Paradisu fiskalekin gogoratzen gara tarteka; egon hor daude beti, baina ez diegu kasu handirik egiten. Eta bat-batean, ikerketa berri batek mahai gainera ekartzen ditu, eta denok aztoratzen gara berriz ere, hori bai, astebetez!
Oraingoan, Mossack Fonseca abokatu bufetearen eskutik dator gure sumindura, bere bezeroei buruzko informazio konfidentziala zabaldu baita, inoizko filtrazio erraldoiena omen den honetan. Panamakoa da firma hoi, baditu filialak munduko beste toki askotan ere (Bahamak, Birjina Uharteak, Suitza, Liechtestein eta abar); eta bere zerbitzuen artean paradisu fiskaletan sozietateak eratzeko bideak eskaintzen dizkie bere bezero ospetsu/boteretsuei (batez ere estatu buru eta politikariak, aristokratak, enpresariak; celebrity batzuk ere tartean).
Herritarrentzat sensible izan daitezkeen gaiekin gertatu ohi denez, paradisu fiskalei buruzko lengoaia eufemismoz beterik agertzen zaigu, berez zalantzagarriak diren praktikak hitz tekniko ponposoen atzean kamuflatu nahian. Oraingo honetan modan jarri zaiguna offshore sozietateak dira. Halere, ez gaitzatela engainatu, izen horren atzean ez baitago legalitatea saihestu, makurtu, nahierara erabiltzeko bitarteko bat besterik.
Zertan datzan, zehazki: paradisu fiskal batean eratutako sozietate bat da, baina enpresaren benetako jardun ekonomikoa lurralde horretatik kanpo dago, eta jabea ere handik kanpo bizi da; sozietatea sortzeko helburua. lurralde horretan eskaintzen duten fiskalitate baxuaz (edo deus ezaz) eta opazitateaz (anonimatua eta sekretismoa ziurtatzen baita kasu gehienetan) aprobetxatzea.
Paradisu batean horrelako sozietate «barne-huts» bat izatea beharbada legezkoa da, baina ukaezina da legez kanpoko erabilerak ahalbidetzeko baldintza ezin hobeak eskaintzen dituela, bai iruzur fiskalerako, baita dirua zuritzeko ere (anonimatupean, delituzko ekintza arbuiagarrienei, hala nola armen edo pertsonen trafikoari, bide errazak eskainiz).
Alor fiskalera mugatuz, zerga-iheserako tresna izan ohi dira (norbere herrialdeko agintearen kontroletik kanpoko diru batez ari garenean); baina ez beti, batzuetan gerta daiteke sozietate horren existentzia ogasun agintariei jakinarazi izana, hots, behar bezala aitortua egotea eta, hortaz, zergadun horrek bere betebeharrak egunean izatea. Dena den, horrek ez du esan nahi jokabidea zuzena denik; azken finean, sozietate horiek tresna bat dira mozkinak modu artifizialean benetan jarduten duten lurraldeetatik zergapetze gutxiagoko lurraldeetara lekualdatzeko. Legez kanpokoa izan edo ez, kontua da ez dela oso etikoa eta herritarrekiko solidariotik ez duela ezer ere.
Zerga-paradisuak ez dira egungo sistema ekonomikoaren gaitz edo albo-efektu maltzur bat; aitzitik, kapital transnazional handien mesedetan egituratutako ekonomia global honen diseinuaren parte dira, erabat funtzionalak, bi zentzutan gainera: bata berehalakoa eta begi-bistakoa, aberatsak are aberatsago bihurtzeko (gutxiago banatuz beren herritarrekin); eta bigarrena, subliminalagoa, gobernuek har lezaketen erabaki eta neurri justuagoen aurreantxantaiarako elementu ere badira (zerga-paradisuetara ihes egiteko «beldurraren» aurrean beren exijentzia fiskalak jaits ditzaten). Izan ere, gaur egun paradisu fiskalak ez diren lurraldeetan ere enpresa handiei eta fortuna handiei ezartzen zaien tributazio efektiboa oso baxua baita (baita Europan ere, nagusi den diskurtsoak kontrakoa sinetsarazi nahi badigu ere).
Zerga-paradisuen aurkako borrokak nazioarte mailako ekimen aldeaniztunak behar ditu. Zentzu horretan, araudi orokor bateratu baten aukera oso urrun badago ere, aurrerapausoak sustatu eta eman daitezke informaziotrukerako hitzarmen eta bitartekoen alorrean. Oraindik nagusi den banan banako errekerimenduez harago, Estatuen arteko informazio truke masibo, automatiko eta aldizkakoak sistematizatu eta ohiko bihurtu beharko lirateke. Opazitatearen aurrean gardentasuna nagusitzea baita paradisuekin bukatzeko lehen baldintza.
Halere, nazioarte mailako akordio eta erabakiak gauzatu bitartean, badira beste ekimen batzuk ere beste maila batzuetan burutu daitezkeenak.
Batetik, argi eta garbi, zerga-autoritateari dagokio erabakitasunez jardutea. Ildo horretan, adibidez, ikuskaritza zorrotz eta jarraitua egin beharko litzaieke (arreta berezia ezarriz lurraldez kanpoko jarduketetan) (i) bai paradisu fiskaletan filialak dituzten, edo izan dituzten, zergadun guztiei (eta beren taldekide direnei), (ii) baita ingeniaritza fiskaleko zerbitzuak eta gomendioak eskaintzen dituzten aholkularitza enpresa eta finantza-entitateei ere; eta (iii) baita haien ohiko bezeroei ere.
Bestetik, eta kasu honetan administrazio maila guztien ardura litzateke, kontratazio publikoan ardura fiskalari buruzko klausulak ezartzearen ildotik joan beharko litzateke, administrazio publikoek beren kontratazioetan fiskalki arduratsu diren enpresak lehenetsiz eta, aldiz, zerga-paradisuen bitartez jarduten duten enpresak zigortuz (edo zuzenean, eurekin ez kontratatuz). Azken bide hori berria da, lehen urratsetan dagoen dinamika bati erantzuten dio, oraindik ondo aztertu eta zehaztu beharrekoa. Baina beste gauza askotan bezala, honetan ere borondate kontua da neurri handi batean.
Paradisu fiskalen aurka: hipokresia gutxiago, eraginkortasun gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu