Klistenes (K.a. 570-K.a. 508) politikari atenastarrak Isagorasren gobernu oligarkikoaren aurka borrokatu ostean, Soloneko konstituzioa babestu eta sistema demokratikoa ezarri zuen. Hartu zituen erabakien artean egon zen ostrazismoa indarrean jartzea, haren ustez, demokrazia babesteko. Horrela, urtean behin, atenastarrak asanbladan elkartzen ziren, eta hiritik kanporatu behar zituztenei buruz bozkatzen. Norbait ostrazismora kondenatzeko hiritarren bi herenen botoak (6.000 bat boto) behar izaten ziren, eta desterruak 10 urte iraun zezakeen.
Atenaseko historian garrantzi handia izan zuten hainbat pertsonak sufritu zuten ostrazismoa. Horietariko bat Aristides politikaria izan zen. Atenasen alde egin zituen lanengatik, Justua izengoitia zuena.
Plutarkok kontatzen duenez, K.a. 484. urtean, atenastarren asanblada egin zuten, eta idazten ez zekien nekazari batek Aristideseri eskatu zion bere izena idazteko bozketarako erabiltzen ziren zeramika zatietan. Horrek galdetu zion ia zergatik nahi zuen bera hiritik kanporatzea, eta nekazariak erantzun zion aspertuta zegoelako mundu guztiari entzuten Aristides «justua» zela.
Biktimismoaren sorburuetariko bat ostrazismoa da. Izan ere, norbere burua biktimatzat duenak beste inork baino errazago jartzen ditu martxan hurkoa alboratzeko estrategiak. Errua besteena denez eta, gainera, arrazoia duenez beti, biktimistak besteekin edozer egiteko eskubidea duela pentsatzen du. Joseba Sarrionandiak Moroak gara behelaino artean? saiakeran ederki adierazi duen bezala, biktimismoa da «norbere burua biktimatzat hartze hori botere erreminta bihurtzeko jokabidea», besteei min emateko, jazartzeko edo ukatzeko. Sarrionandiak dioen legez (2010:411): «(…) biktimismoa ez da 'minaren kontrakoa', baizik 'minaren aldekoa'. Biktimismoa argumentu erretorikoa da, ad misericordiam, beste erasotzailetzat eta zitaltzat deskalifikatzeko, eta, gainera, ad baculum. Estrategia bat da, bestearen arrazoiak aintzat hartu beharrik ez izateko eta, gainera, beste hori ezartzailetzat zigortzeko. Hau da, bestea aintzat ez hartzeko eta 'mina' emateko estrategia da biktimismoarena.
Biktimistarentzat besteek dute beti errua, zer gertatu den aztertu beharrik gabe: errudunak seinalatu eta mendekua proposatzen du. Erruduna ez da konkretua izango, berehala jeneralizatuko da. Errudun txiki babesgabeak seinalatuko dira, gainera, mendekua errazteko».
Urteetako gatazka politikoaren ostean, Euskal Herriko herri ugaritan, bereziki txikienetan, harremanak nahiko gaiztotuta daude. Gatazka politikoak gatazka soziala ereeragin du, eta, ondorioz, leku askotan, herri bizitza, gizarte kohesioa edo biztanleriaren arteko harremanak ahulduta daude. Ostrazismoa eta biktimismoa oinarri, irainak eta haserreak pilatuz joan dira, eta gaur egun milaka dira elkarri agurra ere ukatzen dioten ezagun, auzotar edota ahaideak. Alde guztietan daude gatazka politikoak eragindako «Aristidesak» eta «errudun txiki babesgabeak».
Momentu berri bat bizi dugu; esperantzaz eta ilusioz beteriko unea. Baina zauriak behar bezala itxi eta modu orekatuan aurrera egin nahi badugu, lehen mailako harremanen baitan dauden hausturak konponduz hasi behar gara. Izan ere, herri txikia izanik, gizarte zibil sendoa eta eraginkorra behar dugu, etorkizuneko erronkei behar bezala erantzuteko.
Gauzak dauden bezala egonda, garrantzitsua iruditzen zait ostrazismoari, biktimismoari eta gure arteko harremanei buruzko gogoeta sakona egitea. Gehiago esango dut, alde guztietatik bultzatu den bazterkeriari buruzko herri katarsia behar dugu, gure arteko harremanak hobetzeko. Izan ere, besteek gutaz zerbait erratea baino beldurgarriagorik bada: hitzik ez erratea.
Nonbaitetik hasi behar denez, onuragarria eta osasungarria iruditzen zait oinarritik abiatzea, eta agurraren garrantzi sinbolikoa aldarrikatzea. Izan ere, agurrak jendea hurbiltzen du, harremanak sendotzen eta desberdina dena onartzeko bideak errazten. Agur! Ekarri lepo bete egur.
Ostrazismoa, biktimismoa eta agurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu