Emakumezkoen futboleko Munduko Kopako finala, 2023. Espainiako selekzioko jokalariak euren dominak jasotzen ari dira. Hilabete, urte luzez, egindako lanaren eta esfortzuaren emaitza da. Taldekideetako bati domina lepoan kokatu ondoren, Espainiako Futbol Federazioko presidenteak beso artean hartzen du, eta, jokalariaren kontsentsurik gabe, ezpainetan muxu ematen dio —«musutxo bat?»—.
Levante futbol taldea, 2023. Emakumezkoen taldeko kapitainak prentsaurreko bidez jakinarazten du, amatasuna dela-eta denboraldi batez taldeko dinamikatik kanpo geratuko dela. «Ez dugu beldurrik izan behar», dio jokalariak, ausart. Futbolzale batek, sare sozialetako txio bidez, klubaren «borondate ona» eta «ahalegina» goraipatzen ditu.
Rayo Vallecano taldea, 2021. Klubeko teknikari batzuen audioak agertzen dira (gizonezko teknikariak). Emakumezkoen taldeko jokalari bat erasotzeaz, hura bortxatzeaz, dihardute, «hobe adin nagusikoa bada, bestela iskanbila ederrean sartuko gara».
Emakumezkoen edozein futbol talde, edonoiz. Taldeko teknikariek erabakitzen dute, asteburuko partida prestatzeko, belar naturaleko zelaian entrenatu behar dutela jokalariek. Klubaren kirol instalazioetan belar naturaleko lau zelai badaude ere, ondoko herrian kokatutako bigarren mailako belar naturaleko zelaira eramaten dituzte neskak. Mutilen taldeak erabateko lehentasuna du klubeko kirol instalazioen erabileran.
Aipatutakoak Lehen Mailako emakume futbolariek egunerokoan jasaten duten desberdinkeriaren adibide gutxi batzuk baino ez dira, larritasun maila desberdinekoak. Baina nahikoa dira icebergaren tontorra ikusarazteko. Agerikoa den moduan, lehen mailako gizonezkoen taldeetan pentsaezinak dira halako gertaerak. Ez dute sekula halako egoerarik jasan.
Larunbatean Athleticeko gizonek Kopako finalean garaipena lortu zuten. Zaleek emozio osoz ikusi zuten partida, eta atzo une ederrak bizi izan ziren Bilbon. Berrogei urteren ostean, gabarra famatuak Nerbioi ibaia zeharkatu zuen berriro ere. Jokalariek merezitako ospakizuna izan zuten, eta poztekoa da.
Baina gizonezkoek lortutako garaipenarekiko errespetu osoz, eta ospakizunaren biharamuna izanda, uste dut zera esateko unea dela: atzokoa egun alaia izanda ere, batzuok zapore gazi-gozoa baino ezin genuen sentitu. Athleticeko emakumeak bost aldiz Ligako garaile izan dira (azken aldiz 2016an) eta beti ukatu zaie gabarran ospatzeko aukera. Antza, batzuen ustez, emakumeen garaipenek ez dute merezimendu berbera eta, beraz, klubaren sinbologiatik ere baztertzen dituzte. 2016an egindako sinadura bilketan hogei mila sinaduratik gora lortu baziren ere, ez zen nahikoa izan. Noski, Martxoaren 8an denak oso feministak dira. Eta guk sinistu.
Eztabaida publikoan ez dirudi honek inolako harrabotsik eragin duenik. Kasu askotan, ziurrenik, ez jakite hutsagatik (eta ulertzen dut, badago futbolean inolako interesik ez duenik). Baina ez da hori denen kasua. Alderdi politiko batek ere ez du ezer esan. Noski, nola esango dute zerbait hauteskunde-kanpaina tarteko dela. Hobe botorik ez galtzea halako gauzetan... Eta nik diot: futbolak akritiko bilakatzen al du jendea? Futbol talde madarikatuak sakrosantuak dira jendarte honetan? Futbolean denak balio du? Eta bereziki, zein mezu helarazi nahi diegu haur eta gazteei? Zertarako ematen zaizkie horrenbeste ikastaro eta hitzaldi genero berdintasunaren inguruan, gero, gabarra bezalako sinbolo bat esklusiboki gizonentzako bada?