PAIren iruzurra eta egonkortzea

Leire Asporosa Perez eta Oihane Jordana Mosen
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak sindikatuoi iragarri bezala, eta gure iritziari entzungor eginez, PSNk aurkeztu zuen Atzerriko Hizkuntzetako Programetan diharduten irakasle lanpostuak egonkortzeko bere Foru-Legearen proposamena Nafarroako Parlamentuan, eta gaur bertan onartu nahi dute. Egin zuen, gainera, talde parlamentario batek —ez gobernuak— aurkeztuta, eta presazko prozeduraren eta irakurketa bakarraren bidez, zenbait txosten juridikoren beharra saihestuz eta gainontzeko alderdi politikoen kontrakotasunarekin —soilik Navarra Suma du alde—.

Egun, Maisu-maistren eta Irakasleenkidegoetan sartzeko 276/2007 ErregeDekretua bete behar da, 270/2022 Errege Dekretuak aldatua, hautaketa-prozedurak enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Iceta legearen arabera egokitzeko. 276/2007 Errege Dekretuak ezartzen du gaztelania eta autonomia-erkidegoetako hizkuntza koofizialen ezagutza egiaztatu behar dela, ez ordea atzerriko hizkuntzena. Horrekin, beraz, ezin da atzerriko hizkuntza betekizun gisa eskatu eta horrek eragozten du PAI (ingelesarekin), PAF (frantsesarekin) eta PALE (alemanarekin) programetako irakasleak funtzionarizatzea. Horregatik, Estatuko lege hau itzurtzeko, foru-lege bat asmatu du Gimenok, Foru-erkidegoko irakasle funtzionarioak sortuko dituena eta, Iceta legea baliatuz, atzerriko hizkuntzetan C1 duten langile asko oposiziorik egin gabe egonkortuko dituena, egun legeria estatalak galarazten duena. Hau, gure ustez, erabat diskriminaziozkoa da, eta, are okerragoa, ez du inongo berme juridikorik.

Larriagotzearren, Hezkuntza kontseilariak ba omen du planeatuta behin irakasle foru kidego berri hau sortuta, Estatukoan txertatzea, 276/2007 Errege Dekretuari erabat tranpa eginda. Argudiatzen omen du Gimenok hau jada egin zela duela hogei urte udal ikastolekin, baina oker dabil, kontrakoa baita orduan gertatutakoa. 2000. urtean, ikastolak udalaren menpetik atera zituzten eta Nafar Gobernuan sartu, Hezkuntza Departamentuko eta Estatuko langileak bihurtuz. Orduko helburua, hortaz, batzea izan zen, parekatzea, langile guztiei baldintza berdinak ematea. Gimenoren oraingo asmoa, ordea, kontrakoa da: irakasleak bi kidegotan banatzea, eta lan berbera eginik ere, baldintza ezberdinak izan ditzatela.

Foru-lege honek, gainera, atzerriko hizkuntzetan C1 duten irakasleak egonkortzea lehenetsiko du soilik, bertako hizkuntza ofizialak menperatzen dituzten irakasleei egonkortzeko aukera ukatuz, esperientzia askoz handiagoa eduki arren. LABen irakasle lanpostuak egonkortzearen alde gaude, bai, baina nori emango zaio horretarako eskubidea? Arau honek, zuzenean, irakasle askorena deuseztatuko du. PSNk ez du erreparorik bertako hizkuntza den euskara meritu gisa puntuatzearen kontra agertzeko eta atzerriko hizkuntzetan, ordea, C1 exijitzeko.

Bestalde, hitz egin dezagun Atzerriko Hizkuntzetako Programen kalitateaz: frogatuta dago kalitate urrikoak direla, pedagogikoki deskalabrua sortzen dutelako: segregazionistak dira, ikasleek lortutako atzerriko hizkuntzako maila ezbaian dago, curriculumeko gainontzeko arloetako emaitzak kaskartu egiten dira... Programa hauen kontra badaude ebidentzia eta ahots asko: Madrilgo Karlos III.a unibertsitatea; Londreseko University College; Madrilgo Unibertsitate Autonomoa; La Chapuza del Bilingüismo dokumentalean Madrilen programotatik ateratzeko jarraitu duten bidea azaltzen duten adituak; Europako hezkuntza sistema aurreratuenak, atzerriko hizkuntzak oso bestelako moduetan irakasten dituztenak... Azken finean, ikasle, familia eta langile asko sufritzen ari dira programa hauen pandemia, Foru Gobernuak 2005-2006tik Nafarroako ikastetxe gehienetan inongo plangintza eta ikerketarik gabe inposatu zuena. Orain, programetatik ateratzeko aukera ematen badu ere, hainbeste dira jartzen dituen baldintzak eta trabak -galdetu Castejongo Dos de Mayo ikastetetxekoei, PAItik atera den ikastetxe bakarra-, non gehienek sarean harrapatuta jarraitzen duten, eta, hori gutxi balitz, Gimenok orain betikotuko ditu asmatutako foru-lege honen bitartez.

LAB sindikatuan eleaniztasunaren alde egiten dugu apustu, baina atzerriko hizkuntzak era orekatu eta koherentean landu behar dira, gainerako konpetentzien eskuratzea eta bertako hizkuntzen menperatzea galarazi gabe, egun gertatzen ez dena. Honengatik guztiagatik, LABen ezin gara ados egon PAI, PAF eta PALE bezalako programekin, ezta hauek bermatuko dituen zalantzazko legezkotasuneko foru arau honekin, eta haien aurka mobilizatzen jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.