Parte hartzea, atez atekoaren aldeko ezaugarri

2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Errausketaren bultzatzaileek behin eta berriz errepikatzen duten mezuaren arabera, Atez Ateko Bilketa (AAB) herritarrei inposatzen zaie. Demagogia merkea egitea erraza da komunikabideak jokoa segitzeko prest egon eta panfleto koloretsuak buzoneatzeko behar adina diru daukazunean.

Baina pentsatzen hasten bagara, erakundeetatik datorren zein erabakiren inguruan antolatu izan da herritarren parte hartzea bultzatzeko AABrekin bezalako prozesurik? Auzoka, sektoreka hainbat bilera erronda egiten dira denon parte hartzea ziurtatu eta ekarpenak jasotzeko. Herriaren tamainaren arabera, 5-25 batzar artean. AABren «inposizioaz» hitz egiten dutenek galdera horri erantzun beharko liokete.

Aurrezko baldintza bakarra: arazoa konponbidean jartzea

AABren inguruko parte hartze prozesuak bezalakorik ez dugu ezagutzen Euskal Herrian. Oinarrizko eskubideak diren osasunaren eta ingurumenaren babesa bermatzeko marra gorria marraztu da aurrez. Udalak, dagokion arduraz, hondakinekin dugun arazo larriari guztiok onartzen dugun irtenbidea jarri dio abiapuntutzat. Murriztu-berrerabili-birziklatu katean benetan eragitea. Kate horretan udalak gehien eragin dezakeen mailari heldu diote oraingoz: gaikako bilketaren bidezko birziklapenari.

Subjektuak identifikatzea, arrakastaren oinarrizko giltzarri

Gauza jakina da edozein gaitan eragin nahi bada emaitzan eragin dezakeen subjektu bakoitza identifikatu behar dela, saritu, irakatsi, eta beharrezkoa irizten bada zigortzeko. Horrela gertatzen da trafikoan, garraio publikoan deskontuak aplikatzean, zergak ordaintzean, eta abar.

Hondakinen bilketa ez da salbuespena. Emaitza onak lortuko badira, erabiltzaileak identifikatzeko modua egon behar du. AAB ala nahi den bezala deitu ahal zaio, baina ezaugarri ezinbestekoa da.

Hortik aurrera, nahi adina modutara egin daiteke bilketa: zintzilikarioekin ala gabe, kuboekin ala poltsekin, halako ordutegiarekin ala bestelakoarekin. Modu batzuk erosoagoak izango dira, beste batzuk merkeagoak, beste batzuk estetikoki txukunagoak... Gaikako bilketan gutxieneko emaitza bermatzea oinarrizkoa da gaur egun hondakinen kudeaketa txarraren ondorioz daukagun arazoa konponbidean jarri nahi bada.

Parte hartze prozesua: herritarrekin batera sistema herrira moldatzeko bidea

Parte hartze prozesua ez da soilik informazioa jasotzeko. Proposamenak egin eta erabakiak hartzeko aukera ematen du. Helburu nagusia, gaikako bilketa eraginkorra, eta eskura dauden baliabideak dira muga bakarrak. Hauek dira parte hartze prozesuaren helburuak.

1. Informatzea: herritarren egunerokoan aldaketa txikia ekartzen badu ere, herritar guztiei eragiten die. Beharrezkoa da, beraz, herritarrei dagoen arazoa azaltzea eta eman beharreko konponbidea zein den ezagutaraztea.

Horretaz gain, jarriko den bilketa sistemaren ezaugarri nagusiak zein diren ere azaldu behar zaie herritarrei. Ezezagutza handia dago, eta informazio okerra zabaldu da han eta hemen. Garrantzitsua da, beraz, herritarrei gauzak argitzea eta AABri buruzko ezagutza zuzena bermatzea.

Herritarrek dituzten kezka eta zalantzak agertzea da bilatzen den helburuetako bat. Kezka asko, zabaldutako informazio oker horrek eraginak dira. Benetan gauzak nola diren azalduta konpon daitezke.

2. Proposamenak jasotzea: badira arrazoizkoak izan daitezkeen zenbait kezka. Batzuk, orokorrak, eta besteak, herriko, auzoko nahiz kale jakin bateko ezaugarriek eragindakoak. Arazo horiek nola konpon daitezkeen proposatzeko gunea da parte hartze prozesua. Herritarrek ezagutzen dute ondoen bizi diren ingurua, eta ekarpen garrantzitsuak egin ditzakete. Arazoak, borondatea dagoen lekuan, konpondu egiten dira.

3. Erabakiak hartzea: bideragarriak diren proposamenak parte hartze prozesuan adostu daitezke. Adibide bat jartzearren, Usurbilen egutegia eta ordutegia herritarrek erabaki zituzten parte hartze prozesuan.

Herritarren ordua iritsi da ala iristear dago herri askotara. Beste inolako gaitan ezagutzen ez den bezalako aukera daukate herritarrek parte hartzeko. Bihur bedi hau beste gaietan jarduteko eredu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.