Aitortu behar dut ezen, zenbaitetan, bizi garen gizartearen jokabide jakin batzuk ikusi eta txundidura ezin ezkutaturik geratzen naizela. Nahiko tipo arraroa naizelako izango da agian.
Ez diot inoiz meritu handirik ikusi futbolaren praktikari. Edozein giza jardueratan pasatzen den bezala, honetan ere batzuk hobeak dira beste batzuk baino, eta gutxi batzuk bereziki trebeak dira. Egia da antzinako Grezian jada aritzen zirela pilota bat menderatu nahian, eta Erdi Aroan, Ingalaterran, jada sortua zela egungo futbolaren eta gerra sarraski baten arteko gurutzatze moduko bat. XIX. mendean, arautu egin zuten, eta gaur egungo futbolarekin identifikatu daitekeen zerbait bihurtu zen horrela. Baina nik praktika horri ez diot meritu handiagorik ikusten zirkuko artista batek malabarrak egiteari baino, adibidez.
Eta, jakina, beti iruditu zait kaltegarria lehia kirolak batez ere futbola muturrera eramatea jendea erabat alienatzeraino eta, are, Athleticekoa, Realekoa, Real Madrilekoa edo Bartzelonakoa izateak kutsu politikoa izateraino. Eta zer esanik ez selekzio nazionalak badaude tartean. Gerra bukatzean Dinamo Moskuk Ingalaterran zehar egin zuen bira ikusi ostean, nire George Orwell miretsiak artikulu bat idatzi zuen Tribune egunkarian, 1945eko abenduan. Artikulu horretan, hau zioen, zuzen esan ere: «Futbolak ez du inongo zerikusirik joko garbiarekin. Berezko giro ditu gorrotoa, jeloskortasuna, handiustea, arauen mespretxua eta indarkeriaren lekuko izatearen plazer sadikoa: beste modu batera esanda, gerra da, baina tirorik gabe». Are, bi selekzio nazionalen arteko futbol partida batek balio izan du gerra bat tiro eta guzti abiatzeko aitzakia gisa Erdialdeko Amerikan.
Ez dakit nork esan zuen futbola herriaren opioa dela, baina arrazoi guztia zuen. Erromatarrek gladiatoreen jokoak erabiltzen zituzten modu berean erabili dute futbola zenbait erregimen autoritario eta ez hain autoritariok. Panem et circensis.
Gainera, gaur egun, futbola, kirol bat baino gehiago, negozio mamitsu bat da. Hala, erabat perbertsoa iruditzen zait jokalari bati sei zifra edo gehiagoko soldatak ordaintzea baloiarekin trebea izate hutsagatik. Eta are perbertsoagoa da pandemia honetan herrialde guztietako autoritateek jokalariei baimena ematea besteok debekatuak ditugun gauzak egiteko joko zelaian; besteak beste, segurtasun tartea gorde gabe biltzea, elkar besarkatzea eta pilatzea. Esango didate futbol profesionala eremurik seguruenetako bat dela COVID-19ari dagokionez. Noski. Gogoratzen zarete nola pandemiaren hasieran ia ez zegoen PCR-rik inorentzat baina bai futbolari profesionalentzat? Zenbat apustu makronegozio hori osatzen duten klubetako futbolari profesionalek hartuko dutela txertoa lehen-lehenik, arrisku taldeetakoekin eta osasun arloko langile eta langile soziosanitarioekin batera?
Maradona hil da. Argentinako presidente Alberto Fernandezek hiru eguneko dolua ezarri du herrialdean, eta, bitartean, egunero ehunka argentinar hiltzen dira COVID-19agatik, beste herrialde batzuetan beste milaka hiltzen diren bezala. Zoratu egin al gara?
Zer nahi duzue esatea? Pertsona jakin batzuei baloiarekin trebeak izateagatik milioiak ordaintzea perbertsoa iruditzen zait, baina hau mukuruaren mukurua da. Edozein gizakiren heriotzak atsekabetzen nau, neurri berean, hiltzeko arrazoia edozein dela ere, baina ez dut inongo zerikusirik izan nahi honekin, ez baitakit noraino helduko den. Nahiago dut aurrerantzean ere arraroa izan eta arrantzura larrera joaten segitu.
(Erredakzioan itzulia)
'Panem et circensis'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu