Pasa ezazu kaputxa, kamarada

Esther Asensio Nerea Segurola, eta Lur Arrizabalaga
2016ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Pasa ezazu kaputxa, kamarada! Amorrua zabaldu, bat egin marea beltz honekin, eta jar ditzagun kolokan heteropatriarkatuaren zimenduak.

Hainbat kolektibo feministek segitutako bideari jarraituz, berriak ez diren borroka moldeak praktikan jarriz eta biolentzia matxistari erantzun irmoa emateko asmoz, Farrukas kolektiboa jaio zen 2014an.

Zeintzuk ote garen baino gehiago, garrantzitsuena eta gure apustua da kide eta kolektibo feministen arteko sareak jostea, aliantzak borroka molde eta estrategia gisa ulertuta. Buru-beroki kutsapena edozein txokotan leher daiteke, edozein unetan; hedatzen ari da, kontagiatzen, kolektibizatzen, araurik eta liderrik gabe. Eta, zentzu horretan, gogorarazi nahi dugu, beste behin ere, gure apustua beltza izan arren, ileorde koloretsuek, tangek zein buru-berokiek, denek gehitzen dutela eta deusek ez duela kentzen, horren beharrezkoak diren indarkeria matxistaren kontrako aliantzak josterakoan.

Indarkeria matxista salatu eta beroni erantzuteko kalera batera ateratzea da gure apustua, hasiera-hasieratik, ukatu diguten hori guztia eginez: kaputxa ipinita, beltzez jantzita, zarata eginez, amorrua adieraziz, indarrez... Menpeko emakume biktima eta pasiboaren irudia urratuz, eta aktibo eta borrokalari gure burua erakutsiz, jakinda boterea eta indarra dugula. Kaputxa janzten dugu identitate kolektiboa sortzen duelako, indibidualizazioaren eta heteropatriarkatuaren kontrako borroka estrategia gisa. Bati egiten badiote eraso, denok erantzunen dugu!

Estaltzearen helburua ez da ezkutatzea, ez dugu beldurrarengatik ezta lotsarengatik ere egiten. Buru-berokia jantzi behar izan dugu, ordea, entzun gaitzaten eta izandako oihartzunak argi eta garbi frogatzen du.

Beldurra aldez aldatuko dugu da estrategia politiko gisa gogotik hautatu dugun leloa, jakinda probokatzailea dela eta ez adiskidetzakoa, izan ere, hain justu, eztabaida da sortu nahi duguna. Baten bati min ematen badio, pentsa dezala zergatik eta aldatu behar duen horren ardura har dezala. Hona hemen ideia batzuk: indarkeria matxisten aurrean isiltasuna, kolaborazioa, legitimazioa, babesa, pasibotasuna eta, zuzenean, biolentzia bera erabiltzea. Ez dugu genero maskulinoak izua sentitzerik nahi, bai, aldiz, erasotzaileek: eraso egin ez diezaguten nahikoa ikara senti dezaten nahi dugu. Indarkeria da emakume bezala sozializatuak izan garenon aurka heteropatriarkatuak darabilen izua, guk erantzun besterik ez dugu egiten. Eta, bai, adiskideok, botere eta pribilegio galerak beldurra ematen du, eta horra hor esaldiaren ekarpen pedagogikoa. Bide batez: beldurraren feminizazioaren aurrean inork ez du txintik esaten.

Noiz hartuko dute beren ardura gizonek? Noiz erasotzaileek? Noiz gizarteak bere osotasunean? Noiz hasiko dira gizon gisa sozializatuak izan direnak beren maskulinitatea ezbaian jartzen eta pribilegioei iskin egiten?

Guri beldurra irakatsi zaigu eta, gainera, oldartzeko eskubidea bera ere ukatzen digute. Oldartzeko eskubidea gure egiten dugu erantzuteko erreminta eraginkorra delako, mugak jartzeko, ezetz esateko, errespeta gaitzaten. Beldur hori erantzun aktiboa eta borrokalaria izatea nahi dugu, eta horren alde lerratzen gara.

Bortitzak? Guk heteropatriarkatuak emakumeon eta bestelako gorpuztasun ez hegemonikoen kontra erabiltzen duen indarkeria erantzun baino ez dugu egiten. Bortitzak? Indarkeria matxista emakumeak erailtzen ari da, eta ez da deus gertatzen. Eta gure jarduna da zalantzan jartzen dutena gertatutakoa kalean salatu eta erantzun behar dugula esateagatik? Zein da hemen eztabaida: buru-berokiak janzten ditugun ala erailketa matxistak?

Zer gertatzen zaigu emakumea eta indarkeria hitzak elkartzen direnean? Alde batetik, inposatutako feminitate rolek oldarkortasuna eta autodefentsa ukatzen dizkigute. Bestetik, egiten duguna egiten dugula ere, bortitzak garela esanen dute, zigortu eta kriminalizatu egiten gaituzte, hain zuzen ere, emakumeoi egotzitako derrigorrezko sumisio hori apurtzen ari garelako. Erantzunez gero, gaizki, eta bestela ere bai!

Hipokrita eta faltsua da sistema heteropatriarkalaren indarkeria eta autodefentsa feminista alderatzen dituen diskurtsoa. Lehenengoa botere posizio batetik gauzatzen da; bigarrena, berriz, opresio toki batetik emandako erantzuna da.

Ez gara isildu eta ez gara isilduko biolentziak gure bizitzak kolpatzen, inbisibilizatzen, zapaltzen, ukatzen, baztertzen eta isiltzen dituen bitartean. Eta hori guztia gertatu artean, borrokarako grinez oihu eginen dugu, feminitatearen rolak hankaz gora jartzen segituko dugu, batera erantzunez, nahasirik, denok bat, iragan apirilaren 9an Gasteizen argi geratu bezala, erantzun guztiak bidezkoak eta beharrezkoak direlako.

Marea beltz bat amorruz eta irmotasunez mintzo da. Isilik, menpeko eta otzan nahi gaituzten horien tinpanoak zartatu ditzakeen amorru karrankariz. Guk dantzan eta ospatzen jarraituko dugu, eta, aldi berean, borrokan. Borrokan, mugimendu feministaren iraultzarako indar leherkaria inoiz baino biziago dagoelako. Hasi ginean baino gehiago garelako eta izaten jarraituko dugulako.

Gora borroka feminista!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.