COVID-19aren krisiak paradigma-aldaketa ekarri du mundu globalizatu batean, krisi ekonomikoei erantzuteko moduari dagokionez, eta ideologia neoliberalak gehien blaitutako eskuinak ustekabean harrapatu ditu. Kosta egiten zaie neoliberalismoaren aurrean benetako alternatibak daudela onartzea. Paradigma aldaketa hau, ikuspegi neoliberaletik politika neokeynestarretarako biraketa hau, aukera bat da, hain zuzen, publikotasunak gure gizarteentzako demokrazia ekonomikoaren bermea izan behar duela uste dugunontzat.
Ildo horretan, Euskadin oraindik ere ez dira asumitzen gastua hedatzeko politika neokeynestar batzuk. Dagoeneko ezin gara harro egon osasun publikorik onena dugulako, eta desberdintasunak areagotzen jarraitzen du gure herrialdean. Eta, horren aurrean, badakigu Euskadik zerga-eskumen nahikoak dituela gure administrazioen eta sektore publikoaren ahalmen ekonomikoa indartzeko.
Izan ere, zergen gaian, ikusi dugu nola EAJk, PDeCATekin batera, lortzen zuen energien gaineko zerga deskafeinatzea, eta gero saiatu zen Repsol zerga horretatik kanpo uzten. Euskadik ezin du onartu handientzako fiskalitate erraza duen herrialde bat izaten jarraitzea; gure presio fiskala Europako batezbestekoaren barruan jarri behar da, eta aberatsentzat Espainiako zergarik txikienak eskainita Ayusorekin lehiatzeari utzi behar zaio. Eskumen fiskalari esker, gure sistema soziala indartu dezaketen berezko diru-sarrerak izan ditzake Euskadik. Garai berriek politika hedakorrak eta egiturazko aldaketak dakartzate, eta gure aldundiek zeresan handia dute gai honetan.
Euskal gizarte-babesaren eredua hobetu behar dugu, eta Estatuaren gizarte-babesaren abangoardian jarri. 180 graduko bira eman behar dugu egoitzen eta ongizatearen estaturako oinarrizko beste zerbitzu batzuen kudeaketa pribatuari dagokionez. Gure ahalmen fiskala mesedegarria izan daiteke herritarrentzako oinarrizko gizarte-zerbitzuak publiko bihurtzeko. %100eko kudeaketa publikoko egoitzen eredu bat bermatzea dagokigu, banakako arreta hobetuko duena, etxebizitza baten antzeko espazioak sortuko dituena, erabiltzaileari arreta emateko ratioak hobetuko dituena eta enplegu-baldintza duinak dituzten profesionalak enplegatuko dituena. Babes soziala eta baldintza duinetan zahartzeko eskubidea politika publikoen erdigunean jarri behar ditugu.
Feminismoa agendan dago duela urte batzuetatik hona, eta gure erakundeen erronka da borroka feminista guztiontzako eskubide bihurtzea. Gipuzkoan, Estatuko gainerako lurraldeetan bezala, oraindik badaude argi eta garbi matxistak diren praktika eta ohiturak, seinalatu eta eraldatu behar ditugunak, euskal gizartean benetako berdintasun eraginkor batez hitz egin ahal izan dezagun. Matxismo estrukturalak gure gizartetik baztertzea erronka globala da, eta garatzen diren politikei begirada feminista eskaintzeko gai izan behar dugu, modu intersekzionalean eta berdintasunari balioa ematea administrazio publikoaren jarduera-eremu guztietan zeharkatuz.
Inork ez zuen pentsatu posible izango zenik Irunen PSEk EAJrekin batera gobernatzeari uztea, baina gertatu egin zen. Eta koalizio-gobernu bat osatu genuen, estatuko gobernuaren ildoari jarraituz, eta, horri esker, hautsa kendu diegu hainbat kultura-proiekturi; aurrera egin dugu duela hamarkada batzuetatik degradatu eta geldirik zeuden hirigintzako hainbat eremutan; alokairuko etxebizitza publikoen parkea handitu dugu, eta horrekin batera, datozen urteetan ere parkea hazten jarraitzea bermatuko duten proiektuak abiarazi ditugu; udaleko berdintasunaren zerbitzuari forma eta edukia eman eta ekipamendu berri batez hornitu dugu (Emakumeen Etxea), eta horrekin batera, sinergiak sortu ditugu mugimendu feministarekin eta hezkuntza sarearekin; egonkortasuna eman diegu herritarrei eta baita udalerriko enpresa-ehunari ere.
Duela pare bat urte inork ez zuen uste Irunen ikus zitezkeenik bost udal taldeetako lau ordezkari Alarde Publiko berdinzaleari egindako harreran, eta, are gutxiago, hiriko bandera udal gobernuaren izenean emango zitzaionik, eta hala egin genuen; ohorea izan zen niretzat Alarde Berdinzaleari hiriaren ikurra eman zion berdintasuneko lehen ordezkaria izatea udalaren aldetik. Erresistentzietatik harago, gure herritarren artean jada gauzatudiren aldaketa sozialak instituzionalizatu daitezkeela erakusteko gai izan gara.
Gipuzkoako herritarrak gero eta kontzientziatuago daude klima-aldaketaren aurkako borrokarekin, eta beharrezkoa da trantsizio ekologikoan aurrera egitea, ingurumenaren eta energiaren aldetik iraunkorragoa den lurralde-eredu bat lortzeko. Berriztagarrien erabilera areagotzeko egin beharreko aurrerapenekin batera, ingurumenaren, Gipuzkoako biodibertsitatearen, mendien eta ekosistemen defentsa sutsua egin behar da. Era berean, ezin dugu lehen sektorea alde batera utzi, kontuan izanik momentuz ez dagoela tokiko elikagai osasungarrien ekoizpena eta tokiko merkaturatzea indartzen duen politikarik.
Apustu hori oso lotuta dago eredu batekin, Gipuzkoako eremu guztietan oinarrizko zerbitzuak bultzatuz lurralde-oreka handiagoa sustatuko duen ereduarekin. Hala, herrien arteko mugikortasun jasangarria sustatu behar da, eta garraio publikoa ezarri zerbitzu gehiagorekin eta arrazoizko prezioan, intermodalitatea bultzatuz; horri esker, hirietan auto kutsagarrien sarrera murriztu ahal izango da.
Paradigma aldaketa baliatu behar dugu gizartearen gehiengo batek eskatzen duen ekonomia-, gizarte- eta berdintasun-demokrazian sakontzeko.
Paradigma aldaketa, desiratzen dugun Gipuzkoa lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu