Ostrukaren politika Herrizaingo Sailean

Fernando Bilbao, Pablo Fernandez eta Mirian Campos
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Gaur Iñigo Cabacas gazte bilbotarra hil zuteneko seigarren hilabetea betetzen da. Sei hilabete haren kasuaren ikerketaren inguruko aurrerapenik gabe, Iñigori heriotza eragin zion pilotakada nork bota zion argitu gabe, haren heriotzaren balizko erantzule politikoak aurpegia eman gabe... Hauteskunde kanpaina erdian egonda, ez da, seguru, unerik aproposena Ertzaintzaren agenteen kontra «ereduzko zigorrak» plazaratzeko, ez eta Herrizaingo Sailean dimisioak gauzatzeko. Aurretik ere ez dira eman... emango al dira geroago? Galdera erretorikoa, azkeneko hori. Hiztegiaren arabera, «erretorikoa: formulatzeko momentuan erantzuna dakizunekoa».

ELEAK-etik hainbatetan salatu behar izan dugu Aresen Sailak gidatutako poliziek eragiten zuten eskubide zibil eta politikoen kontrako eraso etengabea. Herri honetan hainbat eragile politiko eta sozial normalizaziorako bidean pausoak ematen saiatzen ari garen honetan, behin eta berriro presoen aldeko edozein adierazpenen atzetik ibili dira Mac Carthismoaren garairik hoberenetan bezala. Gure herrietako jaien eremuak bortxatu izan dituzte, behin eta berriro, presoen argazkien bila; salbuespenezko tribunala den Audientzia Nazionalera eraman dituzte hamaika pertsona, presoen eskubideen defentsan edozein ekimena aurrera eramateagatik.... eta beraien bortizkeria erabiltzeko mehatxupean bizitzen ohitu behar izan gara.

Joan den hilabetean urtebete bete zen Kukutza gaztetxea Ertzaintzak bortizki hustu zuenetik, haren ametsak borren eta piloten eraginez txikitu zituztenetik. Aresen poliziak babestu zuen, orduan, Azkuna jaunak espekulatzaileekin hitzartutako akordioa. Azkuna propietate pribatuaren defentsaren atzetik ezkutatu zen garai hartan, «ametsen fabrika» bukatzeko. Alkate jaunak ostrukarena egin zuen, berriro ere, Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan erantzukizun politikorik eskatzeko uko egin zuenean. Iñigoren familiak eta lagunek justizia eskatzen jarraitzen duten honetan, Azkunak beste alde batera begiratzen jarraitzen du.

Bestalde, urtarrilera atzeratu da joan den astean hamahiru ikasleren kontra egin behar zen epaiketa. Bolognako prozesua Leioakocampusean era baketsuan kritikatzeagatik izan dira auzipetuak. Horrekin loturik, ezin dugu aipatu gabe utzi campusak militarizatzeko ahaleginetan Aresek gidatzen zuen Herrizaingo Sailak jokatutako papera. Alde horretatik, gogora ekarri behar dugu, 2009an Iñaki Goirizelaia errektoreak eta Ares jaunak zuzentzen zuen Herrizaingo Sailak eginiko akordioa, zeinaren arabera unibertsitateko kamerek grabatutakoa eta Poliziaren sarbidea unibertsitatera Herrizaingo Sailak kontrolatzen zituztelarik. Unibertsitatea ikasleak zigortzeko jokalekua bihurtzea zen akordio horren asmoa, eta hortik etorri zaigu ikasleen kontrako epaiketa bidegabe hau.

Borobila izan da Ares jaunak antzeztutako lana. Herrizaingo Saileko bere kargua utzi eta berak gidatutako sailak egindako hamaika ekintza bidegabeengatik ez erantzukizun politikorik ez eta judizialik ere onartu gabe alde egin. Duela egun batzuk, Aresek Bilduko kargudunei «behingoz gobernu erantzukizunak» hartzeko eskatzen zienean irribarrea ateratzea lortzen zigun bere maila goreneko zinismoarekin. Berak, gobernuko ardurak albo batera utzi dituen honetan, eta bere trapu zikinak beste batek garbitzeko maniobra egin duen honetan!

Nora garamatza ibilbide honek guztiak? Euskal Herria aldatzen ari da. Jende askoren ahaleginari esker, gure kaleko giroa bestelakoa da. Horregatik, ez da onargarria eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoak baimentzen dituen makineria polizialari bere horretan eustea. Edozein gatazkaren erresoluzio fasean Justizia Transizionalaren barruan polizia ereduaren inguruko eztabaida mahai gaineratu beharra dago. Hori da, hain zuzen ere, ELEAK-etik proposatu nahi duguna, eztabaida soziala piztea zer motatako polizia eredua nahi eta behar dugun, horren inguruan. Iñigorena bezalako kasuak ez ditugulako berriro bizi nahi.

Euskal Herrian soluziobide demokratikoa gauzatzeko bakea eta normalizazio politikoak beharrezkoak dira. Eta jokaleku berri horrek gatazka elikatzen duten eta eskubideak bortxatzen dituen edozein egoera desagertzea eskatzen du.

Gure proposamena beti egongo da engaiamendu kolektibo batekin lotuta. Gatazkaren konponbiderako, gizabanakoaren konpromisoarekin soilik lortuko baitugu eskubide zibil eta politikoak babesteko herri harresia eraikitzea. Ostrukaren jarrera ez baita onargarria gure bizitza politiko eta sozialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.