Irakaslea

Ospakizuna edo aldarrikapena?

Ander Machain Blasco
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Gaurko egunak ekarri digu ekainaren 28a, eta niri, zintzoa izango banaiz, 2016an bota nituen hitzak zuzentzea tokatzen zait. LGTBIQ+ harrotasun eguna zen (gaurkoan bezala) eta Juantxo Quiroga EHGAMen (Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua) sortzaileetako batekin jarri ninduten irratian hizketan. Kontrastea argia zen: 2016an Quirogak 61 urte zituen, eta 23 urte zeramatzan Irungo jaietan harrotasunaren bandera jarri nahian; nik aldiz, orduan 23 urte zituen mukizu batek, sortu berria genuen Goierriko Zubiaren (Goierriko LGTBIQ+ elkarte bat) izenean, Goierriko herri gehienetan banderak jartzea lortu genuela nioen gure lehen «ekitaldi» gisara.

Juantxok 2016an uste zuen lortuko zuela bandera preziatu hori jartzea bi aste eskas lehenago Orlandoko (AEB) diskoteka gay batean gertatu zenaren harira: 49 hildako eta 53 zauritu utzi zituen sarraskia, ordura arte AEBetan hildako gehien utzi zituen bigarren tiroketarik latzena. Juantxo oker zebilen.

Gaurko egunez honakoa galdetzen zaigu LGTBIQ+ komunitatekooi edo honako eztabaida sortu ohi da komunitate barruan ere: «ospakizuna edo aldarrikapena?», «zer ari zara ospatzen?», «zer ari zara eskatzen edo zertaz kexatzen?». 2016ko egun horretan bioi galdera bera egin ziguten eta Quiroga jauna aldarrikapenaren aldekoa zen, eta ni, aldiz, akaso errealitatea ezagutzen ez duen ameslari baten tonuz, ospakizunaren aldekoa nintzen, gaztaroko ilusio begirada nirea!

2016ko kontuak oso urrutikoak ote? Bada, Quirogak elkarrizketa horretan Madril hirian LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako 52 eraso gertatu zirela zioen, 2023ko datuak begiratzen dituenak 127 izan zirela ikusiko du, beraz, ez al da zilegi gizarteari benetan aurrera al goazen galdetzea? Begirada zabalago bat hartuz eta Amnistia Internacional-en datuak aintzat hartuta, Nazio Batuen Erakundeko 62 herrialdek sexu bereko pertsonen arteko harremanak zigortzen dituztela ikusiko dugu, horietako askok kartzela zigorrekin, baina, zenbaitetan, baita zigortze publiko mingarri zein umiliagarriekin ere.

Berriz ere fokua gurera ekarrita, Naizen elkarteko sortzaileetako batek, kide berezi, sexologo eta haur trans baten aita den Aingeru Mayorrek idatzitako Tránsitos (2020) liburuan, haur trans-ak dauden familietako gertakariak kontatzen dira, eta horietako baten nolabaiteko itzulpenak honela dio: «(...) Aita, benetan maite banauzu, har ezazu labana hori eta akaba nazazu!». Zer sentituko ote zuen aita horrek lanera joan eta alaba bakarrik utzi zuen lehen aldian? (Liburuan bakarrik ez uzten saiatzen zirela badio ere, uneren batean geratuko zen...). Eta, garrantzitsuagoa dena, zer sentitu behar du haur batek ilusioz, jolasez, proiektu berriez, laguntxoez... beteta egon behar lukeen bizitzako etapa batean hori eskatzeko gehien maite duen pertsonetako bati? Imajinatze hutsarekin min hartzen dut.

Bestetik, Ipsos Gloval Advisor ikerketak 2023an LGTBIQ+ komunitatean 30 herrialdetan izan den egoera aztertu du: Espainia, LGTBIQ+ komunitatearen ikusgarritasunaren aldetik, bigarren lekuan dago, Brasilen atzetik eta Britania Handia, Zeelanda Berria, Kanada, Argentina... bezalakoen aurretik, besteak beste. Gainera, eta oraingo terminologia modernoak erabiltze aldera, boomerrak (1948-1964 bitartean jaioak) eta Z Belaunaldikoak (1994-2010 bitartean jaioak) alderatuz, ikusiko dugu bigarren belaunaldikoek beren burua LGTBIQ+ komunitatekotzat publikoki identifikatzen dutenen kopurua laukoiztu egin dela, siglen artean egon daitezkeen aldeak gorabehera.

Gauzak horrela, galdera birplanteatzea tokatzen zait: aurrera edo atzera goaz? Bada, nik uste aurrera goazela, baina aurrerapen guztiek dakartela erreakzio-mugimendu nazkagarri bat, ibil gaitezen kontuz horiekin, gorroto-diskurtsoekin... Gogora dezagun aurrerapausorik egon bada, zegokion (edo ez zegokion) «prezioa» ondo ordaindu ostean gertatu dela. Eman diezaizkiogun eskerrak Juantxo Quirogari, 2023an joan zitzaigun EHGAMeko kide garrantzitsu zen Mikel Martini eta beste mila eta bat gure aurreko militanteri, sor daitezela emakumezko erreferente oihartzundunak eta, Quirogaren aurrean bota nituen hitzak zuzenduz: gaur aldarrikapen eguna da: aske bizi, aske maite eta aske dibertitu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.