Pablo Iglesias jaun agurgarriari, Podemos-Ahal Dugu alderdiko idazkari nagusiari. Sevillan osasun sistemaren gainean egindako adierazpenen berri jakin izan dut, eta horregatik zuregana zuzentzen naiz, enplazamendu edo eskaintza publikoa egiteko.
Osasun sistema publikoa eta unibertsala aldarrikatu duzu, eta horrekin bat egiten dut. Izan ere, osasun arreta unibertsaltasunaren, elkartasunaren, kalitatearen eta ekitatearen printzipioetan oinarritzen da, besteak beste. Hiritar guztien eskubidea da. Baina ahalketu barik pazienteen hizkuntzari ez diozu garrantzirik eman, eta zuk esandakoaren arabera pazientea galegoz, euskaraz, katalanez edo gazteleraz artatzea bigarren mailako auzia da. Edo beste era batera esanda, gazteleraz baldin bada ez diozu inolako arazorik ikusten, hiritarren hizkuntza eskubideak ukatzen badira ere. Jakinik gaur egun hizkuntza gutxituen hiztunei ez zaiela zerbitzua bere hizkuntzan bermatzen ez eskaintzen, nola esan ahal duzu horrelakorik?
Esan ahal guztiak esanda ere, bistakoa da osasungintzaren gorabeherak eta ezaugarriak ez dituzula ezagutzen. Osasun arretak erabiltzailea du ardatz; bera da muina, gure arretaren funtsa. Eskaintzen den zerbitzua pazientearen ezaugarri eta berezitasunetara egokitu behar da, kalitatezkoa izan nahi badu. Ez ahaztu osasun langileak pertsonak artatzen ditugun pertsonak garela. Horregatik guztiagatik, osasun laguntzak pertsonan zentraturiko arreta integrala du helburu, bere ongizatea, bizi-kalitatea eta autonomia bermatuz, ahal den neurrian. Eta pertsona guztiak ez dira berdinak. Osasun langileon betebeharra gaixoen duintasuna errespetatzea da, besteak beste, eta ezin dugu bazterketarik onartu. Ezin dugu inolaz ere gaixoak baztertu euren erlijioagatik, jatorriagatik, arrazagatik, sexuagatik edo beste edozein ezaugarrirengatik, ezta hizkuntzagatik ere.
Osasungintza hiritarren biziaren alderik pertsonalenari lotzen zaio, eta horrek hurbiltasuna eskatzen du. Kontuan hartu, zure ahal guztiaz, medikuaren eta gaixoaren arteko harremanak eta konfiantzak erabateko garrantzia duela. Eta horretarako hizkuntza ezinbestekoa da. Ez da zerbitzuaren osagarria: zerbitzua eta hizkuntza banaezinak dira. Kalitatezko osasun laguntza bezeroaren hizkuntzan burutzen dena da eta ez besterik, hori mundu osoan onarturiko paradigma delarik.
Handiek nahikara, txikiek ahalara. Hizkuntza gutxituen hiztunek bigarren mailako osasun zerbitzua jasotzen dutela gauza ezaguna da, eta komunikazio arazoek pazienteen gogobetetzea kaltetzen dute. Horrek guztiak kalitatea errotik zapuzten du. Bestalde, huts egite edo akats medikoak ekar ditzake eta lege-arazoak, pazienteen segurtasuna arriskuan jarriz. Ezin zaio erantzukizuna gaixo euskaldunei leporatu, bortxatua izan den minigonaz jantzitako emakumeakerrurik ez duen legez. Jakina, euskaldunok elebidunak gara, gazteleraz badakigu, baina zerbitzua pazienteak lehenetsitako hizkuntzan eskaini behar da ahal bezainbat, gaixoan zentraturiko arreta holistikoa lortu nahi badugu. Eskaini diot, eta ez gaixoa, ahuldade egoeran dagoena, eskatzera behartu. Hori ez da etikoa, eta, beraz, osasungoan onartezina da. Eta badira ahuldade egoeran dauden kolektiboak: adinduak, haurrak, narriadura kognitiboa edo osasun mentaleko arazoa dutenak adibidez.
Osasun arretak unibertsala izan behar du. Horretarako pazientearen ama hizkuntzan edo lehenetsitako hizkuntzan bermatzea lehentasunezkoa da, dela euskaraz, gazteleraz, katalanez edo galegoz. Etorkinen eskubidea ere bada, eta ahal izanez gero, horretarako beharrezkoak diren giza baliabide (itzultzaileak alegia) edo baliabide teknikoak (itzulpenerako aplikazio informatikoak) garatu behar dira, hizkuntza zailtasunak eta mugak saihesteko.
Iglesias jaunak agerian utzi du euskaldunekiko eta gutxiengoekiko duen errespetu falta eta axolagabekeria. Argi eta garbi ikusi ahal izan dugu euskaraz hitz egiten dugunoi egin digun iraina eta ez ikusia. Ahuldade egoeran, ahalke dagoen jendea, mintzatzen ahal ez dena, ez zaio batere axola, boterea eskuratzea baizik.
Dena den, ez gaitezen gogorrak izan, ahal adina lasai gaitezen, eta berak ez bezala adeitasunez joka dezagun. Bere ahala egiten duenari ez diogu barkamena ukatuko. Ahal baduzu, Iglesias jauna, gai honi buruz luze hitz egin dezakegu. Mahai inguru batera gonbidatzen zaitut, osasun arretan hizkuntzak eta komunikazioak duen garrantziaz eztabaidatzeko. Nahi duzunean, nahi duzun tokian. Baina egia esan, ez dut uste ausartuko zarenik. Edozein aitzakia edo estakuru bilatuko duzu, zure ezjakintasunaren ahalkeria ager ez dadin. Ezin duzula esango duzu; berriro ere, euskaldunoi ez entzuna. Izan ere, hauteskundeak irabaztea duzu helburu bakarra. Nire helburua, ordea, medikua izanik, pertsonak artatzea da, besterik ez. Euren egoera eta beharretara moldatuz, euren hizkuntzan horrela nahi badute. Eta zuk ni ez bezala nik errespetatzen zaitudalako, zure hizkuntzara moldatzeko gauza naiz; gazteleraz eztabaida dezakegu. Ahala duzunean, noski. Baina jakin badakit ez zarela ausartuko, ez didazula hitz egiteko aukerarik emango, ez zarela agertzen ahal. Errespetu osoz, zure hizkuntza erabiliz, gazteleraz esaten duzuen moduan, el que calla otorga.
Pablo Iglesiasi gutun irekia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu