Unai Pascual.

Paristik Glasgowrako bide malkartsua

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
2019ko abenduaren 15ean Madrilen bukaera eman zitzaion bi astez luzatu zen 25. Klimaren Munduko Goi bilerari, non 200 estatu inguruko ordezkariak elkartu ziren Txileren gidaritzapean. Normalean, 25. urtemuga betetzen denean ospakizunak ohikoak dira, baina Madrilen ez da sumatu ospakizunetarako inongo gogorik. Mundu mailan gizarte-mobilizazio handiak izaten ari diren bitartean, berriz ere egiaztatu ahal izan dugu zein zaila den hainbeste herrialderen arteko gutxienezko akordio baliagarriak lortzea. Aurtengo Goi Bilera trantsiziozkoa izango zela bagenekien, 2015ean adostu zen Parisko Akordioa hurrengo urtean jarriko baita martxan (Eskoziako Glasgow hirian ospatuko den hurrengo goi bileran). Baino Madrilgoa goi bilera garrantzitsutzat hartzen zen, Parisko akordioaren hainbat gai tekniko garrantzitsu adosteko balio behar baitzuen. Hori egin ezean, 2020. urtea arriskuz beterikoa izan zitekeen.

Madrilen korapilatu diren hiru eztabaida tekniko nabarmenduko nituzke: 1) Mundu mailako CO2 merkatu berri baten diseinua, herrialdeek eta enpresa handiek CO2 kredituak salerosi ahal izango dituztelarik, 2) Herrialde txiroek klimaren krisiari egokitzeko eta pairatzen ari diren galerei aurre egiteko finantzaketa sistema (2020tik aurrera urtero 100.000 milioi dolarreko adostutako laguntzatik urruti gaude), eta 3) Itsaso zein lurzoruarenganako babesaren beharraren aldarrikapena, klima aldaketari aurre egiteko funtsezkoak baitira. Baina bada berebiziko garrantzia duen beste gai bat mahai gainean jarri bai, baina horrekiko helburua bete ez zena: CO2 emisioak maila egokira murrizteko komunitate globalaren anbizioa handitzea.

Parisko Akordioaren helburu nagusia da mende honen bukaerarako 1.5 gradutako batez besteko beroketa globalaren langatik gora ez pasatzea, edo, hori ezinezkoa balitz, 2 gradutatik gorako langa ez pasatzea. Jadanik badakigu helburua lortzeko egin beharreko bidea malkartsua dela eta are malkartsuagoa izango dela, denbora galtzen jarraitzen badugu. Datu bat: orain arte bezala herrialde bakoitzak bere borondateari jarraituz komunitate globalak egingo lituzkeen esfortzuarekin 3 gradutik gorako batez besteko beroketa pairatuko litzateke, horrek ekarriko lituzkeen ondorio lazgarriekin batera. Madrilen 80 herrialde inguruk bakarrik erakutsi dute esfortzua areagotzeko konpromisoa, baina emisio gehien sortzen dutenen artean Europa bakar-bakarrik gelditu da. Beste jokalari garrantzitsu batzuk (Txina, AEB, Errusia, India, Japonia, Brasil eta Australia) ez dute beharrezko aurrerapausorik eman nahi izan.

2050erako klima neutraltasuna beharko litzateke mundu mailan 1.5 gradutako helburua betetzeko. Hori lortu ahal izateko, 2030erako CO2 emisioak erdira jaitsi beharko lirateke. Hau da, urtez urte %7 inguruko emisioen jaitsiera bermatu beharko litzateke. Hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Orain dela 10 urte herrialdeak hasi izan balira zezenari adarretatik heltzen, urtez urteko emisioen jaitsiera nabarmen motelagoa izan zitekeen: %3 ingurukoa, batez besteko hazkuntza ekonomikoarekin parekatuz. Egoerak argi baino argiago adierazten du zenbat eta denbora gehiago galdu egin beharreko esfortzuak handiagoa eta azkarragoa beharko duela izan. Baina datu hau, pizgarri izan beharrean, paralisia sortzeko arriskua izan daiteke. Eta, gainera, goitik behera inposatutako trantsizio eredu bat ekar dezake. Agertoki horretara ez heltzeko, Glasgown akordio miraria lortu beharko da.

