Otxandixoko jakintsua

2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Itzaldu da argia, hitza isildu da, hizkuntza goibeldu eta izakia abaildu da. Izarrek eta ilargiak isiotuko digute gaua eta eguzkiak eguna. Jaiotzak heriotza du zor baina bizitzak heriotzaren gainetik iraunen du. Bittor Kapanaga Otxandioar jakintsuak agur esan digu. Aspaldian zebilen gorputza makal baina beti ere burua argi. «Teilak zahar baina itoginik ez» esaten zidan. Euskerak asko dio zor, eta euskaltzaleok ere asko diogu zor berari.

Gaur umezurtz gaude euskaldunok, euskera eta euskal senaren kontuetan maisu eta erreferente izan dugulako Bittor. Euskeraren jenioa barru-barruan zeukan. Izatasuna, egintza eta getasuma adierazten dizkiguten erroak aztertu eta ikertu zizkigun zentzu guztietan eta ikuspegi zabalenean: «Itza, izena, izana, izakia, izitu, izadia, izarra, haitza, zugaitza, izkia, izotza, iguzkia, noiza… / Argi, arratz,, arrats, artizar, arge…/ Ur, elur, uri, uber, ugar, uhin…».

Bittorrek aspaldi galdu zuen bizipoza, nahiz eta esperantza, «ariman sartzen zaigun eta gelditu barik kantuan ari zaigun lumadun txoriaren antzekoa dugun». Asko esan eta azaldu zigun bere ahozko hitzetan Bittorrek, baina Sokrates filosofoaren antzera, idatzi ez zuen askorik egin, hala ere idatzitakoa ona eta sakona. Eskola ona utzi digu Basarteko unibertsitateko jakintsuak; halaxe esaten zion Xabier Kintana euskaltzainak. Oraintsu esan zidan X. Kintanak Kapanagaren sorkuntzak eta ikerkuntzak hitz garrantzitsuak eman zizkiola gure hizkuntzari.

Gogoan dugu, alfabetatze eta euskera berpizte eta modernizatze garaietan, «debelopamendu» hitza, barra-barra erabiltzen genuela, eta hara! gure Bittorrek esan zigun hitz baliogarria eta esanguratsua, «garapena», berari otu zitzaion modurik logikoenean garatuz. Bittor euskera kontuetan jantzia eta jakintsua genuen eta euskeraren logikotasunaz hitz egiten zigun beti ere. «Euskerari status ona eman behar diogu» esaten zigun. Euskerak, gure aurreko milaka mendeen bizitza eta pentsaera adierazteko baliorik handiena duela zioen.

Eta, zer da bizitzaren esanahia Bittor? Batetik, heriotzak zor digun izate sakratua baita. Bestetik, misterio handi bat, eta gure helburua eta jakin-mina, misterioak deskubritzen jardutea da. Nola? Garena eta duguna erabiliz. Garena, norberaren ezagupena izan, barruak arakatu eta modurik onenean adieraziz geu eta ingurua ere jantzi. Duguna, erabiltzeko gailuak geureak eginik, geuretzat hartuz, hedatuz eta besteei sentiaraziz. Eta gure baliorik handiena, altxor metarik gozoena, antzina bateko zientzia eta pentsaeraren grial santua, euskera dugu ezbairik gabe. Gauza asko eta asko dira oraindik ere deskubritu ez direnak, euskeraren balioaz eta erabileraz, bere sustarretara joanaz, desestali ditzakegunak. Misterioak erakartzen gaitu eta misterioaren bueltan ari gara euskerarekin.

Aspaldikoa da Bittorren Erro ete Gara liburu esanguratsua. Sustraietan, sakonean murgilduz eta arakatuz, bertatixek lore eta fruiturik gozoenak atera asmoz idatzi zuena. Lurrari lotua zegoen Otxan/Oihan handiko jakintsua. Lurrak ematen zion jakituria. Lurretik hartzen zuen bizitzeko arnasa. Berak mentatutako ehun bat sagar mota zeuzkan garai baten bere baratzean. Zuhaitzen jakituria eta nahia zeukan Bittorrek, kimu onak sortzeko eta fruitu onak hartzeko lurra lantzearen eta zuhaitza inaustearen eta zaintzearen grina zeukan bere baitan. Bittor, berez erneko arbola genuen. «Holako gizasemerik nekez jaioko!» Horixe baietz!. «Izatazun sakona zeukan Bittorrek eta arlo askotan izandako aitzindari edo bide-erakuslearena nabarmenduko nuke» dinost Jose Luis Lizundiak.

