Zilegi da gobernu baten edo botere exekutiboa duen organo baten aurka egitea, kritikaren eta ekintza politiko baketsuen bidez. Zilegi da gobernu horren politikekiko desadostasun publikoa agertzea, eta horien aurrean alternatibak mahaigaineratzea. Eta, noski, erabat zilegi da botere exekutiboak parlamentuan proposatutakoaren kontrako botoa ematea, norberaren ideologiaren edo konbikzioaren aurkakoa denean. Dudarik gabe.
Ez da zilegi, ordea, parlamentua erabiltzea, dagokigun kasuan Espainiako Diputatuen Kongresua, norberaren interes politiko eta alderdikoietarako. Eta, are gutxiago, horrek ondorio kaltarkitsuak izango baditu gizartearentzat. Tamalez, gurean, Espainiako Estatuan esan nahi dut, jada sobera laketuak gara horrelako portaera erdeinagarri eta onartezinak ikusten. Duela oso gutxi gertatu da azkenekoz, Omnibus dekretua delakoaren harira, alderdi politiko batzuek beren kalkulu elektoral makurrerako erabili baitute Gorte Nagusien behe-ganbera.
Espainiako Gobernuak 80 neurri intera biltzen zituen Errege Lege-Dekretu zabal bat onartu zuen abenduan, geroago, urtarrilean hain zuzen ere, Kongresuak baliozkotu behar zuena, barnebiltzen zituen neurriek indarrean jarrai zezaten. Ez dakienarentzat, Errege Lege-Dekretuak (ELD) lege-lerruneko arauak dira, eta aldi baterako indarra dute. Barne hartzen dituzten xedapenek behin betiko indarra eduki dezaten, Kongresuak (Senatuak ez, Kongresuari bakarrik dagokiolako) ELDak berretsi behar ditu, osterantzean, xedapenok indarrik gabe geldituko baitira. Alabaina, gobernuak Ministroen Kontseiluan onartzen dituenetik, Kongresuak atzera bota arte, neurriek beren ondorioak sortzen dituzte.
Bada, Juntsek, PPk eta Voxek errefusatu egin zuten Omnibus ELDa. Voxen botoa erabat aurreikusgarria zen, ororen kontra dagoelako beti, bere mesederako ez bada, noski. Beraz, alde horretatik, zaharrak berri.
Alderdi Popularraren jarrera zinez penagarria iruditu zait: lehenik, popularrek adierazi zuten pentsioen igoeraren eta beste hobekuntza batzuen alde zeudela, baina ez zutela onartuko EAJri berea den palazio bat itzultzea. Desenkusa horri erantsi zioten gobernuak, ELDan, argindarraren prezioaren igoera (arauak ez du horrelakorik jasotzen) traizioz sartu zuelako anporra. Halatan, Omnibus lege-dekretuaren kontra bozkatu zuten. Eta, ondoren, gobernuak ELDaren edukia murriztu zuenean, baiezko botoa aurkeztuko zutela adierazi zuten, nahiz eta palazioaren eskualdatzeak hortxe jarraitu. Nola azaldu du Feijook jarrera-kanbiamendu erradikal hori? «Sanchezek nahi zuen bigarren bozketan, lehenengoan legez, dekretuaren aurka bozka genezan, baina, aldeko botoari esker, bere kontakizuna hutsaldu egin dugu». Horrela azaldu du oposizioburuak literalki. Joko politiko makurra baino ez darabilte; pentsiodunen dirua eta gainontzeko neurri sozialak, haiei bost axola.
Juntsen kasua antzekoa da, larritasunaren aldetik, baina ezberdina zioari dagokionez. Noguerasek eta Puigdemontek osatzen duten tandem hanpurutsuak jaramona eta protagonismoa behar duenez, Kataluniako eskuin muturrak erabaki du onena dela denon eskubideekin jolasean aritzea. Independentismo erradikalaren aitzakiapean (independentista izatea zer den zeharo aldrebestu dute), antipolitikari ekin diote. Sanchezi beren irizpideak inposatu dizkiote (eta Sanchezek klaskatu), ikusarazi nahian, Amaralen abesti ospetsuan bezalaxe, PSOE ez dela ezer Junts gabe. 48 milioi biztanleko estatu bat arreta mediatiko xerka dabilen tipo baten eta bere mirabeen esku.
Estatu gisa, parlamentarismo toxikoaren adibide gara, ondikoz. Parlamentuen jatorrizko zeregina da herriaren interesak ordezkatu eta herritarron arazoei aurre egiteko politikak abian ipintzea. Zenbaiti, ordea, guztiz futitzen zaie. Bost axola gizartearen onerako hobekuntzak erroitz baten ertzean zintzilikari badaude. Gero, bi urteren buruan, hautetsontziak aterako ditugunean, abstentzioak eta gaizki informaturikoen botoak beraientzako sari izango dira. Parlamentarismo osasuntsua izateko soluzioa badakigu zein den. Gero ez gaitezela arranguratu toxikoek irabazten badute.