Parte hartzea eta 'fracking'-a

Iñigo Leza, Eider Fernandez de Pinedo, Mikel Otero
2013ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko mahaiak, EAJ, PSE eta PPren bozekin, Arabako Fracking Ez herri mugimendutik sortu zen batzorde sustatzaileak aurkeztu zuen Herri Ekimen ezeztatzea erabaki zuen. Erabaki hau, garrantzirik gabeko egintza administratibo xumetzat hartu izan zen arren, benetan gaindikotasun handikoa dela esan beharra dago. Errefusatzeko erabilitako argudioa zera izan da Arabako Biltzar Nagusietatik zetorren xede berdinari buruzkoa proposamen bat jada bideratzen hasia zela. Arabako Biltzar Nagusietako proposamenaren bideratzea, PSE eta PPk aurka bozkatu zuten arren, onartu izan zen eta fracking-a aipatzen du, bai, hori egia da. Baina honen eremua babesguneetara soilik mugatzen den bitartean, HELak debekua EAE osorako izan dadila dio. Gainera, HELak lehengai ez konbentzional guztien erregulazioa nahi du, eta hori Biltzar Nagusietako proposamenean ez da aipatu ere egiten. Bestalde, kontsultatu izan diegun hainbat erakundeen arabera, HELari oztoporik jartzea ala ez zalantzan egonez gero, honen irtenbidea beti herritarren parte hartze zuzenerantz bideratu beharko litzateke. Higiene demokratikoak eskatzen du eta.

Ohartarazi beharra dago ebazpena txosten juridikoz baliatu gabe eman dela. Hau da, erabakia soilik politikoa izan dela argi dago. Hala eta guztiz ere, mahaiaren erabakiaz gain, fracking-aren gaia da jokoan dagoena. Euskal gobernu berriko ahots batzuek oraingo baldintzetan fracking-ak interesatzen ez duela jendaurrean azaltzea eta herritarron iritziari aurrerapausoa ematen uztea ez dira gauza bera. Hau da, ez da berdina herriaren iritzi hau egunero sentitzen den aldarri-sentsazioa debekua eskatzen duten milaka firmatan bilakatzea.

Alderdi batzuk, beren hautesleria lasai mantentzeko, pirueta semantiko galantak ematera behartuak ikusi izan dira, enpresa energetikoekin eta beraien lobby-ekin bilerak izaten zituzten bitartean. Bilera hauen xede nagusia iritzi publikoa nola maneiatu ahal duten ikustea delarik, azkenik teknika ezarri ahal dezaten. Kantabriako PPk debekua babesten du, eta Madrilen, aldiz, esplorazioaren aldekoak dira. PSOEk, berriz, Madrilen debekua eskatzen du, Euskadin, ordea, Texaseko ikasle finena izan zelarik. EAJ fracking honen aurka agertzen da Madrilen debekatu ez dadila defendatzen duelarik. Adierazpen, eskabide, mozio eta proposamen hauen guztien entsaladaren helburu nagusia denbora pixka bat irabaztea besterik ez da, mirari teknologikoa laster etortzear delako konbentzitu nahi gaituen bitartean, amaieran lehengai ez konbentzionalak ustiatzen amaitzeko.

Politikariek azalpen korapilatsuak egitearen arrazoia argia da. Jadanik mundu mailakoa den fracking-aren aurkako mugimenduak zera adierazi du, ikerketa sakon eta deserosoetan oinarrituta: fracking-aren aldeko apustua egitea hutsegite galanta dela bai ingurumenari bai ekonomiari edo eredu energetikoari begiratzen badiogu. Eta fracking hitza bera zauritu dute. Mirari teknologikoa izatetik hitz madarikatua izatera pasa da denbora gutxian. Asko dira, ordea, mirari teknologikoa irudikatuko duen hitz berri baten zain daudenak, teknikoki ezer aldatuko ez badu ere.

Hasiak dira hizkuntzaren inguruko ika-mikak. AEBetako enpresa batek azaldu duenaren arabera, teknikari izena aldatzearekin bakarrik, fracking hitza erditik kendu eta honen ordez presio handiko injekzioa erabiliz, biztanleriaren aurreiritzi ezkorra murrizten da. Beste proposamen batzuk ere badaude: fracking ordez haitzaren masajea edo estimulazioa izendatu egindakoari. Sektorean liderra den Halliburton enpresak patentea lortu du Cleansuite (aplikazio garbia) produktuentzako, green technologies (teknologia berdeak) deituriko arloan. Berdina ote da koktel kimiko batez haitzak haustea eta aplikazio garbi batez haitzari masajea egitea? Ba bai, berdina da, izena soilik aldatzen da. Publizitatearen oinarrizko kontua da. Egon adi!

Fracking-arekin (edo izena aldatuta egin nahi dutenarekin) eta baliabide ez konbentzionalekin asko dago jokoan. Mundu mailakoa den ekimen honetan, gero eta argiagoa da «azken mugaren» kutsua duela borroka honek. Ohiko negozioen zaleak (bussines as usual) badakite gizartearentzako erabilgarri dagoen energia produkzioaren tontorra iritsi dela. Egia esan, mundu mailan jadanik norbanakoak (per capita) eskuragarri duen energia kopurua murrizten ari da. Hori horrela izaki, nola izango da posible krisia gainditzea sistema honen oinarrizko legeak aldatu gabe?

Sustatzaileek badakite egungo energia kontsumo maila mantentzeko ez dagoela baliabide eskas hauen atzetik ibiltzea baino beste erremediorik. Baliabide hauek, ordea, gas eta petrolio merkea zegoen bitartean mespretxatuak izan dira. Beste baliabideen jarioarekin nahikoa ez da izango honen bila badatoz. Baina arazoa haratago doa. Munduko fracking guztia egin arren, egonkortasunik ez dute lortuko energia arloan, baliabide hauek oso goitik estimatu baitituzte. Horretaz gain, lortuko duten errentagarritasun eskasak hazkundearen bidea berreskuratzeko ez da aski izango. AEBetan ezohiko baliabideen burbuila lehertzen hasia da, hemengoa puzten saiatzen diren bitartean. Berri txarra zera da, etorkizunerako beharrezkoak diren gauza asko txikituko dituztela independentzia energetikorik edo enplegu egonkorrik ekarriko ez dituen saio honetan. Hori bai, eredu jasangarri batetarako trantsizioa atzeratuko du, eta aldaketa hori premiazkoa da. Laster ikusiko dugu.

Bitartean, gu gurera, ditugun bide eta ahalmen guztiak ipiniz, saio hauen aurrean egonen gara nahiz haustura, masajea edo nolanahi izendatu zulatzaileek. Instituzioetan eragin dezaken Herri Ekimenarekin edo hau gabe, ustiaketak saihesteko proposamenak bultzatuz. Herri Ekimenaren bidea ez da guztiz itxi oraindik. Lehenengoan jasotako ezetzak buelta izan dezake. Astearteko bozeramaleen batzarrean, parlamentuan, PSEk iritzia aldatu zuen. Tamalez, kontra dauden EAJk eta PPk mahaian gehiengoa dute. Horregatik izan ginen atzo legebiltzarraren aurrean, lobby eta politikarien inguruko antzerki eta guzti. Gizarteak bere iritzia eman aurretik, ez dela bidezkoa Ekimen Legegile bat zakarrontzira botatzea ikusarazteko. Oraindik garaiz gabiltza bidegabekerias hau gerta ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.