Egia da 200 herrialde ados jartzeko zailtasuna handia izango dela, egitura sozioekonomiko eta politiko ezberdinak kontuan izanik. Baina Madrilgo goi bilerak erakutsi digu anbizio klimatikoa, asko aipatu bada ere, epelegia dela. Irailean, Leizpig hirian izango den Europako Batasunaren eta Txinaren arteko bileran, non batez ere arlo komertzialak eztabaidatuko dituzten, ikusiko dugu ea bi jokalari horien artean Parisko akordioari bultzada emateko gai ote diren. Argi dagoena da denbora bukatzen ari dela. 2020an Glasgowe orain arteko epelkeria mantenduz gero, 2015ean Parisen ezarri ziren helburuak ez betetzeko arrisku bizian egongo gara. Hortaz, Pariskoa porrota litzateke ,eta beste hainbat urte noraezean egongo gara, bien bitartean CO2 emisioek gora egiten dutela. Hori bai, diplomatikoki bada ere, porrotaren irudia saihesteko hamaika ahalegin egingo dituzte. Baina jadanik ez dago diplomaziarekin jolasteko denborarik.

Madrilen, herrialderik txiroenek berriz ere ahotsa altxatu behar izan dute, baina oraingoan ere herrialde boteretsuen esku utzi dira akordio askoren gakoak. Zinikoa izan naiteke, baina badut susmo bat: beste hainbat herrialdetako ordezkariak herrialde ez-kooperatiboen atzean goxo-goxo ezkutatzen direla beraien konpromisorik eza nabarmendu ez dadin.

Gurean, Europako Batasuna Itun Berri Berdea (Green New Deal) onartzeko bidean da, urruti dugun 2050 urterako klima neutraltasuna lortzeko konpromisoa zehaztuz. Baina berde koloreak mila tonalitate ditu. Badirudi energia nuklearraren lobbyak lortu duela energia hau berdez margotzea itunean. Are gehiago, hazkuntza ekonomikoari eustea da Europako agintarien helburu nagusia, bidean etxean deskarbonizazioa lortuz, hori guztia iraultza teknologikoa eta CO2 merkatu global bat baliatuz. Agintari batzuen ahotan erretorika hauxe bolo-bolo dabil azkenaldian: sozialki justua den trantsizio energetikoa, alegia. Baina hau nola gauzatuko ote den argi gutxi dugu oraindik. Itun berde horrek ez du nahikorik zehazten honi buruz. Oso zaila ikusten dut Europan agintean dagoen alderdi kontserbadoreen klubak sistema ekonomikoaren egiturazko aldaketa sakonik egin nahi izatea, justizia sozialari eskua luzatuz. Itun berdea baino gehiago, itun sozio-ekologikoa behar dugu.

Horrek guztiak azken hausnarketa batetara narama. Tokian tokiko gizarte mobilizazioari eutsi behar diogu. Orain arteko mobilizazio sozialak «justizia klimatikoa» izan du aldarri. Honen atzean bi gai dira nagusi: klima krisiari aurre egiteko sistema sozioekonomikoa eraldatu behar dela eta krisi honen erantzule diren sektore eta herrialde nagusien ardura dela orain arte eragindako eta etorkizunean izango diren galerak eta sufrikarioak konpentsatzea. Erantzukizun partekatu baina ezberdinduaren ideia Nazio Batuetako itun gehienetan dago txertatuta. Gizarte zibilak ideia honi tinko eutsi behar dio. Ziur aski agintari nagusien eta gizarte zibil globalaren arteko arrakala handituko du honek. Hori izango dugu mende berri honen ezaugarri berezienetako bat, eta horren aurrean denok geure burua kokatu beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.