Espainiako eskumak, EAJk botoa alde emanda eta EH Bildu abstenituta, lortu du otsoaren babesa jaisteko lege-prozesua abiaraztea. Ekimena, jakina, PP eta Voxena; aurkako botoa eman dutenak, PSOE, Ezkerra, Podemos, Sumar. Banaketa bitxia bezain esanguratsua jazo da Kongresuan. Otsoaren gaia mahai gainean dagoenean, agerian geratzen da zelako laburrak diren guztien ingurumen-asmoak, are gehiago, natura, gizakia eta zibilizazioa zelan ulertzen dituzten.
Natura osasuntsua nahi badugu, basa-bizitza, ekosistema osoa behar dugu, ez erdi-lorategia den mendia, harrapakariekin, ezinbestekoak direlako basapiztien talde orekatuak izateko, nahiz kopuruz, nahiz osasunez. Otsoa behar dugu gure mendietan, naturan, parke edo bazkategi huts nahiago ez baditugu.
Eta horra hor abeltzaintzaren erronka. Abereak natura prozesatua dira, natura latan sartua, guk kontsumitzeko, eta horregatik ez dute defentsarik. Abere horien arbasoek ondo zekiten bere burua defendatzen harrapakariengandik. Naturaren oreka. Gaur egun, ordea, abeltzaintza modernoan natura lataratu hori uzten dugu otsoaren muturraren aurrean, lata irekita, eta gonbita eskertzen du. Ondorioa argi dago: abeltzain gehienak otsoaren arerio.
Beste abeltzaintza mota bat behar da otsoarekiko bizikidetzan, bizimodu desberdin bat, lehengo abeltzaintzatik hurrago. Abeltzain askok, ostera, albait modernoen bizi nahi dute, hiritarren antzera, neke batzuk hartu barik, beharrezkotzat jotzen ez dituzten babeserako gastuak egin barik. Eta, noski, abeltzaintzari, krisi bizian dagoela, otsoa txarto datorkio, bigarren edo hirugarren mailako arazoa den arren, problema larria munduak daroan norabidea denez, hau da, otsoa eta abeltzaina, biak galtzera daroatzana. Otsoa bihurtu da gaitzen bekatari, nahiz eta frogatuta egon eraso asko txakurrek eragindakoak direla. Inoiz ez da gure errua.
Administrazioaren jokabidea ere asko aldatu behar da beste abeltzaintza mota bat izango bada, eta beste perspektiba bat duena, natura lorategi eta bazkategitik harantzago. Epe laburreko begirada du, denok bezala, herritarrok daukagun begirada bera. Administrazioa gure isla da neurri handi batean. Geuk elikatzeko ohiturak aldatu behar genituzke, okela gutxiago eta hobea, eta batez ere eten bako hazkundearen aurka. Larregi ote da desazkundea eskatzea? Baliteke, baina zibilizazioa nora doan ikusita, senperrenak ikusi beharko ditugu bizirik irauteko, ahalegin itzelak. Otsoaren aurreko jarrera dugu aldaketa horien termometroa.
Eten bako hazkundea da gure fedea. Zein da oinarrizko gaitza? Cainen ondoregoak gara, askazia hiltzaile eta arpilaketazale bateko umeak. Egun batean erabaki genuen lurra gurea zela, zuhaitzak, ibaiak, animaliak… eta jakina, baita beste gizakiak ere. Eta guztiak, zuhaitz, animalia eta gizakiak izan, ustiatzen hasi ginen. Handik aurrera lehiatzaileak hiltzen ibili gara, oztopoak gupida barik kentzen, gerrez edo zuzeneko suntsipen hutsez, OTANekin edo OTAN barik, Israelen edo Gorbeiako hegaletan. Hegelek esan zuen gerra dela historiaren emagina; gizakien artean ez ezik, naturari, otsoari egiten dioguna ere historiaren emagina da.
Mundua ikusteko modu hori aldatzean datza egin beharreko aldaketa, Kain gure arbasoari bizkarra emanda, otsoak eta geuk bizirik irauteko. PP eta Vox dira horren aurkako buruzagi, botoak batzearren edozertarako prest, tokian tokiko interes kaltegarrien babesle, aldatu nahi ez duten abeltzainen indarra, gure indarra, galmendiko bidean. Otsoak ardi larruz. Horiekin bat EAJ, betidanik, eta oraingoan, tamalez, baita EH Bildu ere.