geldituko da eta hurrengo errekreo ostean berriro errepikatuko dute jardunbide berbera, agian pasio gehiagorekin, badakitelako irakaslearen begia gainean edukiko dutela. Ez duzu ezer lortuko, berandu ailegatuko zara zure klasera, desesperatuko zara ezertarako. Parte bat ipintzea oraindik txarragoa da, aurrekoari gaineratu behar zaio gertaturikoa «objektiboki» idatziz azaldu beharko duzula formulario batean, gero ikasleei kopia bana eman, esan hurrengo egunean guraso batek sinatuta ekarri behar dutela eta, ekarriko ez dutenez, euren atzean ibili egun batzuetan.
Kostuak eta etekinak kalkulatzen dituzu zure baitan eta, honela jokatzearen alde onak eta txarrak haztatuta, ez duela merezi lokatzean sartzea erabakitzen duzu. Zure ikasleei zor diezu, ikasgelan zain daudenei, jorratzen ari zareten gaian aurrera egiteko jarduerak eta ariketak prestatu dituzu. Lehenengo aukera hartuz gero, emaitza hezitzailerik ez dela egongo jakin badakizu. Gainezka zaude, hobe da ez entzunarena egitea, beste alde batera begiratzea, gauza horiek ikasgelaren barruan ez gertatzeaz arduratzea. Baina pasilloa far westa da, hor ez dago legerik, hau da, indartsuenen legea nagusitzen da.
Bereziki problematikoa ez den zentro baten eguneroko egoera bat da. Burokraziaz gainezka gauden irakasleok, burua ordenagailuaren pantailan betiko sartuta, gure osasunarekin ordaintzen dugu urrats bakoitzean agertzen zaizkigun egoera guztiei erantzun nahi izatea. Eta hori ezin dugunez egin, bizirauteko estrategiak garatzen ditugu. Estrategia horiek irakasle eta hezitzaile gisako gure atazaren kalitatearen kalterako dira. Baina zer egin ahal dugu guk? Jaurlaritzako Sailak edo Berritzeguneak bezalako erakundeek ez digute ezertarako balio, ez digute laguntzen eguneroko gatazka horiek edo beste asko konpontzen. Aitzitik, alferrikako lan-karga gehitzen digute askotan. Ez al da garaia txorakeriak esan eta egiteari uzteko eta ea nola hobetzen dugun hezkuntza-kalitatea eta elkarbizitza ikastetxeetan ikusten hasteko behingoz?