Paradigma nafarra

2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Komunikabide espainol batzuetan, behin eta berriz aipatu ohi dute Euskal Herriak eta Kataluniak sekula estatu propiorik izan ez dutelakoa; hortaz, haien historia ez litzateke nazio historiatzat hartu beharko, Espainiako historiaren parte bat izango bailitzateke. Espainolek bai, jakina, izango lukete iragan nazional bat. Euskaldunek eta katalanek, aldiz, ez. Hori, berriz, eremu zientifiko espainolak azkenaldian atera duen ondorio batek azalduko luke, ikerlan asko egin eta gero ondorioztatu baitu Big Bang-ean bertan dagoela Espainiaren jatorria. Egia da Espainiako Apezpikuen Biltzarra ez datorrela guztiz bat kontu horretan, Jainkoaren lantzat baitauka munduaren sorrera, eta ez leherketa kosmologiko baten ondoriotzat; hortaz, haren ustez, Espainia ez litzateke izango unibertsoaren hedapen baten emaitza, baizik eta Jainkoaren nahiarena. Baina hori ñabardura garrantzigabe bat besterik ez da; izan ere, zalantza eklesiastikoaz harago —Espainiaren jaiotza Sorrerako lehen edo seigarren egunari ote dagokion, alegia, Lurraren sorrerarekin edo gizakien sorrerarekin bat datorren—, Espainiako Apezpiku Biltzarra eta zientzia bat datoz berbera izango litzatekeela antzinatasuna.

Horregatik guztiagatik, beldur naiz Luis M. Martinez Garateren Paradigma nafarra liburua, Nabarraldek egunotan argitaratua, ez ote duten heresiatzat hartuko Espainiako alor zientifiko eta eklesiastikoetan; hainbat dokumentu froga gisa baliatuta, egileak ausardiaz baieztatzen baitu, batetik, euskaldunak ez direla espainolak, eta, bestetik, beren estatua izan zutela Espainiak eta Frantziak okupatu zuten arte. Eta, gainera, modu argi, adierazgarri eta atseginean azaldu du, euskaldunen autoestimua areagotzeko, ezin gezurtatuzko argudioak emateko eta, azken batean, haien nazio kontzientzia sendotzeko. Guztira 115 orrialde besterik ez du —egiaz, erdia, hizkuntza bitan baitago: euskaraz eta gaztelaniaz—, eta, horietan, Martinez Garatek desegin egiten du euskaldunei egotziriko nahitako espainoltasunaren inguruko topiko mordoa, hainbat alorretakoak: hala nola historia, memoria, identitatea, nazioa, lurraldea, hizkuntza eta emantzipazioa.

Honako zati honetan, euskaldunen estatuaz mintzo zaigu egilea: «Nafarroa da euskal errealitatearen ardatza, erdigune politikoa. Horregatik da hain garrantzitsua memoria: besteak beste, konkistak eta menderakuntzak ekarritako eta euskarri izandako egintzena, asimilazio ahaleginena eta XIX., XX. eta XXI. mendeetako gertakari guztiena. Nafarroa da euskal herriaren Estatu historiko bakarra, horrek berekin dakartzan ezaugarriekin eta garrantziarekin. […] Estatu nafar independenterik izan ez balitz eta konkisten ondoren haren subiranotasunak hondarrik utzi ez balu —foru sistema deritzona—, hizkuntza hilen artean beste bat izango litzateke euskara, ia ziur».

Identitateari buruzko atalean, Martinez Garatek hizpidera dakar nazio kontzientziari bizirik iraunaraztearen garrantzia, menderatzailearen estrategiei ez amore emateko. «Gizarte menderatu batek ez badu proposatzen bere egintza eta tokien memoria historiko propiorik, haien tokia hartuko dute, modu automatikoan eta berehala, egitura politiko garaileari dagokion gizartearen egintza eta tokiak. Hala bizi izan dugu euskaldunok eguneroko bizimodurik arruntenean. Gure gizartea iruditeria gaitzesgarri baten bidez agertu izan dute: basa baina noble agertu izan dute euskalduna; tonto samarra baina bizkorra zenbait zereginetarako; agian, bat edo beste, bertsolari; eta, batik bat, zeharo abarkadun. Espainolak eta frantsesak, ordea, errege, jeneral, presidente, zientzialari, literato, musikari eta pintore agertu izan dituzte. Intoxikazio «ez-identitarioaren» erakusgarri ederra. […] Bestela esanda: ez baldin bagara gai ikuspegi propio bat izateko, gure zentraltasun bat izateko —geografiari edo lurraldeari dagokiena, bai, baina batik bat historiari eta gizarteari dagokiena—, ezinbestean geuretzat hartuko dugu prozesu historiko osoan gure lurraldea konkistatu eta okupatu zutenen zentraltasuna, subiranotasuna ebatsi zigutenen, eta hizkuntza, kultura eta erakunde propioak gutxitu zizkigutenen eta haiei jazarri zitzaizkienen zentraltasuna». Azkenik, euskal herriari burua jan diotela du hizpide Paradigma nafarra-k: «Gu ez gara arazo Espainiarentzat eta Frantziarentzat. Haiek dira benetako arazo guretzat, haiek ditugu arazo, eta haiek eragozten digute garapen normal bat izatea edozein mailatan: hizkuntzan, kulturan, ekonomian, gizartean, eta abarretan. […] Egunero darabiltzagun hitzak ditugu barreneko pentsamoldearen adierazgarri. Ezin susmatuzkoa da zein mailatarainoko kolonizaziora behartzen gaituzten. […] Egia tristea da, hain zuzen, Nafarroaren eta Kataluniaren kontra sortutakoa dela gaur egungo sistema politiko espainola. Haien demokrazia errespetatuta, hitzetan eta muinean, sekula ez dugu erabat lortuko, ez haiek eta ez guk, gure nazioa burutan ateratzerik. Betiere osagai sakabanatuak izango gara, haien nahi orokorraren mendekoak».

Liburuak, bada, euskal errealitatearen hainbat alderdi ditu hizpide, eta sendotasun eta asertibotasun injekzio halako bat da, pentsamendu ofizialaren kontrako babes ezkutu bat, huraxe transmititzen baitute bozgorailu mediatiko espainolek, itxuraz demokratikoak izanagatik sustrai totalitarioa baitute zoritxarrez. Bada konponbide bat, ordea, eta liburuko esaldi hau ulertzean datza: «Herri baten existentzia objektiboak ez du bermatzen haren iraupena. Horrez gainera, beharrezkoa du boterea erabiltzea, izateko nahia edukitzea eta hori berariaz adieraztea».

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.