Pablo Ibarren borroka legala ez da amaitu. Istorio amaigabea dirudi. 2000. urtean, Floridako Broward Countyko Auzitegiak heriotza zigorra ezarri zion Ibarri, baina 2016an Floridako Auzitegi Gorenak esan zuen froga «gutxi» hartu zirela kontuan hori ebazteko, eta froga horiek «ahulak» zirela. Horregatik, auzitegi goren horrek ezeztatu egin zuen ordura arte auzitegietan gertatutako guztia, eta epaiketa berriz egiteko agindu zuen. Bi urte baino gehiago pasatu ziren epaiketa hori berriz egin arte. 2019aren hasieran, froga gutxi eta ahul horiexek kontuan hartuta, erruduntzat jo zuten berriz, baina orduan bizi osoko kartzela zigorra ezarri zioten.
Froga horiek, gehienez ere, zirkunstantzialak besterik ez dira: oso kalitate eskaseko bideo batean, Ibarren antz pixka bat duen aurpegi bat azaltzen da (horixe besterik ez genuen behar, antzik ez izatea!); ez dago Ibarren hatz marka digitalik egozten dioten hilketa hirukoitza egin zen tokian; lorategian aurkitutako kamiseta bat ere badago, baina 1994tik egindako azterketetan emaitza negatiboak eman ditu Ibarren DNAn. Justu epaiketa baino lehen, orban txiki-txiki bat azaldu zen kamiseta horretan, eta, DNAn espezializatutako aditu independenteek diotenez, orban horrek kontaminazio baten egitura du guztiz. Kontuz! Litekeena da kontaminazio hori ez izatea propio engainatzeko egina; izan ere, azken epaiketan frogatu zenez, froga guztien zainketa katea, kamiseta horrena barne, oso eskasa izan zen, eta baliteke kamiseta hori Ibarri kendutako arroparekin batera gorde izana azterketak egiteko.
Horretaz guztiaz gain, fiskaltzak zikin jokatu du, herio moduan —hau, Ibar heriotara eraman nahian—: adibidez, eragotzi egin zuen defentsak aukera izatea akusazioaren lekukorik garrantzitsuenetako batekin mintzatzeko. Gainera, epaileak erabaki eztabaidagarri batzuk hartu ditu epaimahaikideak hautatzean, denak fiskaltzaren alde beti. Eta beste hainbat irregulartasun ere izan dira. Hementxe bi adibide. Lehenik: epaileak, fiskaltzak eta defentsak akordio bat lortu zuten prozedurari buruz, baina fiskaltzak ez zuen errespetatu, eta kalte handia egin zion, nola ez, defentsari. Eta epaileari primeran iruditu zitzaion. Azken alegatuan, fiskaltzak gehiegikeriaz jokatu zuen, eta hiltzailetzat jo zuen Ibar, hatzarekin seinalatuz. Ameriketako Estatu Batuetako sisteman epaimahaiak erabakitzen du akusatua erruduna den edo ez, eta ez fiskaltzak, ezta epaileak ere. Epaileak ez zion inolako garrantzirik eman gertakari horri ere.
Ez da ahaztu behar epaileak fiskalaren lana egin zuela, bai 1994an eta bai 2018ko irailean, kasuaren ardura izan zuen fiskalarekin eskuz esku, eta, gainera, epailea beste fiskal batekin ezkonduta dagoela: hain zuzen, fiskal hori izan zen Floridako Estatuaren ordezkaria Ibarren kasuan, Floridako Auzitegi Gorenak haren heriotza zigorra bertan behera uztea eragin zuten apelazioetan. Bitxia da, baina auzitegi goren horrek epaiketa berriz egitea agindu zuenetik epaiketa hori hasi zen arte, bi urteko epean, Ibarren kasua epailez epaile ibili zen, patata bero baten moduan. Broward Countyko lau epailek izan zuten kasua esku artean, eta Bailey hari buruz ari gara izan zen lau horietan azkena; harrigarria bada ere, hark bakarrik aurkeztu zuen bere burua azken prestatze fase horretan kasuaren ardura hartzeko.
Hasieran, defentsak errefusatu egin zuen epailea, lehen aipatutako arrazoiengatik, eta hark ukatu egin zuen errekusazio hori. Floridako 4. Barruti Judizialeko Apelazioetako Auzitegian aurkeztu genuen orduan apelazioa, eta hark ere ukatu egin zigun errekusazioa. Eta auzitegi horretara joatea dagokigu orain.
Esan beharra dago Floridako Auzitegi Gorenak errieta egin ziola Bailey epaileari beste kasu batean izandako jarreragatik. Ibarren epaiketa bukatu eta gutxira izan zen hori. AEBetako presidentetzarako hauteskundeekin batera, Broward Countyn epaileak hautatu zitzuten. AEBetan, epaileak, fiskalak eta poliziaburuak hautatuak dira, ez funtzionarioak, eta horrek ondorio maltzurrak eragiten ditu. Baileyk hauteskundeak galdu zituen bere aurkariaren kontra, gutxigatik. Beste zenbaketa bat ere egin zen, baina galdu egin zuen.
Horregatik guztiagatik, eskerrak eman behar dizkiogu gizartearen zati handi bati, zuzenbide estatu batean hau guztia gertatzea onartezina dela pentsatzeagatik oraindik ere. Ezinbestekoa da Ibarren kasuaren inguruko mobilizazioa ez etetea.
Orain, Floridako 4. Barruti Judizialeko Apelazioetako Auzitegira joko dugu berriz, epaiketa bertan behera utz dezatela eta beste bat egin dadila eskatzeko. Galdetu izan didate ea zergatik ez ditugun gauzak dauden bezala uzten, orain ez baitute hiltzera zigortu. Erantzuna erraza da. Lehen hiltzera zigortuta zegoen, nahiz eta froga sendoak zeuden errugabea zela ebazteko; orain, bizi osoko kartzela zigorra dauka bizkar gainean. Ikuspuntu humano batetik begiratuta, batzuek uste dute oraingo zigorra lehengoa baino are okerragoa dela. Pablok ere pentsatu izan du hori noiz edo noiz. Beraz, ez da Ibarrengatik bakarrik, justiziagatik baizik, eta eskubide batzuk defendatzeagatik. Eta hori denon kontua da. Gogoan izan bizi garen mundu honetan tximeleta baten hegaldia munduaren beste aldean sumatu daitekeela.
(Erredakzioan itzulia)
Pablo Ibar: borroka legala ez da amaitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu