Jarduera armatua behin betiko utziko zuela iragarri zuen ETAk 2011ko urriaren 20an argitaratutako komunikatu batean, eta komunikatu hartan bertan dei egin zien «Espainiako eta Frantziako gobernuei, 'zuzeneko elkarrizketa' baterako prozesu bati bide emateko, 'gatazkaren ondorioak' konpontze aldera».
Hiru urte luze pasatu dira, eta, oraindik ere, amaieraraino ibili gabe dago bakeranzko bide luze eta makurra; ordea, egindako lanaren ondorioz —buruenik, harako adierazpen hura ekartzeraino—, tirabirak eta indarkeriak bide eman diote politikagintzari. Garai bateko Herri Batasunak bere burua berrasmatu du, lehenik Sorturekin eta hurrengo Bildurekin, eta bake giro horretan hazi eta sendotu da lehen ezin irudikatuzkoa litzatekeen botere alternatiba gisa ere. Besteak beste, Donostiako Alkatetza eta Gipuzkoako Diputazioko Presidentetza eskuratu izanak argi erakusten du zenbateraino genuen arrazoi bestaldeko ertzetik adierazi genienok bide politiko eta demokratikoetatik jotzea zutela modurik onena beren alternatibak bideratu ahal izateko, indarkeriarik erabili gabe eta ETArik gabe.
Alegia, Bateragune haren egitasmo ausart eta hauslearen sustatzaileek, ETAri aurre egiteko kemena izan zutenek eta hari atzera eginarazi ziotenek ere arrazoi zutela beren azterketan. Tamalgarria da, ordea, oraindik ere kartzelan egotea emakume eta gizon haietako batzuk, Ezker Abertzaleari ETAk zekarkion lastatik behin betiko bereizarazteko egokiera eman zioten haiexek. Honako lerro hauen bidez, berriro ere exijitzen dut, sozialista gisa eta ezker espainoleko aspaldiko militante gisa, berehala kalera irten beharko luketela Arnaldo Otegik, Miren Zabaletak, Rafa Diez Usabiagak, Arkaitz Rodriguezek eta Sonia Jacintok, eta, are, aitortu egin beharko litzaiekeela bake prozesu honi ekiteko egin duten ahalegina, oraindik orain Auzitegi Nazionalak ere egin duen bezala.
Ezinago amorragarria da, eta itxuragabea, haien egoera ikustea, eta, aldi berean, zer-nola ageri diren egunkarietako argazkietan, Madrilgo kaleetan pasieran dabiltzala: besteak beste, Galindo torturatzailea, Lasa eta Zabalaren erailtzeaz erruduntzat jotakoa; eta Billy el Niño, Brigada Politiko Sozial ilun hartako kide ospetsua, zeinak frankismoaren kontrako dozenaka demokrata torturatu baitzituen amorru ankerrez —tartean, ni neu—.
Egunotan ere, baina, kolpe handiak hartu ditu hasitako bake prozesu horren kontrako geldikeriak. ETAren azkeneko komunikatuak ez zuen bete batzuek genuen itxaropena; nolanahi ere, eta astiroago irakurrita, bazekartzan elementu onuragarri eta berritzaileak ere, martxa mantsoaraziagatik; baina badakigu halakoxea dela haren estiloa, zorabiatu egiten baitu abiadurak.
Berehalakoa bezain zorigaiztokoa izan da PPren erantzuna. Alderdi juridikotik zein politikotik, ezinago ohiz kanpokoa da herriko tabernei buruzko sententziaren kutsu politiko eta probokatzailea. Aditzera eman du PPren kontrolpeko justizia zatia ez dela oraindik ere jabetu garai berri batean bizi garela; edo, are larriago, nolabaiteko asmoa zuela behin betiko bakebidean aurrera egitea eragozteko.
Zorionez, Ezker Abertzaleak zentzuz eta zuhurtziaz jokatu du. Argudiorik gabe laga du PP, zeina deseroso baitago bakezko jokaleku batean. Beharbada, nahiago zuketen erantzun erabatekoago bat, ondorio gisa Bildu legez kanpokotzat jo ahal izatea ekarriko lukeen bat, eta gainditutzat geneuzkan garaietara itzultzea, eta, hala, Ongizate Estatu hondatuari eginiko eraso etengabeei dagokienez dituzten lotsaizunak estaltzea.
Eta, orain, zer egin?
Ikusirik geldikeriazko aldi ezinago arriskutsuan dagoela oraintxe bake prozesua, beharrezkoa eta ezinbestekoa da hainbat neurri irudimentsu, ausart eta eskuzabal hartzea elkarrekin ertz bateko zein besteko jendeak. Oraintxe da garaia, berriro ere, komunikaziorako bide zeharkako berriak sustatzeko eta sendotzeko, eta, hala, PP estutu eta gaur egun dagoen geldikeriatik aterarazteko. Hainbat ekinbide jorratu behar dira, putzu arriskutsuki geldo horretako urak mugiarazteko. Oraindik oraingo inkesta baten arabera, berriro ere, euskal gazteen %26k —lehen, %8 ere izan ziren— adierazi dute indarkeria erabiliko luketela bidezkotzat jotzen dituzten kausak aldezteko. Inguruotan esan ohi denez: «Kontuz», arriskua, argi datu adierazgarri horrekin.
Hori ikusirik, bada: zergatik ez dokumentu bat egin eta sinatu, Alderdi Sozialistako eta Ezker Abertzaleko kideek berek, geldirik dagoen bake prozesu horri beste bultzada bat ematea exijitzeko? Dokumentu bat, enbido joko diona bai ETAri, berehala armak eman ditzan, eta bai PPri, berehalako neurriak har ditzan presoei buruz, Ezker Abertzalearen beraren hurbileko mugimenduen kontrako erasoaldiak amaitu beharraz, eta, are, Bateraguneren sustatzaile izan zirenak kaleratzeari dagokionez, hain zuzen, bosgarren urteurren beltz hau betetzen ari den honetan. Zergatik ez egin? Zergatik ez babestu, sozialista gisa, Otegi kartzelatu zutela bost urte beteko direla-eta hura kartzelatik ateratzearen alde egitekoak dituzten ekitaldiak? Zergatik ez parte hartu auzi horretan, modu erabatekoan eta argi eta garbi, PSOEko kideok?
Neurri arriskutsu bat da; batez ere, litekeena delako herrialdearen zati batek ez ulertzea, eta, bestalde, litekeena delako PPkoek hauteskundeetarako arma gisa erabiltzea ere. Baina garai erabakigarrietan, eta halakoa da honako hau, neurri ausartak hartu beharra dago. Gai horretan, behintzat, inguruabar historiko hauen mailan egonaraziko ahal diete PSOEko goi kargudunen artean dabiltzan haize berri horiek.
Beharbada, berriro ere, basamortuan aldarri egitea izango da, utopia antzu bat baliatzea, edo, are okerrago, armadurarik gabe aurre egitea inguratuta gauzkaten haize errotei. Baina zerbait egin beharra dago, orain eta hemen.
Ekin horretan aurkitzen naiz, eta aurkituko nauzue.
( Erredakzioan itzulia )
Otegi, Rajoy eta bake prozesua: kontuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu