EHUko irakaslea

Ostiak

2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Osteguna, bazkalordua, Bilbotik Plentziara doan metroan mutil bat telefonoz hizketan ari da, euskaraz. Bere ondoan gizon zuri bat dago eserita, eta oso modu desatseginean begiratzen dio. Argi dago telefonoz ari den mutilaren atentzioa bilatzen ari dela. Mutila ez da telefonoz hitz egiten ari diren beste bidaiariak baino ozenago hitz egiten ari, baina gizonak nazka aurpegiz begiratzen dio. Mutila gizonaren jarreraz jabetu da eta bota dio: «Te molesta que hable en euskera?». Gizon zuriak ez dio erantzun baina nazka aurpegi berdinarekin edo gogorrago batekin egiten dio desafio. «Pues vete a España», bota dio mutilak, «y tranquilo, que ya te ayudo a llegar yo con un par de hostias». Telefonoaren beste aldean dagoen pertsonak pasatu egin dela esan omen dio mutilari: «Pasatu naizela? Ostiaka bera ari da, baina nola da posible Euskal Herrian euskaraz ezin egitea?».

Hizkuntza-bizikidetzaren mugak agerian uzten duen beste adibide bat gogoratu dut, Euskalduna jauregian gertatutakoa. Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen protagonista, Bilbon egindako Familia Enpresaren XXVI. Biltzarrean. Bere hitzaldia euskaraz hasi zuen, baina hitz gutxi batzuk baino ez zituen ahoskatu, eta jada entzuleen artean ezinegona nabari zen: eztulak, marmarrak, deseroso sentiarazteko moduko keinuak. Bazirudien euskara ez zela guztientzat onargarri. Une horretan, Urkulluk hitz egiteari utzi eta isiltasuna nagusitu zen. Tentsioa airean zegoen, eta, azkenean, publikoa ere isildu zen. Orduan, lehendakariak berriro hartu zuen hitza eta amaieraraino jarraitu zuen, bai gaztelaniaz, bai euskaraz, ohikoa zuen moduan.

Ez dut ulertzen nola sentitu daitekeen inor euskara entzuteagatik nazkatuta, eta harritu egiten nau sentimendu hori adierazteko erabiltzen duten itxuragabekeriak, areto batean keinu lotsagabeak eginez edo jarrera isil eta desatsegina erakutsiz, metroan dagoen gizonarena bezalakoa. Etsaitasun keinu horiek egitea, euskararen normalizazioari dagokionez, erabateko iparraren galeraren muga urratzea da, hizkuntza bizikidetzaren oinarriak zalantzan jarriz. Urkulluk ez zituen «Espainiara bidali ostiaka», baina «gaizki heziak» deitu zituen, metroko mutilaren mezu bera helarazi nahian: euskarak bere lekua du, eta errespetua oinarrizko baldintza da. 

Berez, hizkuntza-bizikidetzaz ari bagara, baldintza baino, abiapuntua izan beharko litzateke errespetua. Hizkuntza-bizikidetzak ez du esan nahi hizkuntza bat beste baten mesedetan baztertzea. Aitzitik, benetako elkarbizitza hizkuntza bakoitzari bere lekua aitortzean datza. Beraz, errespetua ez da gutxienekoa, baizik eta abiapuntua. XXI. mendean euskarak bere tokia izan behar duela aldarrikatzea, isiltzen edo pare bat ostiarekin mehatxatuz, negargarria da, baina gure errealitatearen egitatea. 

Hizkuntza hegemonikoak normaltasunaren izenean inposatzen dira. Broma bat dirudi Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udaletan euskara bakarrik erabiltzea ahalbidetzen duen legea baliogabetu izana, euskarari «lehentasunezko tratua» ematen diola uste duelako. Baina ez gara hain urrun joan behar. Azken urteotako EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenek administrazioen eta udalen hizkuntza-politikarako eskumenak zalantzan jarri dituzte, hainbat euskara eskakizun baliogabetuz. Esaterako, tokiko administrazioek ezingo dizkiete udal erakundeetarako zerbitzuak ematen dituzten azpikontratetako langileei funtzionarioen euskara eskakizunak ezarri. Barakaldoko kultur programak kudeatzeko langileen profilaren baldintzaz ari ziren.

Hizkuntzen arteko bizikidetza ez da neutraltasunean oinarritzen, baizik eta hizkuntza baten presentzia bermatzean. Hala ere, arlo horretan oztopo nabarmenak ageri dira. Lotsagarria da EITBko erredakzio kontseiluek salatu behar izana gaztelania hutsean izan dituztela lan harreman eta bilera guztiak EITBko arlo digitaleko zuzendari berriarekin, ez dakielako euskaraz. Gipuzkoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du 34 langile publikori euskararen ezagutza eskatzea, oinarrizko eskubideak urratzen dituela argudiatuta. Nafarroan, berriz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2019an emandako sententzia irmo baten ondorioz, baliogabetu egin da euskara meritu gisa aitortzea eremu mistoan eta ez-euskaldunean, neurri baztertzailea eta neurriz kanpokoa dela iritzita. Justizia, neutraltasunaren izenean, desoreka betikotzeko tresna bihurtu da.

Bilbo-Plentzia metroa erabiltzen dugun euskaldun askok euskarari ematen dizkiogun ostikadak baino gogorragoak dira gaur egungo Euskal Herrian euskara jasotzen ari den ostiak. Eta ez gara biktimismoaz ari; euskaldunak etengabe justifikatu behar izateaz ari gara. Baina zertan oinarritzen da hizkuntza bat desegokia dela esatea? Euskara bigarren mailan uzteko inertzia horiek erakusten dute oraindik ere zer-nolako lanak dauden egiteko benetako berdintasuna lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.