Parisen izandako atentatuak sortzen didan zorabioa ezin dut baztertu. Shock sentsazioa dut, ezin dut ukatu. Edozein hilketak, edozein atentatuk, nazka ematen dit. Kondenatzea eta gaitzespena erakustea ezinbestekoa da. Atentatu horien biktimak eskubide batzuk dituzte: egia, justizia, ez diskriminatzea eta kalte-ordainak izateko eskubidea, hain zuzen ere.
Horrek esan nahi du argitu behar dela nortzuk izan diren atentatuaren egileak, nortzuk atentatuaren atzean egon direnak, autore intelektualak alegia, eta egin dutena egiteko dituzten arrazoiakargitu behar dira. Hori guztia epaileenaurrean erantzun dezaten etaikerketaren ostean ondorioak ateratzeko, berriro inon gerta ez dadin Parisen bizigenuena.
Esan dudanak ez die gaitzespenari eta kondenari indarrik kenduko. Gogora ekarri nahi dut, atentatua bere testuinguruan jartzeko, antzerako atentatuak egunero gertatzen ari direla Sirian edo Iraken, edo mundu zabalean beste edozein lekutan. Sarritan, gainera, ekintzaileak soka berekoak dira, baina ez beti. Biktima horiek ere atzo Parisen hildakoen tratu bera merezi dute: justizia, egia eta erreparazioa.
Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuaren ostean sentitu nuen nazka sentitzen dut orain ere. Hala ere, gogora ekarri nahi dut orduan atentatu haren ostean Kenyako unibertsitatean beste hilketa bat gertatu zela, eta Europan ez geniola garrantzirik eman.
Litekeena da orain ere antzerako gertakariak izatea, Kenyan bezalako atentatuak izango dira hemendik urrun dauden zenbait tokitan, eta nik espero dut orain sentitzen dugun sumindura bera azaltzea hala gertatuko balitz.
Atentatuaren osteko erreakzioak hasi dira jada. Hollandek adierazi du gerra ekintza izan dela. Laurent Wauquiez haratago joan da: «4.000 pertsona espetxeratu» beharko direla dio. Irailaren 11ko atentatuaren ostean sortu zen giroa gogoratzen dit honek guztiak. Afganistango gerra etorri zen orduan, eta Irakeko inbasioa ondoren. Ordutik dator gaurko egoera Iraken eta Sirian. Islamiarrak hazi egin dira, eta bere kontrako gerrillariak ere bai. Egun batean lagunak direnak etsai bihurtzen dira hurrengokoan,hori da gaur egun Sirian gertatzen ari dena.
Guztiok hausnartu behar dugu. Uste dut hiritartasun kritikoagoa izango bagenu egoera hobeagoa izango litzatekeela. Eta berriro esango dut, ez dut justifikaziorik nahi, ez dut gehiago edo gutxiago kondenatuko edo ez dut nazka handiagoa edo txikiagoa sentituko goiko lerroetan esan dudanarengatik. Hala ere, higuin honek ez digu begiak itxiaraziko, eta inguruan gertatzen ari dena aintzat hartu behar dugu.
Paris, gaitzespena, kondena eta testuingurua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu