Andres Krakenberger.

Pablo Ibarren kalbarioa

2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Pablo Ibarren bizitza ez da lehengoa 1994ko uztailaren 14az geroztik. Egun hartan, duela 29 urte, istant batean aienatu zitzaizkion ilusio guztiak artean gazte zen mutil hari, gizon euskaldun baten eta emakume kubatar baten semea bera, aitaren urratsei jarraikiz euskal pilotaren munduan ibili nahi zuena. Amen batean aldatu zitzaion bizitza. Egun zorigaiztokoaz geroztik, AEBetako zesta-puntako frontoietan nabarmendu nahi zuen mutil hark ez daki zer den etxean lo egitea, etxekoen ondoan. Harrezkero, kartzela izan du etxe.

Pablo Ibarri hiru krimen egotzi zizkioten, eta horietako ezeinen errudun ez dela deklaratu izan du denboraldi luze honetan guztian. Ibarrek bertsio berari eutsi izan dio hiru hamarkada hauetan. Ez da zirkinik ere aldendu hasiera hartan adierazitakoetatik, eta aspertzeraino errepikatu du behin eta berriro berak ez zuela inolaz ere parte hartu egun batzuk lehenago Miramar hiriko txalet batean, Miamitik hurbil, gertatu ziren erailketetan. Urte hartako ekainaren 26an, Poliziak txaletaren jabea hilik aurkitu zuen han, Casimir Sucharski; bai eta beste bi emakume gazte ere, Marie Rogers eta Sharon Anderson. Bi gizonezko armatu indarrez sartuak ziren txaletera, eta bizia kendu zieten. Gertakizun haien sekuentzia, berriz, etxe hartako egongelan instalatutako segurtasun kamera batean grabatuta geratu zen.

Uztailaren 14a, ibartarrek sekula ahaztuko ez duten eguna. Egun hartan, zoritxarrez, okerreko abagunean eta tokian gertatu zen Pablo Ibar. Pablo «droga trafikoan» ibiltzen zen adiskide bati laguntzera joana zen, trafikatzaile kolonbiar batzuk bisitatu behar zituela-eta, antza, haiekin kontu batzuk kitatze aldera. Nahiz eta Pablok ez zuen inolako zerikusirik bere ezagun haren eta kolonbiar haien arteko tratuekin, ezusteko liskar batean nahastu zuten, Poliziak berak ere esku hartu behar izateraino. Gertakari hura ezin okerrago amaitu zen, bai Pablo eta bai laguna atxilotu egin baitzituzten. Bi-biak komisariara eraman zituzten, eta, polizia etxean zirela, ikerketa haren buru ziren agenteei antzekoak iruditu zitzaizkien Pabloren hazpegiak eta egun batzuk lehenago Miramarren gertatu ziren erailketen eraileetako batenak, zeinaren aurpegia ageri baita txaleteko egongelako kamerak grabaturiko bideoan, nahiz eta argi kontraste handikoa eta bereizmen oso txikikoa den.

Hantxe hasi zen Pabloren kalbarioa. Handik hilabetera, hiru homizidio haiengatik inputatu zituzten bai Ibar eta bai beste bat, Seth Penalver. Orduz geroztik, Pablo Ibar hiru alditan epaitu dute. Lehenbiziko auzi saioan —1997 eta 1998 bitartean egina—, epaimahaikideak ez ziren bat etorri, eta, ondorioz, prozesua baliogabetzat jo zuten. Berriro egin beharra zegoen.

Pablo Ibarren kontrako bigarren epaia 1999ko urtarrilaren 11n hasi zen. Epaimahaia hautatzeko fasean, Pablo Ibarri izendatua zioten ofiziozko abokatua, Kayo Morgan, atxilotu egin zuten, emazteari eraso egiteaz akusatuta, zeina, gainera, haurdun baitzegoen. Pablo Ibarrek mozio bat aurkeztu zuen, abokatu haren jarduna bertan behera uzteko eskatzeko, baina auzitegiak ukatu egin zion. Beste mozio bat ere aurkeztu zuen, epaiketa atzeratzea eskatzeko, eta hura onartu egin zuten. Hala, bereizi egin ziren epaiketako piezak, eta 2000ko apirilean ekin zioten berriro Ibarren epaiketari. Orduko hartan, Pablo bakarka epaitu zuten, eta, bi hilabeteren buruan, erruduntzat jo zuten. Fiskaltzak heriotza zigorra eskatu zuen, eta epaimahaiak babestu egin zuen eskaera —bederatzi kidek eman zuten heriotza zigorraren aldeko botoa—; gerora, Daniel Andrews epaileak berretsi egin zuen epaia.

AEBetako justiziaren erabakiak heriotzaren korridorera eraman zuen Pablo Ibar, eta hamasei urtean egon zen han. Ibarren kasuak berehalako oihartzuna izan zuen komunikabideetan. Espainiako gizarteak arbuioa azaldu zuen erabaki judizial hura zela-eta, eta haren kausa babesteko eta hari elkartasuna adierazteko mugimendu bat sortu zen: batetik, familiakoen mobilizazioari esker, oso ezagunak baitziren Jose Manuel Ibar Urtain boxeolari mitiko eta ospetsuaren senideak zirelako —Pabloren osaba zen—; eta, bestetik, Pablo Ibarren aldeko elkarteak egindako lanari esker. Instituzioak, klase politikoa, herritarrak... den-denak ibartarren alde jarri ziren.

Pabloren familiak, babes morala ez ezik, babes ekonomikoa ere jaso zuen, eta horrek berebiziko garrantzia izan zuen, modua eman baitzien prozesu judizial hark berekin zekartzan gastu handiei aurre egiteko. Pablo Ibarren aldeko elkarteak kudeatu zituen ekarpen eta laguntza guztiak, eta, haien bidez, defentsako abokatuek zera lortu zuten 2016an: Floridako Auzitegi Gorenak inolako eraginik gabe uztea heriotza zigorra, eta beste epaiketa bat eginarazteko agintzea. Sala haren iritziz, akusatuaren kontrako frogak «eskasak eta ahulak» ziren. Orduan, Floridako Auzitegi Gorenak gaitzetsi egin zuen defentsako letraduaren praxi txarra, zeinaren eraginez akusatua erruduntzat jo baitzuten epaiketa hartan; auzitegiak ondorioztatu zuen ez zegoela «froga fisikorik» Ibar egozten zaion erailketa hirukoitzarekin lotzeko. «Ez dugu konfiantzarik epaiketaren emaitzan», adierazi zuen Gorteak bere epaian.

Epaiketa berriro egin behar zen. Beste behin. Baina hirugarrenean ere ez zuten asmatu. Auzi saioa 2018 eta 2019 bitartean egin zen. Prozesua zuzendu zuen epaileak irregulartasun ugari egin ostean, eta fiskalak Ibarren kontra harrigarriro eta ezustean DNA proba bat aurkeztu eta gero —ordura arte sekula agertu gabea—, beste epaimahai batek erruduntzat jo zuen akusatua. Orduan, baina, heriotza zigorra bizi guztiko kartzela zigorrarekin ordezkatu zuten.

Pabloren defentsak haren ondoren jarri izan dituen errekurtsoek ez dute ekarri nahi bezalako emaitzarik. Aurten, Floridako Laugarren Barruti Judizialeko Apelazio Auzitegiak berretsi egin du epaia. Hala eta guztiz ere, ez ibartarrek eta ez Pabloren aldeko elkarteak ez dute amore eman beren ahaleginean, hots, Pablok epaiketa justu bat izan dezan, epaile erabat partzialen inolako esku sartzerik gabekoa eta frogak egoki balioetsiko dituena. Pablo ordezkatzen duen letraduak lanean dihardu hurrena aurkeztuko duen errekurtsoan; Floridako Auzitegi Gorenean aurkeztuko du, lehenengo hartan kondena baliorik gabe utzi eta berriro beste epaiketa bat eginarazteko agindu zuen organo beraren aurrean.

Elkartea, berriz, finantzaketa kolektibo bat zabaltzen dabil, hala nahi duenak bere ekarpena egin dezan aurrerantzean egokituko zaizkien gastuei aurre egin ahal izateko; horretarako aukera ematen dute beren webgunean (www.pabloibar.com) eta sare sozialetan.

Justiziak epaia eman bitartean, Pablo Ibar Juicio Justo elkarteak lanean segitzen du, bestelako ekinbide batzuk baliaturik babes eta baliabide ekonomikoak lortzeko asmoz. Elkarteak Bizum ildo bat sortu berri du, prozesu judizialaren gastuak ordaintzen laguntzeko donazioak egiteko modua errazte eta arintze aldera. Dohaintza emaileak bere banketxearen Bizum aplikazioa ireki behar du, eta dohaintza egin edo antzeko zerbait dioen fitxara jo. Hori hautatu eta gero, erabiltzaileak «Pablo Ibar» idatzi beharko du bilatzailean, eta Pablo Ibar Juicio Justo elkartea agertuko zaio lehenetsita; hori hautatu eta gero, banketxearen jarraibideak bete besterik ez du egin behar.

«Jada luzeegi dirauen» borroka honetan ez dute tokirik ez baikortasunak eta ez ezkortasunak. Soilik erabakitasunak. Eta horretan dihardugu, baina laguntza behar dugu, guzti-guztiona.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.