Ama lurrik gabe, ahaztu ekonomia, ahaztu politika, ahaztu jendartea. Ama lurrik gabe, ahaztu berdintasuna, ahaztu independentzia, ahaztu askatasuna. Alabaina, homo sapiens-ok geure bizitokia arpilatzen jarraitzen dugu bizia arriskuan jartzeraino. Hala ondoriozta daiteke NBEk eta Munduko Bankuak finantzaturiko Milurtekoaren Ekosistemen Balorazioa irakurrita.
Katastrofismo deprimentea? Gure zibilizazioa bera da deprimentea: egungo psikiatria biltzarretan XXI. mendeko izurria deitzen zaio depresioari. Ez da harritzekoa, Lurra tratatzen duen basakeria bertsuaz milioika lagun erabiltzen baitu gure zibilizazioak. Etorkizunean, baliabideak agortu ahala, lehia eta zapalketa hedatu egingo dira, eta ongizatearen sokan gabiltzan ekilibristok gorriak ikusiko ditugu eliteak gotortzen diren bitartean.
Anestesiko bila gabiltza, bada, funanbulistok: erosketak, telebista, futbola, antidepresiboak, kaleko drogak edota Obama, Urkullu eta enparauen bikoizpentsamendu positiboak: Yes, we can! Lezio baliotsuak ikasita aterako gara atakatik. Teknologiak eta lehiak gizarte osora zabalduko dute ongizatea.
Gure suizidio kolektiboaren mina arinduko duen anestesiarik ez da asmatu, ordea. Hau, finean, arazo etikoa da, etika ekologikokoa, hain zuzen.
Gutako bakoitzak aspaldi mahai gainean daukan galdera ugariri zintzoki erantzun beharko lioke: Zer ardura dut nik Lurraren arpilaketan? Zer egingo dut botilak birziklatzeaz gain? Bizitza ona delakoaren alde zeri uko egiteko prest nago? Are gehiago, neure eragin kaltegarria murrizteaz gain, nola borrokatuko naiz planetaren eta bertako biztanle gehienon zapalketan ardurarik handiena dutenen aurka? Zer egingo dut Zubietako biztanleen osasuna txanpon baten truke saltzeko prest daudenen kontra? Non bilatuko dut borrokari norabidea emango dion oinarri ideologikoa? Etengabe haz gaitezkeelako falazia suizidan tematzen direnei aurre egiteko nahitaezkoa izango baita ekonomia eta politikaren zentroan bizia jartzen duten ideiez berrarmatzea.
Bazter dezagun ideologiak hil direlako klixe pozoitua. Menpean hartu gaituztenek badute ideologiarik; neoliberalismoa deitu edo kapitalismoa deitu, printzipio bera du: gutxi batzuek, edozer eta edonoren lepotik, ahalik eta aberastasunik handiena pilatzea. Harrapaketaren ogi-papurren truke, dogma suntsitzaile horren aurkako eduki ideologikoei uko egin diete ezkerreko alderdi nagusiek azken hamarkadetan. Horren froga garbia, egungo hauteskunde kanpainak.
Biziaren esplotazio globalari aurre egiteko material ideologikorik ez da falta, ordea. Aniztasuna ezaugarri nagusia duen fenomeno eraldatzaile bati buruz ari gara. Mendebaldeko Kurdistanen, esaterako, feminismo libertarioan eta ekologia sozialean oinarrituz, konfederalismo demokratikoa deritzon autonomia eredu partizipatiboa eraikitzen ari dira.
Gurean ekofeminismoak eta ekonomia feministak palanka iraultzaile ahaltsuak jarri dituzte mahai gainean. Jendartearen bazterretako oasi ideologikoetan ekologismoa, antidesarrollismoa eta desazkunde mugimendua ere ekarpen baliotsuak egiten ari dira. Izan ere, korronte horien guztien presioari esker, esparru konbentzionalagoetara ere hedatu dira eraldaketarako funtsezkoak diren hainbat ideia baliagarri. Milurtekoaren Ekosistemen Balorazioa ere mintzo da, adibidez, kontsumo moldeak aldatzeaz, hezkuntza zabaltzeaz edo ekosistemak ustiatzeko zerga handiagoak ezartzeaz.
Jakina, berrarmatze ideologikoaren puzzlean badago botereak sekula onetsiko ez duen giltzarri bat: edozein eraldaketa gauzatuko badugu, borroka kontzeptua bera ere berrindartu beharko dugu iraganeko lezioak gogoan. Ironia mingarri batean, erresistentziak isuritako odolak sistema biolento hau higatu baino gehiago, bermatu egin duela ikusi berri dugu herri honetan. Botereak demokrazia plantak egiten dituen bitartean, bederen, biolentziak ez dio borrokari onik ekarriko. Mundu berriak oinarri izango duen etikaren erakusgarri izango bada, geure borroka molde ez-biolentoak erabiliz garatu beharko dugu suizidio kolektiboan kolaboratzeko ukoan oinarrituta. Grebaren potentzial osoa gauzatzen berrikasi beharko dugu, esaterako. Ideiek bultzatuta zein egoerak behartuta, gero eta gehiago izango dira biziaren esplotazioarekin kolaboratzeari uko egitea euren bizimodua bera bihurtuko dutenak; porlana jaterik ez dagoela konbentzituta, asfaltoko jungla utzi eta ogibidea baserrian aurkituko dutenak, adibidez.
Horiek muturreko hitzak irudituko zaizkio baten bati. Muturreko egoera baterako hitz doiak dira, baina: ama lurrik gabe, guk geuk sorturiko pozoietan itotzeko askatasuna baino ez dugu izango.
Ostruka ala etika?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu