Enba eta EHNE Gipuzkoako nekazari sindikatuek lurralde historikoko udal guztietan Mendiko abelzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa aurkeztu dute, euren hitzetan, «otsoaren babesa gehitzeko izenean mendiko abelzaintzaren aurkako ekimena ugaltzen ari direlako». Zarautzen eta Legazpin eztabaidatu dira mozioak, eta bietan alde atera da: EAJ-PNV alderdi politikoaren baiezko bozarekin, PSE eta Ahal Dugu alderdien ezezkoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Azken urteotan, otsoak Euskal Herrian (baina ez Gipuzkoan) izan duen presentzia abeltzainen eta ekologista zein natur kontserbazionisten arteko gatazka-iturri izan da. Araban eta Bizkaian ikusten dira noizbehinka otsoak, eta, horrelakoetan, administrazioak berak baimendu izan du haien kontrako ehiza. Otsoa Europa osoan hedatzen ari da, eta Iberiar penintsulan ere, joera hori hartuko luke, utziko balitzaio. Esan nahi da, Euskal Herria zeharkatuz, Pirinioen bi aldeetan dauden otso populazioak elkar daitezkeela, aspalditik isolatuta dagoen Iberiar penintsulako otsoari odol-berritzeko aukera emanez.
Otsoa harrapari handia da, animaliak beste ehiza ditzake abereak, eta horrek eragin zuzena du abeltzaintzan. Jarduera horri lotutako kultura guztiek, mitologiatik zein sinesmenetatik, eraiki dituzte otsoaren kontrako kondairak. Egun, ordea, ekologiari buruzko ezagutzak eskolatik jasotzen ditugunean, badakigu otsoaren presentzia gure ingurune naturalaren osasunaren adierazle litzatekeela. Horregatik sartu zen, besteak beste, 2020an Euskadiko Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan «Interes Bereziko» kategorian, eta halaxe, aurten, Trantsizio Ekologikoa eta Erronka Demografikorako Ministerioko Natura Ondarearen batzordeak, otsoa babes bereziko erregimenean dauden espezieen zerrendan sartzea erabaki du: EAEren ordezkaritzan, EAJ-PNVk emandako kontrako bozarekin. Galdera da: EAJk zergatik bozkatu du kontra, Euskadiko katalogoan babestea onartu ostean? Alderdi horren ordezkariek erantzun beharko lukete.
Gipuzkoako Enba eta EHNE sindikatuen mozioak dioenez, «mendia kudeatzen dugun abeltzainok, kezkatuta eta beldurtuta gaude otsoaren zabalkundearen aurrean [...] abelzaintza estentsiboarekin amaitu eta erabateko maneiu intentsibora joan beharko dugulako». Otsoen presentziak abeltzaintzan eragingo lukeela ezin ukatu, otsoa eta abeltzaintza bateragarri egiteko maneiu eta teknika jakinak behar baitira. Baina zergatik ez da posible Euskal Herrian, hainbat lekutan otsoarekin bateragarria den abeltzaintza-eredu estentsiboa? Zergatik ez baliatu eztabaida hau, kontsumitzaileak artzaintza-abeltzaintzara eta landa eremura hurbiltzeko?
Idatziarekin jarraituz, aipatzen da otso populazioak egonkortzeak ondorio larriak lituzkeela «bai ardi latxa bezalako arraza autoktonorako, babestu nahi diren mendiko larretokiak bezalako habitatentzat, eta, azkenik, gure gastronomia kulturalaren zutabetariko bat den Idiazabal gaztarentzat». «Otsoa ez dago arriskuan; tamalez, mendiko abeltzaintza bai», diote. Zentzu gabeko mezu demagogiko horiekin, artzaintzaren gainbehera otsoaren balizko presentziarekin uztartzeak aurpegia lotsaz gorritzea eragin beharko lieke sindikatu horietako ordezkariei.
Bukatzeko, badago buruan bueltaka dabilkidan galdera. Gipuzkoa izanda otsoaren presentzia urrutien duen herrialdea, zergatik ekimen hori herrialde honetan? Zergatik mozioa, sindikatu horiek udalak arbuiatu dituztenean beti, aldundiaren mesedetan? Hori guztia ez ote da Gipuzkoako udaletan eukalipto-landaketen kontra sartzen ari diren mozioei emandako erantzuna? Hala balitz, sindikatu horien instrumentalizazioa kezkatzekoa litzateke.
Otsoen kontrako udal mozioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu