Paraguai: estatu kolperik ez

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Askapenetik, lehenik eta behin, berriki Paraguain izandako estatu kolpea salatu eta gertaera horietan kaltetuak izan diren nekazariei gure elkartasunik beroena bidali nahi genieke, herri langile osoa agurtzearekin batera.

Beste behin ere agerian geratu da kapitalaren eta oligarkiaren interesen defentsan guztiak balio duela. Paraguaiko gertakarietan, hain zuzen ere, aspalditik zetozen prestaketa lanak, gobernuaren aurkako erasoak, nahiz eta, zoritxarrez, Lugoren agintaldian sozialki egindako onarpenak baino gehiago nabarmendu eskuinari eman beharreko kontzesioak. Hala ere, eta egiari zor, Lugok nekazaritza erreforma eta bestelako eskaera zenbait alde batera utzi bazituen ere, hezkuntza eta osasun arloan herrialde honek azken hamarkada luzeetan ezagutu gabeko eskubideak berreskuratu zituen. Eta itxura denez, herri sektoreetatik gobernuak egindakoa gutxi zela aldarrikatu arren, eskuinari —kapitalismoa ordezkatzen dutenei— aski zitzaion; egindako gutxiak ere erantzun irmoa behar zuen nonbait.

Horrela, beste behin ere, estatu kolpe batek esnatu gaitu Latinoamerikan, azken urteetan berriz ere mekanismo basatiagoei, albo batera utzi zituzten lanabes zaharrei heldu diete gobernu aurrerakoien eginahala mozteko desiotan, eta demokrazia faxismoz mozorrotzen da ustekabean. Zenbaitetan militarki inbaditu beharrean izan dira, 2009an Hondurasen egin zuten bezala, edo duela hamar urte Venezuelan egin zuten gisan. Beste zenbaitetan, ordea, inbasio edo estatu kolpeak humanitarismoz jantzi beharrean dira, Haitin egin zuten eran. Bolivia eta Paraguaiko kasuetan, berriz, istilu batzuk sorrarazi behar dituzte lehenik, ondoren gobernuaren aldaketa eta estatu kolpea gauzatu ahal izateko.

Gertaera horiek, baina, irakaspen eta argibide zenbait eskaintzen dizkigute, eta ezin gara gertaera horien gaineko irakurketa hutsean geratu. Lehenik eta behin, Paraguaiko gertaerek, Libia nahiz Sirian izaten ari direnek, erakusten digute prestatu beharrean gaudela, eraso inperialistak, edo kapitalismoaren ofentsiba berrituak, mozorroak mozorro, egiteko historiko bati erantzuten diolako: klase pribilegioak mantentzeari alegia. Desinformazio eta manipulazioek ez gaitzatela ezkutatu azpian, mamian dagoena!

Bigarrenik, herri langileak jakin behar dugu gure interesen alde egindako aurrerapauso bakoitza defendatu beharra izango dugula; izan ere, emandako pausoen araberakoa izango da etsaiaren erantzuna. Beraz, lege aldaketa edo hauteskundeetako emaitza soilak ez dute balio lorturikoa mantentzeko, lorturikoa defendatu beharko da, eta Venezuelan egin zuten gisan, kaleak hartu eta herri antolakuntza bidez berreskuratu beharko da estatu golpe edo inbasio bidez osturikoa.

Espero dezagun, beraz, bere onerako Paraguaiko herriak bide horri eustea. Zorterik onena opa diegu, gure elkartasunik beroenarekin.

Estatu kolperik ez!

Gora Paraguaiko herria!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.