Pasaiako sarraskia, amaigabeko sufrimendua

Arantxa Isart
2016ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gure sufrimendua 1984. urteko martxoaren 22an hasi zen. Gau madarikatu hartan, Espainiar Poliziak ondo prestaturiko segada bat burutu zuen gure lau senideren aurka. Ehunka omen ziren armaz leporaino beteta mendeku bila bertaratu ziren «izenik gabeko»funtzionarioak. Gaueko iluntasunaz baliatu ziren beren ekintza odoltsu eta basati hura gauzatzeko.

Segadaren ondorioz, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura erail zituzten, 28na bala zulo sartu zizkieten bere gorputzetan. Hala ere, ez zuten beren odol egarria ase, eta segidan Dioni Aizpuru eta Rafael Delas identifikatu eta «atxilotu» ondoren, bertatik bertara fusilatu zituzten. Kasu hartan, 36 eta 21 bala zulo jaso zituzten. Guztira, 113 bala zulo lau gorputzetan.

Ikaragarria, sinestezina, baina, tamalez, errealitate gordina.

Hori guztia horrela gertatu zela baieztatzeko, batetik Rosa Jimeno eta Joseba Merinoren zuzeneko testigantzak daude, eta, bestetik, Pako Etxeberriak egindako autopsiaren txostena.

Lau sendiren sufrimendua hasia zen.

Polloeko hilerrian gorputzen errekonozimendua egiterakoan Poliziak lau familiekin eduki zuen portaerak ez dauka justifikaziorik. Mespretxatu, iraindu eta barre egiten ziguten. Oso tratu krudela izan zen. Une haiek bizitza guztirako markatu gaituzte.

Geroztik, sufrikario honek ez du etenik izan. Ez da inoiz auzia argitzeko borondaterik izan. Eskatu ditugun froga gehienak atzera bota dizkigute. Ikertzeko borondaterik eza nabaria izan da, eta da.

Bestalde, urteetan zehar auzia salatzeko egin ditugun ekimenetan, debekuak, atxiloketak eta egurra besterik ez dugu jaso. Horren adibide 25. urteurrenean, Pasaiako Sarraskia Argitu lelopean ekitaldi xume bat egiteko asmoz ginela, berriro ere Pasaiako Badia poliziaz bete zuten. Ertzaintzak lurrez, airez eta itsasoz hartu zuen herria, eta ekitaldia galarazi ziguten. Kaleetatik atera nahi gintuzten, gure protestak isilaraziz.

Gure barne zauriak, berriz, gero eta sakonagoak.

Hogeita hamabi urte pasa berri diren honetan, ekainaren 22an jakin dugu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak auzia betirako artxibatzeko erabakia hartu duela.

Dauden testigantzekin nola da posible fusilatze haiek zigorrik gabe geratzea? Hau al da demokrazia baten justiziaren adibidea? Egia jakiteko eskubiderik ez al daukagu?

Gaur egun politikariek asko hitz egiten dute biktimez, sufrimenduez eta aitortzaz, baina gu, behintzat, guztiz baztertuta gauzkate.

Urtarrilean, Eusko Jaurlaritzako Biktima Sailari Pasaiako auziaz hitz egiteko bilera bat eskatu genion. Zazpi hilabete geroago oraindik ez dira gurekin elkartzeko gai izan. Benetan lotsagarria, hau al da biktimekin daukaten sentsibilitatea?

Gure sufrimendua gero eta handiagoa da, oso minduta gaude, baina ziur egon zaitezte gure lau senideekin egin zuten bidegabekeria hura inpunitatean gelditu ez dadin duintasunez lanean jarraituko dugula. Ez dugu etsiko.

Pasaiako Sarraskia argitu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.