Palestina 194

2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen apustuak Nazio Batuen Erakundeak Palestinako Estatua onar dezan eztabaida sakona eragin du, Palestinako gizartean bertanzein herri horrekiko nazioarteko elkartasun mugimenduaren baitan.

Egitasmoak aurrera egiteko aukera gutxi dituen arren, horren sustatzaileek Asanblada Nagusian lortutako babesak garaipen sinboliko gisa hartu dituzte, eta hobarien artean aipatzen dituztenak, AEBen zaintzarik gabeko aurrerapausoak emateko beharra, palestinarren aldeko nazioarteko babesa handitzea, gatazkaren geldotasuna hausteko aukera, Palestinako mugimendu soziala berrantolatzea eta NBEren ebazpenak eta nazioarteko zuzenbidea gatazka gainditzeko oinarrizko irizpide berriz ere bilakatzea daude.

Jarrera honen aurrean, aitortza honen eskaerak izango dituen alderdi txarrak aipatu dituzten ahots ugari izan dira: izaera isolatua duela, estrategia nagusirik gabekoa; zatikatutako lurraldeetako, legez kanpoko kokalekuetako eta sakabanatutako herri taldeetako statu quo-a zilegi egingo dituen beldurra; nazioarteko ebazpenetan oinarritutako negoziazio egoera batera bueltatzeko baliagarria izango den zalantza; «Estatu bakarraren irtenbidea» lagatzea «bi estatuen konponbidea» sustatuz; Palestinako Estatuaren bideraezintasuna egungo baldintzetan; Palestinako Aginte Nazionalak sakabanatutako pertsonen itzultzeko eskubideari uko egingo dion beldurra…

Neurri handi batean, egitasmoak Osloko Akordioetatik aurrera bakea lortzeko negoziazioek jarraitu duten eskema aldatzeko gai izango ote den asmatzea da gakoa, NBEren ebazpenak «lurraldeak bakearen truke» printzipioarekin ordezkatu zirenean, etengabeko kolonizazio prozesuari erreparatu gabe.

Nazioarteko zuzenbide publikoak argi hitz egin du Palestina eta Israel arteko gatazkan: NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenek israeldarrak 1949ko menian adostutako mugetara atzera egitera eta Palestinako lurraldeetan milioi erdi kolono hartzen dituzten 140 gora kokalekuak desegitera behartzen dute. Gainera, Genevako IV. Konbentzioa, Gerra garaian Zibilak Babesteari dagokiona, de iure aitortzen zaio lurralde hauei ituna sinatu duten alderdi guztien artean, baita Asanblada Nagusiak eta Segurtasun Kontseiluak, baina Israelek ezetz dio betetzeari.

«Bake egitasmo» ugariren porrotak Palestinako herriaren batasuna eta eskubide nazionalak ahaztu izanaren ondorio izan dira, bakea okupazio israeldarraren irizpideen arabera eraiki nahi izanagatik. Hala, gaur arte, lurralde eta demografia aldatzeko politikak inposatuz, Israelek Palestinako Estatuaren sorrera ekidin izan du, eremu militarrean duen nagusitasuna eta AEBen baldintzarik gabeko babesa baliatuta. Helburu nagusia nazioarteko legezkotasuna baztertzea da; Palestinako agintariak kokalekuak, lurren desjabetzea, harresia eta palestinarren erbesteratzea onartzera behartu nahi dituzte.

Subiranotasunaren aitortza, beraz, ezin da onartu nazioarteko ebazpenak aldarrikatzen jarraitu gabe. Edonola ere, Nazio Batuengana jotzea ez da aski izango ez bada erresistentzia baketsuan oinarritutako estrategiaren eskutik, okupatutako lurraldeetan zein nazioartean, horixe baita, dirudienez, Palestinako Aginte Nazionalari falta zaiona.

Argi dago nazioartean lortutako garaipen sinboliko batek ez duela amaituko Israelek darabilen apartheid eta bazterkeria politika. Bestalde, Palestinako Estatua aitortzea ezin da bihurtu gobernuek nazioarteko legeak bete daitezen duten ardura ahazteko aitzakia. Ildo honetatik, gogoratu beharra daukagu Espainiak 2,8 milioi euroko arma salmentak onartuko zituela Israelentzat.

Realpolitik deritzonaren hipokresiaren eta Israelgo Estatuak nazioarteko legeei azaltzen dion mespretxuaren aurrean, Palestinako herriaren eskubideen aldeko borrokaren baliabiderik eraginkorrenetarikoa boikot, desinbertsio eta zigor kanpainan datza. Kanpaina honek, Hegoafrikako apartheid politikaren aurkakoaren ereduari jarraiki, Israelekin kooperazio ekonomikoa, kulturala eta kirol eremukoa etetean datza, estatuetatik zein sektore pribatuetatik, eta arrakasta handia izan du, hala nola gizateriaren aurkako edota gerra krimenak egin dituzten arduradun israeldarrak auzipetzea; Israelgo erakundeekin harremana duten unibertsitate zein enpresei eginiko boikotak ere emaitzak izan ditu, bezeroek eginiko presioei men eginez ekoizpen israeldarra kontratatzeari uko egin baitiote.

Gaur egungo boikot kanpainarik garrantzitsuenetarikoa Frantziako Veolia transnazionalaren aurkakoa da, Mendebalde Jerusalem ekialdeko eta Zisjordaniako legez kanpoko kokalekuekin lotuko dituen tren arina eraikitzeko partzuergoko kide izateagatik, azpiegitura horrek okupazioa hedatuko baitu. Gainera, Veoliak 30 urterako kontratua eskuratu du Zisjordaniako kolonoen kokalekuetarako zabor bilketa eta autobus ibilbide bat kudeatzeko. Jarduera hauek guztiak, Genevako IV. Konbentzioaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutuaren arabera, gerra krimenak laguntzearen pareko dira. Kanpaina honen harira eginiko protesten ondorioz, transnazionala Londresko Udalak deitutako lehiaketa publiko batetik at utzi izan dute.

Veolia da, hain zuzen ere, Bilboko autobus garraio zerbitzua kudatzen duen enpresa, eta Udalak, gertaera hauen berri izan arren, kontratua bertan behera utz dezala orain arte egin zaizkion eskaerei entzungor egin die, kontratu publikoetan esleipendun konpainiei ezarritako baldintzen artean giza eskubideak eta nazioarteko legeak bete dezatela eskatzearekin egin duen bezala.

Beraz, palestinarren borroka baketsuari egin diezaiokegun ekarpena ez da ezinezko ameskeria, ezta herritarren eraginetik kanpo dagoen zerbait ere; aldiz, udal politikatik egingarria da, ezin dugu onartu gure Udalak Veolia bezalako ibilbidea duten enpresak diru publikoarekin saritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.