Joan den abenduan, Madrilgo Erkidegoak ozenki iragarri zuen Historia irakasgaia ez dela ingelesez emanen 2024-2025eko ikasturtetik aurrera, edukien kalitatea jaits ez dadin. Izan ere, enborreko irakasgai guztietan gaztelania irakas-hizkuntza gisa berreskuratzeko egitasmoa dute. Murtzian antzeko zerbait gertatzen da; Hezkuntzako kontseilariak matematika ingelesez ez ematea gomendatzen du, eta adierazi du ikastetxeak ez direla behartuta egonen natura-zientziak ingelesez ematera, ikasleei ere arazoak sortzen ahal dizkietelako.
2018az geroztik, Gaztela-Mantxako eta Gaztela eta Leongo eskola asko atera dira gaztelania-ingelesa programa elebidunetik, Madrilen eta Murtzian dauden gabezia berak egiaztatu ondoren. Programatik ikasturte batetik bestera atera daiteke, eta, beraz, kontraste handia egiten du Nafarroako eskolei ezarritako bederatzi urteko prozesu nekezarekin.
PPk (baita PSOEk ere) oso ongi zekien zer kalte eragiten zituen programa horrek, baina komeni zitzaien familiak «berrikuntza» batekin engainatzea. Izan ere, «berrikuntza» horrek, ustez, eliteko ikastetxeetako ingelesaren ikaskuntza langile klasearen eskura jartzen zuen, hezkuntza publikoaren sisteman gertatzen ari ziren murrizketak disimulatuz. Bestalde, ingelesa sartzea amarru ezin hobea zen gaztelaniaz besteko hizkuntzak zituzten lurraldeetan (Balear Uharteetan, Valentzian, Galizian edo Nafarroan, esaterako) haietan murgiltzeko ereduak oztopatzeko.
PPk erabaki du programa elebidunez libratzea, hezkuntza-sistema publikoari ahalik eta kalte handiena egin ondoren eta sinesgarritasun guzia galduta. Jadanik ez ditu programa horiek behar katalanari edo galegoari erasotzeko. Balearretako eta Valentziako PPko eta VOXeko gobernuek katalanaren aurka jo dute, eta ez dute inolako aitzakiarik behar izan hori egiteko. Horrez gain, Espainiako deep state delakoak gogor dihardu katalanaren eta euskararen aurka, eta horren erakusgarri dira Kataluniako hizkuntza-murgiltzeari ere eragiten dioten hainbat epai.
Nafarroako kasuan, Yolanda Barcinak argi eta garbi adierazi zuen PAI ezartzeko helburua: euskarazko matrikulazioa geldiaraztea, ingelesa sustatuz. Beste autonomia erkidego batzuetan PAIren gisako programak eraisten ari dira; aldiz, Nafarroan, Barcinaren politiken jarraitzaileek, hau da, PSNk, UPNk, PPk eta VOXek PAI gotortu dute lege baten bidez, irakasleen sasikidego berri bat inposatuta, espezialitate bakoitzean sei kontratazio zerrenda ezarriz, eta 1992tik kontratazio zerrendetan jasandako apartheid linguistikoa are gehiago larriagotuz.
Noiz arte euskarazko irakaskuntza zokoratua Nafarroa Garaian?
PAIk lortu zuen A eredua nabarmen gutxitzea eta D ereduaren hazkundea gelditzea. Matrikulazioaren jaitsierak eta aldaketa demografikoak kolokan jartzen dituzte D ereduaren lorpenak. Euskaltzaleak hein handi batean tontolotu ditu gobernu honen ustezko «aurrerakoitasunak», eta, bitartean, bere horretan diraute UPNren garaiko politika euskarafobikoek. Aski da!