Oskorri, Agur

2015eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Ez da kasualitatea Natxo de Felipek eta haren bandak Arriaga antzokian agur esatea, noiz, eta azaroaren 22an, Santa Zeziliaren egunean. Duela 44 urte bezalaxe, Arriaga antzokia ikur arras bilbotarra dugu gaur egun ere, sorkuntza-lan askoren habia eta interpretazio ahaztezinen gordailua.

Lau hamarkada eta lau urte igaro dira, demokraziarik gabeko Bilbo erdaldun hartan Natxo eta haren lagunak euskara, euskal musika eta euskal kultura estetika berri batetik aldarrikatzen hasi zirela.

Hasierako bide malkartsuak indartu egin zituen taldekideen hariak, hauspoak, metalak eta eztarriak, eta, denboraren poderioz, ordura arteko euskalgintza indarberritzea lortu zuten euskara urbanoaren usain freskoaz, tradizioa, transgresioa eta hiztun arrunten hizkera pentagramara ekarriz.

Oskorriri esker ikasi ditugun poemen letrak, diskoen azal eta diseinuak, agertokian egoteko moduak eta kanten aurreko azalpen laburrak, osagai hauek guztiak intentzioz betetako keinuak izan dira, ondo pentsatutakoak, mezu baten barruko piezak, alegia.

Natxo de Felipek eta haren bandak profesionaltasun handiz jardun dute zuzeneko emanaldietan zein estudioko grabazioetan, herrikoitasuna eta seriotasuna ondo uztartzen direla frogatuz. Urteak joan eta urteak etorri, Oskorriren kanta asko himno bihurtu dira lehengo eta egungo euskaldunon eztarrietan, taldearen izena herriaren izanarekin behin betiko lotuz.

XX. mendeko euskalgintzaren bidean, Oskorri, XXI. mendeko etorkizuna seinalatu digun mugarri sendo eta giltzarrizkoa dugu. Duela lau hamarkada eta lau urte abiatutako jardun artistiko luze eta trinkoa duintasunez amaitzeko asmotan —eternitate amaigabea ez baitago taldearen hiztegian—, Oskorri Arriaga antzokiko oholtza gainera itzuliko da azaroaren 22an, igandez, musikarien zaindari Santa Zeziliaren egunarekin bat eginez.

Zorionez, euskalgintzaren bidea ez da eten, eta Oskorriren iluntzeak ekarriko digun gaualdiari aurre eginez, oskorri, oilarite eta egunsenti emankor ugari iritsiko zaizkigu, iristen hasiak zaizkigu dagoeneko, euskararen eta Euskal Herriaren mesedetan.

Eskerrik asko, Natxo eta konpainia, eta biba zuek!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.