Erretiratua

Pagadiak

2025eko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako ospakizunak pagadi batekin lotzea, horregatik aukeratu dut pagadia. Estimatzen dut benetan haritza: etxeak, itsasontziak, altzariak eta abar egiteko gure basoetan dugun zurik noble, apain eta gogorrenetakoa; estimatu lizarra: batez ere altzari argiak eta arinak egiteko, beta ederrak erakutsiz; gainera, artzainek badakite ardiei zenbat gustatzen zaien lizar-hosto ondua. «Lizarrusti», lekua ezagutuz gero, lizarraren ustiaketatik datorrela esango nuke.

Gaurkoan: pagadia. Nork ez du ezagutzen pagadi bat? Mendira joan den edonork daki zer den pagadi bat. Udaberrian hosto berderik argitsuena eta politena duen ingurunea azalduko zaigu, eta udazkenean, berriz, mendiko lursailik koloretsuena dudarik gabe, pastel kolore guztiak hartzen dituen paleta. Ederrak dira gure pagadiak.

Baita ere, esan behar, aberatsak direla gure pagadiak. Nork ez ditu bildu udazkenean gibelurdin, onddo eta zizahori perretxikoak pagadietan? Eta baserritarrek badakite zer den orbela biltzea. Udazken amaiera aldera lurrera eroritako hostoak, orbela, biltzen zuten ukuiluan ganaduari azpiak egiteko. Bizkai aldean badira kopla zahar batzuk zera esaten dutenak: «Astelenian ezkondu eta/ martitzenian basora/ eguaztenian orbelak batzen/ eguenian etxera».

Gaur ezagutzen ditugun pagadi zaharretan gehienbat pagondoak aurkituko ditugu, tartean gazteagoak diren pagolizar batzuk badaude ere. Pagondo zahar hauek aspaldi, gazteak zirelarik, metro pare batera moztutako pagolizarrak dira. Baina, nolatan hori?, galdetuko duzue beharbada. Erantzuna da: ikatza. Bai, ikatza egiteko pagoa erabiltzen zen batez ere. Haritza eta artea ere erabiltzen ziren, baina horien zura material bezala erabiltzeko gehiago preziatzen zen. Horrek ez du esan nahi pagoa ez zela erabiltzen altzariak edo antzeko egur-lanak egiteko. Uztarriak, adibidez, pago zurarekin egiten ziren.

Basoa, pagadia, etxerako egurra eta ikatza neguko solstizioarekin lotuta dauden elementuak dira. Gaur egun, beharbada, ez dugu sumatzen etxea berotzeko beharrezkoak ziren egur pilen eta ikatzaren falta —aski dugu pinutxo bat saloi bazterrean jartzearekin eta led erako bonbilla txiki mordo bat, klik eta klik keinuka ari zaizkigunekin—. Baina jakin zure etxea berotzeko edo janaria prestatzeko erabiltzen duzun gasolioa, gasa edo elektrizitate gehiena, milioika urtean lur azpian egondako baso eta basoen fosilak direla, likido edo gas bihurtutakoak. Denok kontsumitzen dugu ama-lurretik. Eskerrak neguko solstizioa berri onarekin datorkigula: eguzkia bere azkenetan badago ere, etorriko dela berriro ere izadi guztia berotzera eta energiaz berpiztera. Gizakiak ikertu beharko du sakonago nola aprobetxatu hobekiago dugun energia garbi bakarrenetakoa: eguzkiaren energia. Hala ere, basoak, zuhaitzak behar-beharrezkoak ditugu, gure arnasbideak baitira.

Negu-mugako ospakizun hauetan ere izan beharko genuke unetxo bat hausnartzeko, gutxienez jakiteko zer eta zergatik ari garen ospatzen. Arinkeria eta inozokeria izugarria dago. Gogoratu gure aurrekoek nola bizi zituzten basoa, egurra eta suarekiko erritualak, Gabon enborra edo Olentzero enborra sutan jartzean, adibidez.

Herrialde guztiek dute negu-mugako pertsonaiaren bat eta euskaldunok geureari Olentzero deitzen diogu. Beste lurralde batzuetan bezala gure pertsonaia ere basoarekin eta ikatzarekin lotutakoa da. Hona hemen batzuk: Apalpador ikazkina Galizian, Esteru basomutila Kantabrian, El tió Kataluniako enbor pertsonifikatua.

Gure pertsonaia den Olentzero asko noelizatu omen da, hots, Papa Noelen itxura hartzen ari dela esaten dute batzuek. Jostailuak eta opariak banatzeko orduan beharbada, bai. Baina oraindik Coca-Colak ez du blusa eta txanotxo gorriz jantzi. Opariena hain lotua dago kontsumo munduarekin! Benetan zaila ikusten dut putzu horretatik irtetea, gurasoen eskuetan dago gehienbat, esango nuke nik. Gizartearen, eskolaren eta gurasoen eskuetan ere badago Olentzerok basoarekin duen lotura mitologikoaren transmisioa egitea eta gure lurrarekiko, basoekiko, zuhaitzekiko eta naturarekiko errespetua eta maitasuna areagotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.