Parisetik Bilbora, Nafarroatik bultza

2018ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Abenduaren 9an manifestazio alaitsu eta erreibindikatiboa egin zuten hamaika mila pertsonak Pariseko karriketan Orain presoak lelopean. Manifestazio hori, berriz, ez da mobilizazio bat gehiago izan, dinamika orokor baten zutabe garrantzitsua baizik. Denbora luzez landu duten dinamika horren bitartez, Frantziako Gobernuak euskal presoekin duen jarrera aldatzea lortu nahi da. Horretarako, lehenik eta behin, Ipar Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen batasuna eraiki dute, eta horien guztien sostengua izan du aipatu manifestazioak.

Pariseko manifestazioan parte hartu dutenek presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrien amaiera exijitu dute. Horrela, presoak Euskal Herrira hurbiltzeaeta elkarretaratzea, gaixorik dauden presoak askatzea eta baldintzapeko askatasunak eskuratu ahal izatea aldarrikatu zuten.

Dinamika horren testuinguruan, bestalde, Frantziako Gobernuaren keinu pare bat ezagutu berri dugu. Batetik, zazpi presori DPS izendapena kendu zaie (espainiar estatuan lehen gradoaren pareko kalifikazioa da). Bestetik, manifestazioa izan eta gero Frantziako Gobernuaren bozeramaile batek esan du «printzipioz ez dutela baztertuko trasladoen eskaera banan-banan eginez gero». Atea ireki daitekeen seinalea da hori, kolpe batez eta parez pare irekiko ez dela dakigun arren.

Nafarroan ere egoera aldatzen hasia ote den zantzuak daude. Horietariko esanguratsuenak dira azken hilabete hauetan izandako bi deklarazio. Bata: Nafarroako Parlamentuan preso gaixoak askatzearen aldeko adierazpena onartu zen Geroa Bai, EHBildu, Podemos, IE eta PSNren babesarekin. Bestea: adierazpen hori bere eginez sindikatu guztiek aho batez onartu genuen deklarazioa (CCOO, UGT, ELA, LAB, CGT, EHNE, Steilas, Esk, Hiru, Solidari). Bi gertakizun horiek ere lan iraunkor baten fruituak dira, kasu honetan Foro Sozialaren bultzadapean egin diren hainbat lan saioren emaitzak, hain zuzen. Irudikatzen dutena argia da: Nafarroako gehiengo instituzional, politiko eta sindikala politika penitentziarioa aldatzearen alde dagoela. Beraz, jokaleku berri batean sartzeko aukerak daude, eta salbuespenezko neurriak bukatzeko aroa ireki daiteke herritarrok ardura hartzen badugu.

Hartara, konpromiso hori adierazteko aukera izango dugu urtarrilaren 13an Bilboko kaleetan. Nafarroako indar sindikalek dei egiten diete Nafarroako herritarrei Prest gaude lelopean egingo den mobilizazioan parte hartzeko. Ezohiko mobilizazioa izatea nahi genuke, aro berri baterako urratsa, bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraiki dezagun guztion artean. Horretan, urgenteena salbuespenezko neurri eta legedia bukatzea da, gaixo dauden presoak kaleratzea, urruntze politika bertan behera uztea, eta guztion artean presoen gaiari irtenbide osoa emateko akordioa eraikitzen hastea. Izan ere, gizarteari dagokio gatazkaren ondorio guztiak konpontzeko protagonista izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.