«Nik lurra hartu neban eta emoten itxi gura dot». Lurrak irentsiko du orain, eta geroan, bere ondorengook airean erabiliko dugu Bittorren jakituria eta gure baitan dugun jakin-mina. «Zenbat eta jakintsuago, lurrerago eta umilago», Aita Jose Migel Barandiarani amak emandako ikasgaia ez zuen inoiz ahaztuko Ataundarra hainbeste miresten zuen Bittorrek. Bittorren ustetan, lurrari lotuta dago gure hizkuntza, lurraren bizitasunari zehaztapena ematen dio euskerak. Ezbairik gabe, hizkuntzaren arauketan maisua zen. Eta bere iritzian lurra gu barik izango da, baina hitza gu barik ez da izango.

Arangio tristatu da gaur Bittor, baina aran goietan izango zaitugu geuri arnasa eman nahirik. Aran behe haietan sortu genuen hain entzutetsu bihurtu genuen Bagare kantua, gogoan duzu Bittor? Behe-suaren garretan, su horren beroaz eta pozaz. Zeure barren barrenetik sortutako hura, aireratu genuen esperantzazko kantua bihurtuz. Eta halaxe, herri baten nahia, herri baten gogoa, hitzez eta kantuz jarri eta aldarrikatu genuen.

Sua ez da itzali Bittor, alderantziz, sua inoiz baino biziago dugu. Euskal arimaren sua «Amaren Sua» garretan ari zaigu aintzinak eta geroak argitzeko gogotan. Garai baten, amak gobernatzen zuen etxea eta aitak hazienda zaintzen zuen, eta urte hauetan zeure esanetan, amaren suaz barik, aitaren indarraz ibili izan gara. Pako Aristik esango lukeen legez, «irabazi beharraren galerak». Bakotxa garena gara eta ni amaren semea naiz zioskun Bittorrek. Inteligentzia, pazientziaren ama zela adierazten zigun.

Zuk zeuk, hor goiko Arangio gaineko zeruetatik isuri egiguzu adorea eta kemena, haizeak eraman dagian zure nahia euskal herrietara, zure sua sartu dagigun euskal etxeetan. Guk bultza egingo dugu, sena biztuko dugu, eta geroak ere jakin izango du bazela behin gizon jakintsu bat, apala eta misteriotsua, misterioa bilatzen eta argitzen zebilena. Misterioari uko egiten dionak, bizitzari egiten dio uko.

Bibliako esaera misteriotsuak dinoan legez:

«Hasieran itza ba-zan,
eta itza Jainkoa zan,
harengan bizitza egoan
eta bizitza argia(iza) zan».


Zeuk oraintsu esana da Bittor: «Argituko da eta gauzak hoberantz joango dira Euskal Herrian». Badugu zeri ekin Bittor, Sokratesen ondorengoak eskola sortu zuten antzera, sortuko dira hemen ere, zeure teoriez, euskal sena munduratuko dutenak. Esperantza honi lotu behar gatzaizkio derrigorrez.

Aspaldi bateko pentsaeraren euskal senari lotua egon izan den arketipoa genuen Bittor. Garai bateko ezagupen handi baten kate maila jarraitu zuena. Euskeraren erraietan eta izatasunean murgildu zena eta hitzen esanahiak maisutasunez irakatsi zizkiguna. Itsu daudenak itzartuko ete dire Bittor?

Joan zaigu, baina beti ere hurrean izango dugu, zeren, berak bordatutako izara, guk haizetan astintzeko ereduak eman eta gure sua izetzeko hauspoa eta txingarrak utzi dizkigu joanean. Zeuk esandakoarekin oroituko zaitugu Bittor, «…Herri bat dugu osatzen eta gure zabarkeriz ez daigun utzi ondatzen…» Bagare Bittor, agur eta ohore.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.