Diotenez, klima aldaketaren inguruko goi bileran, Indaba izeneko formula erabili behar izan zuen talde diplomatikoko buruak, Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministro aski loriatuak; Hegoafrikako zulu eta shosa tribuek erabiltzen dute metodo hori, akordio zailak lortzeko. Aurrez aurre dauden aldeak buruz buru jartzean datza, bakoitzak bere marra gorriak argi eta garbi identifika ditzan eta irtenbideak identifika ditzan, marra gorri horiek ez gainditzeko.
Beste estrategia diplomatiko batzuk ere behar izan ziren Parisko goi bileran, eta, ezerezetik, Anbizio Handiko Koalizioa sortu zen,zeinak Marshall irletako estatua zuen buru. Koalizio horrek negoziazioetan ehun estatutik gora elkartu zituen, tartean Europako Batasuna, AEB, Kolonbia, Brasil eta Mexiko. Koalizioaren helburua zen akordioa bete beharrekoa izatea, eta argi eta garbi adieraztea Lurreko tenperatua 1,5 gradutik gora ez igotzeko konpromisoa mende amaierarako. Eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa murrizteko, estatuek bost urtean behin isurketak berrikusteko konpromisoa jasotzea nahi zuen.
Txinak eta Indiak sinesgarritasuna kendu nahi zioten koalizioari, azaleko aldarrikapenak egitea egotzita. Izan ere, Txinak eta Indiak printzipio hau gailentzea nahi zuten: ardura konpartitua, baina berezitua; klasiko bat klima aldaketari buruzko goi bileretan. Bi bloke horien arteko oreka eta bete beharreko akordiorik ez nahi izatea AEBek, horra xake partida honetako figura garrantzitsuenak.
Analista gehienak mirari diplomatikotzat jo dezakegu akordioa, batez ere begirada atzera bota eta ikusita aurreko hogei goi bileretan herritarren eta zientzialarien frustrazioa areagotu baino ez zutela egin. Kasu honetan, bai, akordioa egin zen, anbiguotasun oso kalkulatu bati esker. Galde dezakeguna honako hau da: ea akordioak behar besteko anbizioa daukan krisi klimatikoari bermeekin aurre egiteko. Puntuz puntu ale dezagun:
Klimari buruzko mundu osoko lehen akordioa da, ia estatu guztiak konprometitzen ditu, eta legez bete beharrekoa da, eta datorren urtean berrestekoa. Bestalde, azpimarratu behar da berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak murrizteko estatu bakoitzak zehatz dituen helburuak ez dituztela legez bete behar. Beraz, borondatearen menpekoa da, eta ziurtasunik gabea.
Helburua munduko tenperaturaren igoera batez beste «bi gradu azpitik mantentzea da, industriaurreko aroarekin parekatuta», eta «saiatzen segitu» 1,5 gradutan jartzeko igoeraren muga. Arazoa da komatxo artean dauden termino horiek zer esan nahi duten ez dagoela oso argi.
Berrikusteko sistema gardena ezarri da, betetze maila guztientzako berbera izatea eta bost urtean behin egitea berrikuspena, 2018an hasita.
Garabidean diren herrientzat ehun mila milioi dolarren finantzaketa konprometitu da 2020. urtetik aurrera, baina ez zaieeskatzenlegezko erantzukizunik eskatzen Iparraldeko herriei, zor klimatikoa itzela izan arren.
Euforia diplomatiko hau, pixka bat eutsi dutena, ikus daiteke hondamendi bat bezala Lurrarentzat tenperaturaren igoera 1,5 eta 2 gradu artean eusteko eskatzen diren neurriengatik. Gogora ekarri behar dugu bagaudela jada gradu bateko igoeraren batez bestekoan. 1,5eko igoera ez gainditzeko, ikatz guztia meategietan utzi beharko litzateke 2030. urterako —egun munduko elektrizitatearen %40 sortzeko erabiltzen da—. Sinesten zaila da hori gertatuko denik, hazkunde ekonomikoan eta demografikoan dauden herrialdeek, Indiak kasurako, hilero meategi bat irekitzen baitute. Ikatzarekin erabiltzen den munduko garraio sistema guztiak ikatza erabiltzeari utzi beharko lioke 2050. urterako. Iraultza bat beharko litzateke, XVIII. eta XIX. mendeetakoaren parekoa.
Denbora gehiegi galdu dugu, eta 1,5eko helburua kimera bat da. Lurra bi gradu ez berotzeko ahalegin ikaragarriak egin beharko dira, eta ikatza erabiltzeari utzi behar zaio gaurdanik horretarako. Sistema kontsumista eta hondatzaile honen barruan ez du ematen oso egingarria. Aipatutako neurriez gain, bestelakoak ere beharko lirateke. Esaterako, basogabetzeak geratu eta berriz basoak sortuz Lurra karbono isurtzaile naturala bihurtzea.
Erregai fosilak aurrerantzean ere hain merkeak baldin badira, merkatu librearen botereak zail egingo du lur azpian mantentzea horrenbeste erregai fosil. Nire proposamena, beste hainbat ingurumen ekonomistekin batera, honako hau da: Lurrarentzat duten kostu ekonomikoaren pareko diru kopurua zergetan gaurtik ordainaraztea erregai fosilei. Kopuru horrek herri industrializatuetan 150 dolarrekoa izan beharko luke, CO2 tona bakoitzeko. Ingurumena ardatz izango duen zerga politika ausart bat behar-beharrezkoa da erregai fosilak murrizteko, eta erregai fosilen lobby-a ez dadin hain aberatsa izan. Era berean, zergetan lortutako dirua energia berriztagarrietan inbertitu beharko litzateke.
Hala eta guztiz ere, uste dut botila erdi beteta ikus dezakegula. Aukerez betea krisi klimatikoari aurre egiteko, gizarte zibil gero eta aktiboago, antolatuago eta exijenteago batekin, gai izan dadin presioa areagotzeko egungo sistema ekonomikoa eraldatzeko. Fabiusek indabetara jo bazuen, gogora ekarri behar dugu Euskal Herrian horiek musean hamarrekoaren parekoak direla. Hordagoa handira botata dago. Espero dugu ustela ez izatea. Denon ardura da, behetik hasita, horrela ez izatea.
Parisko goi bilera: arrakasta diplomatikoa ala hondamendia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu